"Glencree topaketan biktima ezberdinek ahalegin handia egin dute, bestearen errokonozimendua eta enpatia bilatuz"

Aitor Aspuru Saez 2013ko ots. 18a, 08:42

TXEMA URKIJO AZKARATE (Laudio, 1961) abokatua da baina ibilbide luzea egin du giza eskubideen arloan. Glencree ekimena sustatu zuen Eusko Jaurlaritzan dituen arduren artean, Terrorismoaren Biktimen Arretarako Zuzendaritzaren Koordinatzailea baita.

Noiz eta nola hasi zineten Glencree ekimena lantzen?

TXEMA URKIJO AZKARATE (Laudio, 1961) abokatua da baina ibilbide luzea egin du giza eskubideen arloan. Glencree ekimena sustatu zuen Eusko Jaurlaritzan dituen arduren artean, Terrorismoaren Biktimen Arretarako Zuzendaritzaren Koordinatzailea baita.

Noiz eta nola hasi zineten Glencree ekimena lantzen?

2006ko abenduan Belfasten egon ginen, Ipar Irlandako gatazkako biktimen errealitatea ezagutzen. Bidaia horretan Dublin inguruan dagoen Glencree Zentroa ezagutu genuen; bertan oso esperientzia interesgarriak eginak zituzten biktimak ezberdinen arteko topaketekin, bai eta preso eta “bizirauleen” arteko topaketekin ere, eurek esaten dieten moduan.

Horrek pentsarazi zigun lan egin behar zela bizikidetza-oinarri sendoak ezartzeko, indarkeria desagertzen zenerako. Gainera, gure erronka zen lortzea biktimen arloko gobernuaren politika instituzionala txertatzaileagoa izatea biktima guztiei dagokienez, eta horrek burura ekarri zigun terrorismo ezberdinen arteko topaketak egiteko aukera, ondoren gehiegikeria polizialen biktimak sartuz.


Zein zen proiektuaren helburua? Aurrera egin ahala helburu horiek aldatu ziren? 

Lehen esan dudan bezala, oinarrizko helburua izan zen indarkeria ezberdinetako biktimen artean bat etortzeak lortzeko aukera aztertzea, eta aldi berean esperientzia horretatik irakaspen baliagarriak atera ahal izatea Eusko Jaurlaritzako zuzendaritzatik garatu nahi genuen politikarako.

Esperientzia garatu bitartean, parte hartu zuen biktima-taldea modu autonomoan eratu zen, eta hortaz haiek ziren lanen bilakaerari buruzko erabakiak hartzen zituztenak, askatasun osoz. Terrorismoaren Biktimen Arretarako Zuzendaritzaren zeregina izan zen erabaki horien gauzapena ahalbidetzea; dena dela, aipatu beharra dago uneoro sintonia handia izan zela eurek erabakitakoa eta guk egokitzat jotzen genuenaren artean.

Eta egia da terrorismoaren biktimen arteko topaketekin hasi zen hura, hau da, legeak halakotzat jotzen dituen biktimen artean, azkenean topaketa zabalagoa izan zela herri honek azken hamarkadetan pairatu duen indarkeria politikoaren biktimen artean.


Ekimen honetan indarkeria-mota ezberdinetako biktimak batu dira, zein izan da haien erantzuna?

Balio handikoa, hauen moduko topaketetan aktiboki parte hartzeak ekar zezakeen sakrifizioagatik, eskatu egiten baitzitzaien kanporatzea min eta intentsitate handiko uneak, bestearen errekonozimendua eta enpatiaren zerbitzura jartzeko.

Beste alde batetik, biktimak hain jatorri ezberdinetakoak izanda, beharrezkoa zen Euskadin oso ohikoa izan ez den ikuspegi zabal bat, kontuan izanda azken urteotan bizi izan dugun polarizazio-testuingurua. Uste dut ezin izango diegula inoiz hori guztia behar bezala eskertu parte hartu duten pertsonei. Errekonozimendu itzela behar dute egindako ahaleginagatik, izandako borondateagatik eta duten kalitate humanoagatik.


Horren moduko topaketa bat egiten den lehenengo aldia da?

Aurretik esperientziaren bat egon da, izan dira biktima ezberdinen arteko topaketak, bai eta ETAko preso ohien eta biktima batzuen arteko topaketak ere, baina ez ekimen honek duen dimentsio, antolaketa, metodologia eta parte-hartzearekin. Izan ere, parte-hartzaileen taldeak iazko ekainean ateratako eta plazaratutako ondorioetan egiaztatu daiteke garatutako hausnarketaren heldutasun eta kalitate maila.

 

Zein balorazio egin du terrorismoaren biktimei babesa emateko Eusko Jaurlaritzaren taldeak? Zehazki, proiektu hau amaitutzat eman duzue ala jarraipena izango du?

Glencree esperientzian parte hartu duten biktimek euren erabakiak hartzen dituzten heinean, haiek adostu zuten beren lana amaitutzat ematea ondorioen aurkezpen publikoarekin; hala ere, agerikoa da bakoitza libre dela egokitzat jotzen dituen esparruetan lanean jarraitzeko eta, izan ere, haietako bakoitzak espiritu hori eramango du bere lana garatzen duen lekura.

Baina nire ustez hasitako bidea egokia eta zuzena da Euskadin hartu-emanak berreraikitzeko bidean aurrera egiteko, eta beraz esperientziak jarraipena izango du nola edo hala, baina beste pertsona batzuekin eta, agian, gaurko egunera egokituko duten ñabardura ezberdinekin.

 

Aiaraldera etorriz, ba al da eskualdeko biktimen erroldarik?

Ez dago errolda espezifikorik, baina identifikazio-maila handia dago azken hamarkadetan gertatu den jatorri politikoko indarkeriaren testuinguruan izan diren biktimizazio-kasuei dagokienez, Glencree esperientzian gehien eztabaidatutako gaiaren inguruan egon daitezkeen desadostasunetatik harago, biktima-kontzeptua bera hain zuzen ere.

Hau da, egin daiteke arazorik gabe gure eskualdeko biktimen errealitatera hurbilketa nabarmena.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide