BELEN CARBALHOk (Laudio, 1971) Bikarte Elkartean lan egiten du. Talde honen jarduera nagusia Errusiar Federazioan eta Bielorrusiako Errepublikatik adin gutxikoen denboraldi baterako harrera sustatzea da.
Zein da Bikartek egiten duen jarduera?
Gure proiektu nagusia EAEko etxeetan denboraldi baterako hartzea ume eta nerabeak da. Errusiar Federazioan eta Bielorrusian dauden eremu txiroetatik etortzen dira, umezurztegitik eta sendi desegituratuetatik. Azken helburua da behar den bezala zaintzea ume hauek garapen pertsonal aproposa izan dezaten.
Urtean zehar bi aldiz egiten dira kanpainak, ikasleen oporrekin batera. Udan egonaldiak bi hilabete eta erdi irauten du; ekainaren erdialdetik abuztuaren bukaerara arte. Neguan, aldiz, abenduaren erdialdian etortzen dira umeak eta urtarrilaren erdialdean joaten dira.Bestalde “Munduko Umeen Federazioa” elkartean parte hartzen dugu beste erkidegoko elkarteekin; elkarlanean aritzen gara.
Noiz eta zergatik sortu zen?
Eusko Jaurlaritzak gure elkartearen baliagarritasun publikoa aitortu zuen 2007an.1997an sortu zen Bikarte Haurtzaroaren esparruan lan egiteko, bereziki arriskuan dauden umeekin, katastrofe naturalak pairatu dituztenekin edo egoera kaltegarrian daudenekin. Gallartako familia batzuek sortu zuten Errusiar Federazioan ume askok sufritzen duten egoeraz jakitun eta haiek laguntzeko asmoarekin.
Pertsona hauen artean askok gogoratzen zuten guda garaian Errusiak hemengo ume asko jaso zituela. Ume ugari daude egoera kaltegarrian gaur egun eta mundua aldatu ezin badugu, behintzat ume baten bizitza aldatzeko aukera badugu. Horregatik duela 15 urte lan egiten dugu harrera proiektu honetan. Errusiar Federazioko 5 lurraldeekin lan egiten dugu; Murmansk, Nizhnevartovsk, Volgogrado, Bryansk eta Krasnoyarsk. Duela gutxi Bielorrusiako Errepublikarekin lanean hasi gara ere.
Nolako bizi baldintzak dituzte Errusian?
Oro har, bizi baldintzak oso gogorrak dira leku hauetan. Eguraldi latza egiten du, kutsadura handia dago eta bitarteko ekonomiko gutxi izateaz gain aukera gutxi dituzte haien egoera hobetzeko. Hau guztia dela eta, ume askoren patua da umezurztegitan bizitzea.
Zein da zuen helburua ?
Ahal den neurrian, gure asmoa ume hauek pairatzen dituzten ondorio negatiboak sahiestea da, eta alde fisiko zein psikikotik osatzea. Horretarako hemengo eguraldi aldaketa eta tokiko jendeak errazten dien azterketa eta zaintza medikuak, elikadura osasuntsua, maitasuna, arreta eta heziketa kultural eta soziala mesedegarria dela uste dugu. Eredu honek alor familiarrak emango dizkielaren itxaropena dugu, haiek etorkizunean aintzat hartu dezaten. Bestalde, alor pertsonal positiboa sustatzen saiatzen gara.
Orokorrean, umeak senide berdinen esku geratzen ahalengintzen gara, lotura familiarrak sortzeko. Azken finean, askorentzat, hau da ezagutzen duten familia bakarra. Eta noski, bere kultura aberastea da gure helburua ere.
Zer nolako oztopoak aurkitu dituzue?
Gure jarduera lan zaila da. Ordu asko behar dira kanpaina bakoitza egiteko. Hau guztiak, gainera, gastu ekonomiko handia suposatzen du. Kanpo finantzazioa oso mugatuta dago eta etengabe bilatzen dugu hemengo sendien zama ekonomikoa murriztearren.
Gure proiektuaren oinarriak Bikarteko bazkideak, harrerak egiten dituzten sendiek, norbanakoak, enpresak eta erakunde publikoak dira. Dena den, oztopo handiena da 2011ko lege aldaketa izan da. Horren arabera, estatuaren menpe dauden umeak eta urtetan zehar gure kanpainetan parte hartu duten haurrak ezin dira Errusiatik atera. Beraz, gure elkarlana mugatu dugu. Orain hartzen ditugun adin gutxikoak erradiazioak kaltetuta eta sendi txiroen baitan bizi direnak dira edo umezurztegi familiarretan hazten direnak.
Hori dela eta baldintza berdinetan hasi gara lanean Bielorrusiako Errepublikarekin. Espero dugu harremana sendotzea eta areagotzea.
Une honetan abian da kanpainaren bat Aiaraldean?
Ia hasieratik Laudioko jendea berehala animatu zen harrera proiektuan parte hartzen. Betidanik oso aktiboa izan da bere partaidetza eta kanpaina bakoitzean umeren bat hartzen da herrian. Gaur egun ume gehien hartzen dituen herria Amurrio da. 6 ume hartu dituzte eta badakigu udan 7 hartuko dituela. Kanpaina batzuetan harrerak egin dituzte Artziniegan eta Luiaondon. Jakin badakigu Aiaraldea zonalde solidarioa dela eta horregatik sendi gehiago erakarri nahi ditugu. Laguntzeko asmoa duten guztiengana heltzea gustatuko litzaiguke.
Une honetan, Artzieniegan ume bat dago, Amurrion zazpi eta Laudion sei. Amurrio eta Laudioko Udalen laguntza dugu eta baita Foru Aldundiko Ongizate Gizartearena ere.
Zeintzuk dira harreren alde onak?
Alde onen artean umeengan ematen den bilakaera aipatu nuke. Eta noski, ematen eta jasotzen duten maitasuna. Garrantzitsua da osasunaren aldetik duten hobekuntza; eguraldia, elikadura, zaintza eta arreta medikuari esker. Aldaketak autoestiman ere ematen dira, harremantzeko moduan... Ezberdina den gizarte batean moldatzean: maitatuak sentitzea eta harrera egiten dieten sendiek haien bizitzetan integratzea beste kide bat izango balira bezala pertsonal eta sozial esparruan garatzea errazten die. Bukatzeko, kultura eta leku berriak ezagutzen dituzte.
Eta txarrak?
Alde txarren artean, nola ez, agur esateak eragiten duen tristura dago. Kanpaina bukatzen denean ume hauek haien sorterrietara itzuli behar dira eta banaketek ez diete min egiten bakarrik adin gutxikoei, hemengo sendiek ere sufritzen dute.
Oso negatiboa izan da urte askotan zehar gure kanpainetan parte hartu duten umeek berriro ez ekartzea, lehen aipatu dudan aldaketa legala dela medio. Bestalde, kanpainek duten kostu ekonomikoak eragiten dute sendi askori umeak hartzea. Umeen, begiraleen eta itzultzailearen bidaiak eta egonaldiak ordaindu behar dira eta.