Aiaraldeko herri guztietan prestatu dituzte, Gabonak direla eta, egitarau bereziak. Kultur ekintza ugari antolatu dira eta nahiz eta guztiak aipatzea ezinezkoa den, batzuk nabarmentzea interesgarritzat jo dezakete herritarrek. Hurrengoak dira Olentzeroa heldu baino lehen egingo direnak.
Arakaldon abenduaren 22an 13:50ean autobusa hartuko dute Izenadubara joateko Olentzeroaren etxea ikustera, 14:45etik 17:00 arte Izenaduba parkean izango gara eta 18:00etan Olentzero jaitsiko da menditik bere astotxoa eta txistulariekin. Ondoren Olentzeroak banatuko ditu oparitxo bana umeen artean eta amaitutakoan azkaria egingo da. Baserritarrez janzteko gonbidapena luzatu du Udalak.
Okondon Itzalde abesbatzak kontzertuak egingo ditu abenduaren 21ean eta 22an, 19:00etan helduen etxean eta 19:30 San Bartolome Baselizan, hurrenez hurren.