Iraileko goiz batez

Erredakzioa 2012ko aza. 11a, 09:26

Naturayala blogak argitaratutako sarrera interesgarria:

 

Iraila lehor honetako goiz batez, Mario eta biok hurbildu gara Uzkiano aldera. Belaze horiak eta udazken hatsa airean. Sasiartean eulitxoriak, miruak airean haizearekin dantzan. Zelai zabal idortuak mugatzen dituzten hesietako akazia-estaketan, belatxingak zelatan, zain, isiltasunaren zaindari.

Naturayala blogak argitaratutako sarrera interesgarria:

 

Iraila lehor honetako goiz batez, Mario eta biok hurbildu gara Uzkiano aldera. Belaze horiak eta udazken hatsa airean. Sasiartean eulitxoriak, miruak airean haizearekin dantzan. Zelai zabal idortuak mugatzen dituzten hesietako akazia-estaketan, belatxingak zelatan, zain, isiltasunaren zaindari.

Eremu elkor hontan bazegok oasirik, eskerrik. Bigandiko putzuaren hezetasunaren babesean, bizitzaren kolore eta erritualak ageri dira oraindik: igelak, tximeletak, matxinsaltoak, eta nola ez, putzuetako zeruetako jabeak, txitxi-burruntzi eta sorgin-orratzak.

Alperrik saiatzen gara harri bitxi hegalari hauen irudiren bat harrapatzen gure kamarekin. Ezinezkoa, hain den azkarra eta aldakorra haien hegaldia. Tarteka, Anax imperator batek gure aurrean pausatzen da, airean geldirik, guri begira bezala, adarra jo nahian zalantzarik gabe. Tandem hegalariak ere ikusteko errazak dira. (argazkiak ateratzea beste kontua da) Txitxi-burruntzien ezteiak dira: emeak arrautzak jartzen ditu sabelaren muturra uretan sartuz, arrak lepotik heltzen dion bitartean. Ez da maitasun keinu bat. Arren arteko lehia gogorra da, emea libre egonez gero beste ar batek lapurtuko lioke aitatasuna.

Eskerrik han eta hemen bat edo beste pausaturik ikus daitekeela, sorgin-orratzak bereziki, lasaiagoak baitira. Gertuagotik mirets dezakegu bere diseinuaren dotorezia: liraintasuna super-harraparia bihurturik. Txitxi-burruntzi bat aurkitzen dugu ere belar batean geldirik. Bere hegoek distira koipetsu bat ageri dute: exubiatik, larba urtarraren azaletik atera berria den seinale.

 Hari begira nagoela, nire ondoan belar artean astinalditxo bat nabari dut. Hara! Bere arreba bat Araneus diadematus-ek egindako amaraunaren kontra jo du! Azkar batean, armiarma rappelatzen du eta odonatoaren gorpu luze jaioberria bere zetaz inguratzen du mugimendu oro galeraziz. Ondoren, bere kelizeroak txitxi-burruntziaren lepoan sartzen dira, ziztada pozoitsuz. Sarean eroritako gaixoaren astinaldiek armiarma uxatzen dute, baina laster izango da bueltan beste musu hilkor batez laztantzeko. 

Zeruetako erregina izateko jaio zinen, gaixoa. Dotorea, azkarra eta indartsua zinen. Eta heldutasunera iritsi orduko, hor zaude Epeiraren harrapakina bihurturik…         

Hilabetea pasa da. Lerro hauek idazten nagoelarik, euri zaparradek lurraren  egarria asetzeko bidean daude. Aiarako zeruek bere tristura negarrez hustutzen ari direla dirudi. 

Agur Amaia eta eskerrik asko. 

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide