"Dirua jokoan sartzen ez denean agian musutruk lan egiten dugunon aukera helduko da"

Aitor Aspuru Saez 2012ko urr. 31a, 09:26

 LUIS VIL (Amurrio, 1970) zinemagile eta musikaria da. Laburmetrai sorta mordoa zuzendu ditu eta orain "La llave" filmea aurkeztu du. Laudion dagoeneko eman dute eta Amurrion berehala egongo da ikusgai. Bere ibilbidea eta bere filosofia azaldu ditu elkarrizketan.

 

Film ugari egin dituzu azkenaldi honetan eta beste bat aurkeztuko duzu berehala Amurrion. Zer izan da "La llave" egitera bultzatu zaituena?

 LUIS VIL (Amurrio, 1970) zinemagile eta musikaria da. Laburmetrai sorta zuzendu ditu eta orain "La llave" filmea aurkeztu du. Laudion dagoeneko eman dute eta Amurrion berehala ikusiko da. Bere ibilbidea eta bere filosofia azaldu du elkarrizketan.

 

Filme ugari egin dituzu azkenaldi honetan eta beste bat aurkeztuko duzu berehala Amurrion? Zer izan da "La llave" egitera bultzatu zaituena?

Genero hau landu gabe nuen. Eta sormena, zentzu batean behintzat, aldaketan eta esperimentazioan datza, beraz, nolabaiteko thriller sikologikoa egiten saiatu naiz. Harreman sentimentaletan gero eta eragin handiagoa dute sakelakoek, sare sozialek, eta abarrek. Hauek espioiak izango balira bezala erabiltzen dira jeloskortasunaren mesederako eta horrelako gauzak gertatzen direnean bikote harremanak kaltetzen dituzte.

 

Zure ibilbidea laburtuko diguzu?

22 urte nituenean hasi nintzen musikaren munduan; diskak grabatzen, kontzertuak egiten... Betidanik erakargarria iruditu zait irudiaren mundua, batik-bat zuzendaritzaren aldetik, eta horregatik nire bideoklipak grabatzen hasi nintzen.

Zinema presente egon da beti nire bizitzan, beraz, bideoklipen mundutik laburmetraien mundura pasatzea ekidiezina izan da denborarekin.

"El secretista" egin nuen lehendabizi eta gero "Flores de Papel", "Mujer invisible" eta "Paranoicos" egin nituen. Orain "La llave" estreinatu dut. Filmaketa bakoitza esperimentatzeko eta ikasteko aukera izango balitz bezala hartzen dut.

 

Zinema "amateur" egitea gogorragoa da krisialdi garaian edo errazagoa?

Nik uste dut krisiak ez duela kaltetzen zinema amateurra ez alde ekonomikoan ez teknikoan. Alderantziz, uste dut egoera honek laguntzen duela sorkuntzaren aldetik, bitarte gutxi daudenean gauza ezberdinak sortzen dira buruari gehiago eragin behar baitzaio

Agian zinema komertzialaren eta aurrekontu handien erorketak lagunduko du zinema amateurra kontuan izaten.

Gizarte honetan guztia diruaren bitartez neurtzen denez, dirua jokoan sartzen ez denean agian musutruk lan egiten dugunon aukera helduko da.

 

Aitorpenak lortu dituzu zure filmeei esker, zeintzuk izan dira, nola sentiarazi zaitu horrek?

Argi eta garbi mundu honetan sortzeko ilusioak erakarri ninduen, ondorioz ondo egindako lanaren aitorpena geratzen zait bakarrik. Eta horregatik sariak eragingarriak izaten dira aurrera jarraitzeko.

Noski, sari hauen alde garrantzitsuena ez da dirua, oso diru gutxi banatzen baitute, are gutxiago krisialdian. Batzuk ez dute dirurik ematen jadanik.

"Paranoicos" filmea finalista izan zen Gasteizen antolatzen den "Cortada"n, baita "No es largo todo lo que reluce" jaialdian eta Tolucako jaialdian. "Flores de papel" filmeak eman dit aitorpen handiena eta oraindik osasun mental zentro askotan ematen da harrera ona lortuz.

 

 Zein da "La llave" filmeak egingo duen ibilbidea?

Laudion aurkeztu zen urriarean 26an eta Kresala, Santurtzin, emango dute azaroaren 10ean. Amurrio Antzokian emango da hurrengo egunean eta oraindik zehaztu behar da Amaia Antzokiko data, Arrasaten.

Jaialdien aldetik nahiko mugatuta egongo da filme hau, 28 minutu irauten du eta ez da eredu oso komertziala laburmetraia izateko. Kasu gehienetan laburmetraien iraupena 25 edo 15 minutukoa da. Kasu gutxi batzuetan 30 minutuko muga jartzen dute. Beraz ibilbide txikia izango du.

Dena den honek ez nau gehiegi larritzen, youtube edo vimeo erabili ditzaket lana erakusteko. Nire azken helburua lana zabaltzea baita.

 

Zer nolako harrera izan zuen Laudion "La llave"?

Oso harrera ona izan zuen. Zubia zegoenez pentsatu nuen jende asko ez zela etorri behar, baina gela ia beterik egon zen eta teknikoki proiekzioa ona izan zen. Azkenengo kredituak ikusi arte zaila da jakitea zer nolako eragina izan duen filmeak publikoarengan.

Pozik nago erantzunarekin, harrigarria izan baita publikoaren erantzuna.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide