"Arazo garrantzitsuena kapitalismoa garaitu behar dugula da"

Aitor Aspuru Saez 2012ko urr. 18a, 15:49

TXARO SARASUA (Laudio, 1967) zinegotzi eta legebiltzarkidea izan da azkenengo legealdian. Igandean egingo diren hauteskundeen emaitzen arabera, litekeena da legebiltzarrean PSEren ordezkari izaten jarraitzea, Arabako zerrendan hirugarren postuan baitoa.

 

Nola jaso zenuen Patxi López eta Txarli Prietoren atzetik Arabako zerrendan hirugarren hautagaia izateko aukera?

TXARO SARASUA (Laudio, 1967) zinegotzi eta legebiltzarkide ardurak izan ditu azken legealdian. Berriro legebiltzakidea izateko aukera du hauteskunde hauetan eta sozialisten legealdiaren eta proiektuaren inguruko galderak erantzun ditu.

 

Nola jaso zenuen Patxi López eta Txarli Prietoren atzetik hirugarren hautagaia izango zinela hauteskunde hauetan Araba mailan?

Ezusteko handia izan zen. Seigarrena izan nintzen pasa den legealdiko hauteskundeetan eta Laudiokoa naiz. Orokorrean Gasteizko jendea hautatzen dute zerrendaren lehen postuetan. Asko pozten naiz hor egoteaz. Badakit gaitasuna eta merituak ditudala ardura horiek betetzeko, nahiz eta batzuk kontrakoa esaten duten arren. Nire lanak babesten nau zentzu horretan.

 

Ziurrenik epe motzean legebiltzakidea izango zara Gasteizen eta zinegotzia Laudion, bi lan horiek osagarriak dira?

Bai. Politikari bakoitzak postu bat izan behar du eta nik ez dut kobratzen Laudioko Udalaren partetik. Nire soldata Gasteizko Eusko Legebiltzarretik kobratzen dut eta soldata hori herritarrek ikusi nahi badute, publikoa da. Gainontzeko gastuak nire diruarekin ordaintzen ditut eta ez daukat inolako pribilegiorik, ez dut banketxe baten administrazio kontseiluan parte hartzen. Hori da politika defendatzeko nik daukadan jarrera.

Erosoa izango litzateke niretzat Gasteizen egotea bakarrik, baina nik bezalako pertsonek, politikan bere herria defendatzeko sartu zirenak, ezin dutela esparru hori baztertu. Are gehiago legebiltzarrean eskualdeko gai garrantzitsuak eztabaidatzen direla kontuan izaten badugu.

Ez dut nire herria alde batean utziko eta lan hori ondo bateratuko dut legebiltzarrean egiten dudanarekin. Duintasunez egingo dut eta noizbait gaueko ordu biak arte egon behar banaiz gaiak jorratzen eta aztertzen, egingo dut arazorik gabe.

 

Eskualdeari begira badago bereziki defendatu nahi duzun ekimena?

Aiaraldeko eskualdeari begira jarraitu behar da legealdi honetan landu den ildo bera. Ez bakarrik legelbitzarretan, Biltzar Nagusietan ere. Araba lurralde ondo sakabantuta da eta %80 Gasteiz da eta gainontzeko %20 herriak. Gure eskualdea garrantzitsua da eta osasun zerbitzuak, hezkuntza -Laudioko Udal Lanbide Heziketa Ikastetxea sare publikoan sartu behar da- eta turismoa bultzatu behar dugu. Amurrioko epaitegiaren jarraikortasunaren alde jardun behar gara ere eta orokorrean zerbitzu publikoak mantendu behar ditugu eta beharrezkoak direnetan aukerak zabaldu.

Guzti honen oinarria, noski, esparru publikoa izan behar da. Ekimen garrantzitsuak babestu daitezke -Arabako Txakolinarekin eta ekintzaileekin egiten ari den bezala Eusko Jaurlaritzatik-. Eskualdeak etorkizuna duela uste dut nik. Turismo aldetik aurreikuspen onak ditugu baina defendatu behar dugu nolabait. Oso baztertuta egon den eskualdea izan da eta azken hiru urteetan asko hobetu da. 

Bestalde, nire apostu pertsonala Laudioko Udal Hiltegia da. Uste dut babestu dezakegula jarduera handiago hedatu dezan. Horretarako beharrezkoak diren diru-laguntzak eskuratu behar dira Eusko Jaurlaritzaren eta Foru Aldundiaren partetik. Horri esker lanpostuak sortuko genituzke. Eta lehen sektorearen jarduera ekonomiko bultzatuko luke ere, nekazari eta artzainak ezin ditugu ahaztu.

 

Nola baloratuko zenituzke alderdi sozialistak Eusko Jaurlaritzan eman dituen azkenengo hiru urteak?

Ondo baloratzen ditut, noski. Aldaketa nabaria izan dela uste dut. Krisialdi garaia kudeatu dugu eta zaila izan da. Foru Alduendien laguntza ez dugu jaso eta hori oso garrantzitsua da, beraz, erreforma fiskala ezinbestekoa da. Euskadi oso aberatsa da bai herritarren bai azpiegituren aldetik, dudarik gabe. Ez dago beste autonomi elkargorik gurekin parekatu daitekeenik eta hau ez da hauteskunde propaganda, erreala baizik.

Baina krisiak kaltetzen gaitu eta diru sarreren aldetik arazoak ditugu. Zerbitzu publikoak mantentzea posible da, aurrera egitea posible da ere enpresa txikiak eta ertainak babestuz, adibidez, edo landa-eremuak babestuz, baina horretarako ezinbestekoak dira diru sarrerak. Horregatik beharrezkoa da politika fiskala. Zerga-iruzurra badago ere eta hori konpontzeko Foru Aldundien laguntza ezinbestekoa da.

Sozialisten legealdia ona izan da eta baloratu behar da guztientzat agindu dutela. Udal guztiek Eusko Jaurlaritzaren aldetik laguntza jaso dute. Proposamenen arabera batzuk gehiago edo gutxiago jaso dute baina guztiek jaso dute dirua. Eta hori garrantzitsua da. Hiru herrialde ezberdinek osatzen duten herri bat gara baina Araban herri txiki ugari daude eta ezin dute bere kolore politikoaren arabera laguntza itxaron.

Balorazio positiboa da nirea eta nire ustez Euskadin gobernu ezkertiar batek jarraitu behar du.

 

PSEren politiken oinarriak zeintzuk izango dira?

Larritasun handiena lana da. EAEn Espainian dagoen langabeen kopurua erdia da baina langabeziaren aurka borrokatu behar dugu. Eta horren barruan zuzendu behar dena gazteen egoera da. Lehendakariari esan diot hori konpondu behar dela, gazteria izango baita gure sostengua etorkizunean. 

Inbertitu behar dugu lan politiketan, enpresa txiki eta ertainei babesa emanez, baina beti gazteen politikei lehentasuna emanez. Hori da erronka garrantzitsuena etorkizunean eta baditugu idei batzuk. Gazteei lagundu behar diegu bere independentzia lortzen alokairu politika egokiekin, eredu europarra eredutzat hartuz. 

Osasun sistema eta hezkuntza sistema mantendu behar da ere, trebakuntza da aurrerapenaren oinarria eta. Eta noski, hezkuntza eta osasun sistemak publikoak izan behar dira. Pribatizazioaren aurka nago ni.

Politika sozialak ezin ditugu ahaztu ere. Badago jendea lan merkatuan ezin duena parte hartu, nolabaiteko dependentzia dutenek, hain zuzen ere. 

Kontsumoa sustatu behar da ere. Ekonomikoki haztea da helburua, hori lortzen badugu enplegua sortzea lortuko dugu.

 

Eta krisialdiaren inguruan zein da zure iritzia?

Arazo garrantzitsuena kapitalismoa garaitu behar dugula da. Finantza sistemek ez dute balio bere azken helburua lortzeko, kreditua eten da eta hori da ekintza ekonomikoaren oinarria. Ezinezkoa da etxebizitza erostea edo enpresa bat sortu kreditu iturririk ez badu. 

Krisialdia garaitu dezakegu enplegua sortzen. Eta ez hori bakarrik, behar dutenei eman behar zaie enplegua, horiek baitira enplegua sortuko dutenek. Ezin diegu eman betikoei, krisialdia eragin dutenei, jasotzen dugun dirua. 

 

Bakegintzan eta normalizazioan zein da PSEren politika?

Gure legealdian eredua izan gara zentzu honetan. Eskenatoki honetara heltzea bultzatu dugu eta horrela jarraitzea gustatuko litzaiguke. Normalizazioa eta bakea guztion lana da. Urratsak eman behar dira. Euskaldun guztiok pozik gaude egoera honekin eta bide honetan jarraituko dugu guztiok. Bakoitzak eman behar dituen pausuak emango ditu.

 

Zer nolako emaitzak espero dituzue?

Herritarrek erabakitzen dutena. Erabakitzen badute PSEk Eusko Jaurlaritzan jarraitzea ez dira damutuko. Beste aukera hautatu nahi badute... hori da hain zuzen ere demokrazia. 

Hori bai, jendea bozka ematera joan behar da, erabili dezakegun eskubide bakarra da. Gero manifestazioek eta protestek ez dute balio. Ikusi dezakegunez, Gobernuak erabateko gehiengoari esker gobernatzen badu, edo guztiok altxatzen gara eta matxinada soziala eragiten dugu edo bestela bozka da daukagun aukera bakarra zer proiektu mota nahi dugun adierazteko. 

Gero alderdi horri eskatu ahal diogu bere hitza betetzea. Hori ere garrantzitsua da, alderdiek agindutakoa betetzea.  

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide