Lehortea eskualdean

Erredakzioa 2012ko urr. 15a, 08:45

Naturayala blogak sarrera interesgarria argitaratu du Aiaraldeak jasaten duen ur eskasiaren inguruan:

Naturayala blogak sarrera interesgarria argitaratu du Aiaraldeak jasaten duen ur eskasiaren inguruan:

Gure eskualdean 40 l/m2-ko  besterik ez da erori pasa den udan. Euri eskasia honek, ohikoak baino altuagoak izan diren tenperaturekin batera, ekarri du uda hontan jasaten ari garen lehortea. Udan muturreko hozberoak pairatu ditugu egun jarraituetan, errekor historikoak gaindituz. Esate baterako, abuztuaren 10ean Gardeako estazio meteorologikoa 43.8ºC-etara iritsi zen, 44.3ºC-tara Saratxokoa eta 43.2 Orozkokoa.

Egunezko tope hauetaz gain, gau askotan ez gara 20ºC-tatik jeitsi, “gau tropikalak” deiturikoak. Duela gutxi, Europako Ingurugiro Agentziak mapa bat argitaratu du, muturreko hozbero (>35ºC) eta gau tropikalak (>20ºC) batera emateko probabilitatea urtero aurrikusiz mende honen amaierarako (2071-2100). Mapan ikus daitekenez, Aiaran probabilitatea urteko 6 eta 10 egun artekoa izango litzateke. Ebroko bailaran edo Iberiar penintsularen hegoaldeko erdian, 50 egunetik gorakoa izango litzateke.

Aiara Kantauriar bailaren baitan dago, itsasoaren eragina kostaldean baino ahulagoa delarik. Antizikloi egoeratan, udako ipar haizeko egunetan laino eta lanbroak sortzen dira, kostaldea berehala estaltzen dutenak, baina guregana ahulago eta eskuarki arratsean iristen direnak. Gorobeleko gainak, Ganekogorta edo Gorbea behelainopean izkutatzen dira, hezetasunak eta xirimiriak goi larreak berde eusten dituztelarik. Zuhaitz eta sasien hostoek hezetasuna harrapatu eta tanta-erorketa modukoa sortzen dute, “euri horizontala” izenekoa sortuz. Ikus daiteke horrela pagoen edo elorri zuri handien oinetan, nola belarra berde irauten duen, euri horizontalaren eraginari zuhaitzen adaburuen eragina gehitzen zaiolarik, itzala sortuz eta belarraren ebapotranspirazioa oztopatuz.

Uda honetan ordea, iparreko lainoek sorturiko eragin hau ohikoa den baino urriagoa izan da, eta ondorioz Gorobeleko larreak lehor daude. Abelburu gehienak, batez ere behiak, bailarara jeitsi behar izan dute bazkaren eskasiagatik. Ur eskasiak Gorobeleko goikopartean mugatzen du asko abereen egonaldia.

Aiarako bailaran, bitartean, lehortearen eraginak begibistan daude. Zelaien idorreriak paisaia horixka bihurtu du. Belarra idorregi eta zuhaitz nahiz sasiak hostoa galtzen, Salbadako pagoak bezalaxe. Aziendari bazka emateko, negurako gordeta zeuden belar erreserbak erabiltzen hasiak dira dagoneko baserritarrak duela aste batzuk.

Zuhaitz eta sasiak ohikoa den sasoia baino lehenago ari dira hostoak gorritu eta galtzen. Jasaten ari diren estres hidrikoaren aurkako egokitzapena hau ere, hostoetatik transpirazioz galtzen den ura ekiditeko. Fenomeno honen azalpen zabalagoa, Juanma Perez de Ana lagunak Sierra Salbadari dedikaturiko bere blog-ean eginiko sarrera batean aurki dezakezue, hala nola egin zaizkion iruzkinetan.

Ibai eta erreka askoren ubideak lehor daude eta ez bakarrik goi ibilguan.

Eta honekin batera, bailarako zelaietan tokiko belar inbaditzaileat agertzen hasi da, grama izenekoa (Paspalum generokoa), Amerikako lurralde tropikaletatik datorrena, Tenperatura altuak eta udako lehorteak ederki jasaten dituen espeziea da berau, eta arrazoi horregatik inguru mediterraneotan oso erabilia urbanizaziotan eta golf zelaietan belardiak sortzeko. Izango al du honek nolabaiteko eragina abereentzako bazkaren kalitatean? Espekulatzen has gintezke zelaien konposaketan eta kalitatean klima aldaketak ekarriko dituen ondorioei buruz…

Ur eskasiak alerta egoera sortu du populazioarekiko ur hornidurari dagokionez; Sopeñako zenbait herri dagoeneko zailtasunak dituzte gizakiak nahiz abereak hornitzeko; oraindik ura daraman ibaiaren eremu batean, emergentziazko ur jasotze bat prestatu behar izan da.

Egun hauetan badirudi hasi direla udazkeneko lehenengo prezipitazioak, aurten ongi etorri zabala eskeiniko diegu.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide