"Gizartean onartua izan behar da ekarpenak egin nahi dituen pertsona"

Aitor Aspuru Saez 2012ko urr. 15a, 14:16

ASHOK KUMAR TEWATIA DALALek (India, 1976) Laudion ikasi eta lan egiten du. Ongi Etorri alderdiaren zerrendan aurkeztu du bere burua datozen hauteskundeetarako. Erakunde berriaren proposamenak azaldu ditu.

 

Nola sortu zen Ongi Etorri?

Ongi Etorri alderdia behar baten ondorioz jaio da, parte hartzearen beharraren ondorioz hain zuzen ere. Badago herri honetan jende asko lan egiten eta kotizatzen duena eta erabakitzeko aukerarik ez duena. Ez dut esan nahi etorkin guztiek lan egiten dutenik, baina bai gehiengoa, eta gizartearen parte bat gara.

ASHOK KUMAR TEWATIA DALALek (India, 1976) Laudion ikasi eta lan egiten du. Ongi Etorri alderdiaren zerrendan aurkeztu du bere burua datozen hauteskundeetarako. Erakunde berriaren proposamenak azaldu ditu.

 

Nola sortu zen Ongi Etorri?

Ongi Etorri alderdia behar baten ondorioz jaio da, parte hartzearen beharraren ondorioz hain zuzen ere. Badago herri honetan jende asko lan egiten eta kotizatzen duena eta erabakitzeko aukerarik ez duena. Ez dut esan nahi etorkin guztiek lan egiten dutenik, baina bai gehiengoa, eta gizartearen parte bat gara.

Ingurukoak gara. Ez gara euskaldunak ezin garelako izan baina saiatzen gara euskaldunak bezala bizitzen. Hemengo jendearekin bizi gara eta iritzi berdinak ditugu askotan.

Horregatik parte hartzeko eskubidea nahi dugu, hauteskundeen edo ekimen publikoen parte izateko. Agian ez gara euskaldunak baina euskal gizartearen parte bat bai, behintzat. Horregatik sortu da Ongi Etorri alderdia.

SOS Arrazakeriako kide bat gurekin dago borrokan eta bat gatoz berarekin. Beste herrialde zehatz batzuetan jaio bazara, bi urte behar dira bakarrik nazionalitatea lortzeko. Gu Indiatik, Pakistanetik edo beste hainbeste herrialdeetan jaio garenok urte gehiago behar ditugu herritartasuna eskuratzeko. 5 edo 10 urte. Hego Ameriketatik etorri direnak bi urte behar dituzte nazionalitatea lortzeko.

Beraz, baztertuak gaude. Ez dago berdintasunik zentzu horretan.

Eta gutxienez, egoitza-baimena, lan kontrola eta kotizazioa duen pertsonak, bozkatzeko eskubidea izan beharko luke. Hori da nire iritzia behintzat.

 

Zeintzuk dira Ongi Etorriren proposamenak?

Lehenik eta behin, esandakoa, etorkinek bozkatzeko aukera izan behar dutela. Gero, ez gara baztertuak izan nahi. Euskal gizartearekin harremanetan egon nahi dugu.

Adibidez, orain, PPk nahi du etorkinek osasun zerbitzua ordaintzea. Hori bazterketa neurria da.

Horrelako egoerek sortarazi dute Ongi Etorri. SOS Arrazakeriaren laguntzarekin saiatzen ari gara zuhaitzak landatzen, etorkizunean haien azpian babesteko.

Hamar puntu jaso ditugu, baina parte hartzeko aldarrikapena da garrantzitsuena. Nik adibidez bozkatu dezaket, baina badago jende ugari eskubide hori ez duena.

Etorkizunean bozka asko eskuratuko ditugu. Jende gaztea dago hemen, kanpokoa dena, borrokatzen duena ikasteko eta lan egiteko. Bozkak izango dira etorkizunean eta berez, haiek dira etorkizuna. Nolabait motibatu behar ditugu.

 

Zer nolako harrera izan du alderdiak?

Hasiera batean oztopoak jarri zizkiguten alderdia sortzeko, baina lortu genuen aurten alderdi moduan onartzea.

 

Lehen aldiz parte hartuko duzue hauteskundeetan, zein da zuen planteamendua epe motzera eta epe luzera?

Zuhaitza landatu dugu momentuz. Urte hauetan hazi txiki bat izango da eta espero dugu denborarekin zuhaitza bilakatzea.

Bere eguna helduko da noizbait. Gaur 5 egongo gara, bihar 50...

 

Gizarteari mezu bat helarazi behar bazenioke, zein izango litzateke?

Berekoiak ez izateko deia luzatzen dut. Gauzak banatu behar dira, gutxienez ideiak. Gizartean onartua izan behar da ekarpenak egin nahi dituen pertsona. Aukera hori behar da gutxienez. 

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide