Altxorrak Gorobel mendikatean

Erredakzioa 2012ko abu. 6a, 09:11

Naturayala blogak idatzitako testua:

Naturayala blogak idatzitako testua:

Aurreko asteko asteburuan (uztailak 21 eta 22) master klaseko lagun batzuk “Mendiko Lagunak” mendi taldeak kudeatzen duen Goizale aterpetxean (Tologorri mendian) lo egin genuen, hurrengo egunean Gorobel mendikatean zehar bueltatxo bat emateko asmotan. Igande goizean, Eskutxiren altueran ginela, tximeleta zuri handi bat gure albotik pasa zen, hegaldi zuzen eta hobezinarekin. Apolo bat! Haren atzetik korrika hasi nintzen. Aldi berean Aitorri (argazki kamera zeukan lagunetako bat) deika hasi nintzaion nirekin etortzeko, gainerako kideen harridurazko begiradek gure gainean pausatzen ziren bitartean.

Parnassius apollo tamaina handiko tximeleta zuria da, 80mm-ko luzera izatera hel daitekeena. Aurreko hego pareak ozelo beltz batzuk azaltzen ditu eta atzeko hegoek bi ozelo gorri oso deigarriak. Dimorfismo sexuala erakusten du, emea arra baino handiago eta ilunagoa delarik. Heldua edo imago hauek ekainaren bukaeratik eta abuztu bitartean ikus ditzakegu gure mendi gailurretan hegan. Beldarra beltza da, orban laranjen lerro bana azaltzen dituelarik gorputzaren bi aldeetan. Negu osoa ematen du arrautzaren barnean eta udaberri hasieran arrautza zabaldu eta elikatzen hasteko ateratzen da. Larba honek Krasulazeoan familiako landareak jaten ditu, batez ere Sedum eta Sempervivum generokoak.    

Banaketa zabaleko espeziea da Sierra Nevadatik hasita Txinaraino heltzen delarik. Klima epel eta hotzeko mendikateetan bizi da, horietan banaketa disyuntua (ez jarraikia) azalduz. Populazioen arteko kontaktu eza dela eta, mendikate bakoitzean emandako eboluzioa desberdina izan da eta, beraz, subespezie asko deskribatu dira. Leku hauetako askotan populazioak erliktoak dira eta aldaketa klimatikoa dela eta galtzeko arriskua oso altua da. Mendikateen gailurretan bizi da, zuhaitz estaldurarik gabeko guneetan. Habitat egokiena goi mendietako larreak dira, non bertako arroketan larbak beharrezkoak dituen krasulazeoak hazten diren.
Tximeleta honen egoera ez da oso etorkizun handikoa. Europako zenbait herrialdetan desagertu da eta adibidez, bildumarien partez jasotako jazarpenaren ondorioz gertatutako populazioen murrizpena dela eta, babestu behar izan da. UICN-ren Munduko Zerrenda Gorrian zaurgarri moduan agertzen da. Horrez gain, Habitat Arteztarauaren IV. eranskinean eta Bernako Hitzarmenaren II. eranskinean barneratzen da, babes zorrotza behar duen espezie moduan.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide