"Amiantoak argi uzten du osagai berriek sortzen dituzten ondorioak"

Aitor Aspuru Saez 2012ko abu. 6a, 10:44

JOSÉ LUIS NAVARRO (Laudio, 1943) erretiratua dagoen arren, amiantoak eragiten dituen arazoak eta gaixotasunak salatzen ditu CCOO sindikatuan. Lan-gatazka honen inguruko aldarrikapen eta egoerari buruzko galdera batzuk erantzun ditu.

 

 

JOSÉ LUIS NAVARRO (Laudio, 1943) erretiratua dagoen arren, amiantoak eragiten dituen arazoak eta gaixotasunak salatzen ditu CCOO sindikatuan. Lan-gatazka honen inguruko aldarrikapen eta egoerari buruzko galdera batzuk erantzun ditu.

 

 

Noiz azalaratu zen amiantoaren arazoa?

Amiantoak eragiten zuen arazoa betidanik egon da hor. Bat-batean agertu dena amiantoak sortzen duen minbizia gaitza da. Gaixotasun hau materialarekin kontaktuan egon eta 30 edo 40 urtera  agertzen da. Agian hau gertatuko zela jakitekoa zen, baina informaziorik ez zegoen eta beraz, enpresek, teknikariek edo sindikatuek ez zekiten. Zentzu honetan da gaixotasuna berria, amiantoak eragiten dituen gainontzeko gaitzak ezagunak ziren.


Zeintzuk dira gaixotasun honen ondorioak?


Ni ez naiz medikuntzan aditua, baina pleura eta birika-arazoak batez ere. Ondorio larriena da besenterioaren kaltzetzea. Gaitz hau hilgarria da. Amiantoarekin bakarrik lotzen da gaixotasuna eta diagnostikatzen denean jadanik ez dago sendatzerik. 


Aiaraldean non eman da bereziki arazoa?

Berotzeko instalazio potenteak -labeak, berogailu industrialak...- egon diren leku guztietan amiantoa erabiltzen zen osagai isolatzaile moduan. Aceros de Llodio enpresan adibidez ez zen bakarrik isolatzaile bezala erabiltzen, erreduren aurka babesteko ere erabili zuten.
Kontraesan bat ematen du, baina amianto jantziak erabiltzen ziren segurtasun jantzi bezala. 80eko hamarkadara arte horrela izan da. Altzairuak proiektatzen zuen beroarekin ez erretzeko erabiltzen zen jantzi hau.
Epe luzera eragin zitzakeen kalteak ezezagunak ziren.

Noiz hasi zineten arazo honi aurre egiteko antolatzen?

Arazo honen lehenengo kasuak duela 8 edo 10 urte agertu ziren. Sindikatuak berehala hasi ziren kontzientzia handia hartzen, gauza berria zelako. Berez, larria da gertatutakoa baina adierazgarria da zer nolako eragina duten erabiltzen diren zenbait osagai industrial eta kimikoek, epe luzera eragiten dituzten ondorioak aztertu gabe. 
Amiantoak argi uzten du osagai berriek sortzen dituzten ondorioak. Egungo gizartean osagai eta produktu berriak prestatzen dira behin eta berriro. Itxuraz, osagai horiek ez dute eragin kaltegarririk, baina epe luzean ez dakigu hori horrela izango den.
Gauza berriena izan da amiantoaren ondorioak horren epe luzera agertu izana. Eta modu ukaezinean gainera, biopsia egiterakoan argi ikusten baita gaitza "advesto fibrak" eragiten duela. 

Eskualdean zenbat kasu eman dira?

Ezin dut kopuru zehatza esan. Baina nahikotxo dira, eta enpresa ezberdinetan gainera. Zenbait kasutan heriotzak eragin ditu, hiru edo lau enpresetan, eta neurri ezberdinetan kaltetuak izan diren pertsonak ugariak dira, hamabost baino gehiago.


Zeintzuk dira sindikatuen aldarrikapenak?

Eskatzen den lehenengo gauza da modu azkar eta eraginkorrean gaia konpontzea osasun administrazioaren aldetik, oztoporik gabe. Gaixotasunaren etiologia eta jatorria zein den argi egonik, ez dugu ulertzen jartzen diren oztopoak. Erakunde ofizialek eta epailetzak nahikoa eta baliabide dute gaiaren gaineko erabakiak hartzeko, eta hala ere enpresen taktikak jarraitzen dituzte arazoaren konponbidea luzatzeko. Azken finean enpresek bilatzen dutena da ahalik eta beranduen ordaintzea.


  
Lehenik eta behin, eskatzen dena da amiantoaren erabilerarekin bukatzea. Berez, 80eko harmakadatik dago debekatua, baina gaur egun, neurri txikiagoan bada ere, erabiltzen jarraitzen da. Administrazioek  erabilera debekatzen dute baina gero haien lan-orrietan osagai honen erabilera eskatzen dute segurtasun eta babeserako elementu bezala. 


 
Bestalde, gaixoen gaitz profesionala aitortzea eskatzen dugu ere. Eta noski, haiei edo bere sendiei behar bezalako kalte-ordaina ematea. 
Arazoak daude. Enpresa asko desagertu egin dira urte hauetan. Jarraikortasuna izan dutenen artean konponbidea erraza da. Baina desagertu edo jarraikortasunik izan ez duten enpresen kasuan nori eskatu behar zaio erantzunkizuna? Mutualitateei?


Sindikatuen aburuz, konponbide aproposena mutuen, estatuaren, gizarte segurantzaren eta enpresen artean diru-konpentsatzaile fondoa sortzea da. Fondo honen bitartez erantzunkizunik gabe geratuko diren kasu horietan kalte-ordain ekonomikoa ematea posible izango litzateke. Zentzuduna dirudi. Europako herrialde batzuetan horrelako mekanismoak hedatu dira eta momentu hauetan esan behar dugu Europa mailan dauden gauza onak ere izan behar ditugula, ez bakarrik txarrak, gertatzen ari den bezala.


Urteak eman dituzue borrokan, zein da zuen balorazioa?

Positiboa. Aitortza legalak lortu ditugu, nahiz eta prozedurak oso motelak diren. Aurrera pausuak ematen dira eta kontzientzia hedatzen ari da honen inguruan. 


Prozedurak motelak direla diozu; zenbat urte behar ditu mota honetako kasu batek?


Hiru edo lau urte. Duela bi aste  Forjas de Amorebieta enpresan lan egin zuen behargin bat hil da. Lau urte eman zituen borrokan aitortza legala lortzeko. Nekazaritzaren sektorean lan egin zuenez prozedura luzatu egin zen -ez dakit nik zer nolako harremana duen amiantoak nekazaritzarekin!- eta prozesu judiziala bukatu gabe hil da. 

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide