Guda Zibila Aiaraldean

Erredakzioa 2012ko uzt. 18a, 09:14

Aztarna elkarteak bere blogean argitaratutako testua:

Errepublikaren kontrako altxamendua 1936ko uztailaren 18an hasi zen. Kontuan izan behar dugu giro politiko oso nahasia zela. Altxamenduaren alde tradizionalistak eta karlistak irten ziren; Urduñan eta Laudion karlisten kopurua dezente handia zen, Amurrion, ordez, ezkerrekoak (sozialistak) eta abertzaleak nagusi ziren. Aiara udalean gerra hasi bezain laster batzuek – %20 izan daiteke-, etxetik alde egin zuten altxamenduaren alde egiteko.

Uztailaren 19a igandea zen, eta Amurrioko dantzaldian Baranbioko batzuk pistolaz agertu ziren eta dantzaldia gelditu egin zuten; Baranbiokoak gero Laudiora joan ziren eta han, Guardia Zibilak errepublikaren aldekoak zirenez, atxilotu egin zituzten.

Aiaran (Amurrioko Sektorea, Baranbioko Sektorea) lehenengo soldaduak milizianoak ziren, gehienak komunistak eta sozialistak, Bizkaiko meategietatik etorritakoak. Gero, hilabete batzuk beranduago, abertzaleak aurreko horiekin bat egin zuten. Aiaraldean borrokatu ziren egun bortitzenak abenduaren 6, 7 eta 8a eta 1937ko maiatzaren 26 eta 27a izan ziren, Berazako San Pedro gerra-tokian, gutxi gorabehera, 300 hildako izan ziren. Azkenean, frankistek gudaroste hobeagoa zeukatenez, eta Alemaniako eta Italiako hegazkinen laguntzari esker, ekainaren 18an Bilbora sartu ziren, eta Amurriora ekainaren 20an. Hemengo gudariek ez zeukaten formazio militarrik, eta esan daiteke gerra honetan atzealdean egon zirela. Egun batzuk beranduago Araba Batailoia, menperatuta izan ondoren, entregatu egin zen, eta Euzkadi Buru Batzarrak, gudarien egoeraz kezkatuta, frankistekin negoziatu behar izan zuen gudariek gutxieneko zigorra jaso zezaten.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide