Basaurbe eta Markijanako araztaileen proiektuak “lehentasunezkoak” eta “premiazkoak” direla adierazi dute
Aiaraldean araztaileak eraikitzearen aldeko mozio bat aurkeztu zuen herenegun Bilduk Arabako Batzar Nagusietan. Mozioa aho batez izan zen onartua, PSEk gaineratutako bosgarren puntu batekin.
Basaurbe (Laudio) eta Markijanako (Aiara) ura garbitzeko azpiegiturak “premiazkoak” bezala sailkatzen ditu mozioak, eta biak eraikitzeari ekitea eskatzen du. Izan ere, 2002an bi proiektu horiek zehaztu ziren Aiaraldeko ur-garbiketaren beharrari erantzun bat emateko asmoz. Baina obrak, mozioaren arabera, ez dira oraindik hasi. Hala, Batzar Nagusiek Arabako Foru Diputazioari obren tramitazioan laguntzea eskatzen diote, “lehen bai-lehen” hasi daitezen.
Hortaz gain, PSEk gaineratutako bosgarren puntuak Laudioko eta Aiarako udalekin elkarlanean aritzea eskatzen dio Diputazioari, obren tramitazioa azkartze aldera.
Argazkiaren azpialdean dago eskuragarri mozioa bere osotasunean.