"Gure ohitura batzuk pagano kutsukoak dira eta beste batzuk kristau garaikoak, sarritan nahastuta agertzen dira"

Aitor Aspuru Saez 2012ko eka. 28a, 11:03

JUAN MANUEL ETXEBARRIA AYESTA (Zeberio, 1948) irakaslea da, baina urteak eman ditu ikertzen eta liburuak idazten. Testu hauetan euskal ohitura ugari jaso ditu, batik-bat Gorbeialdean eman direnak. Orain dela gutxi San Joan ospatu denez, elkarrizketa honen bitartez jai honen esanahi historikoari buruz gauza asko azaldu dizkigu.

Zein da San Joan jaiaren jatorria?

San Joan bagilean, kristau aroko izena dugu baina, kristautasuna Euskal Herrira etorri baino lehenagotik ospatzen zen egun hau.

JUAN MANUEL ETXEBARRIA AYESTA (Zeberio, 1948) irakaslea da, baina urteak eman ditu liburuak idazten. Testu hauetan euskal ohitura ugari jaso ditu, batik-bat, Gorbeialdean eman direnak. Orain dela gutxi San Joan ospatu denez, jai honen esanahi historikoa azaldu du elkarrizketa honen bitartez.

 

Zein da San Joan jaiaren sorrera?

San Joan bagilean, kristau aroko izena dugu baina, kristautasuna Euskal Herrira etorri baino lehenagotik ospatzen zen egun hau.

Eguzkiari begiratuz gero, uda eta negua hasten diren egunak ezagunak ez eze, ospe handikoak izan dira historian zehar. Solstizio (latinetik, solis statio) izenez ezagutzen dira biak, udakoa zein negukoa.

Bagil edo ekainaren 21ean, urteko egun-argi luzeena eta gaurik laburrena daukagu. Egun horretatik aurrera, eguna laburtuz joango da abendu edo gabonilaren 21erarte.

Abenduaren 21ean, urteko egun-argirik laburrena eta gaurik luzeena daukagu. Egun horretaraz gero, eguna luzatzen joango da berriro bagil edo ekainaren 21erarteko bidean.

Ikusten denez, hauek egun bi hauek, oso esanguratsuak izan dira herri zaharrarentzat, gaur besteko aurrerakuntzak eduki ez arren.

Nahiz eta gertakari natural batean oinarrituta dagoen, esanahi erlijioso bati lotuta dago jai hau, ezta?

Urteak joan urteak etorri, gaur bi mila eta piku urte inguru, kristautasuna etorri zitzaigun mundura. Euskal Herrian be hartu genuen horren berri, alde batetik, Olentzeroren mito bidez eta bestetik elizaren irakatsietatik.

Kristautasunaren zabalkundean, elizeak, kristautasun ezaugarriz bete zituen aurreko sineskera-lekuak, eta ermita, komentu eta elizaz bete mendi, haran eta herri guztiak, txiki zein handi, bakoitzari bere eguna izendatuz ospakizunerako. Era horretara kristau estrato kulturala zabaldu zen kanpaiotsaren deibarruetan.

Elizeak, bazekian jakin be, herri zaharrarentzat garrantzitsuak zirena uda eta neguaren hasierako egunak. Horregaitik, eliz-ospakizun handienetariko bi, horiexetan egunotan ospatzea erabagi zuen.

Udaren hasieran, San Joan Bateatzailea ospatzen dugu eta neguaren hasieran, Jesukristoren jaiotza, hau da, Gabon eguna. Baina, ospakizun pagano edo kristau aurrekoagaz bat ez egiteko, 21ean barik, 24an ospatzen ditu elizeak egun nagusi biok.

Udako solstizioan suak garrantzi handia du.

Ospakizun biek daukate zerikusia eguzki-argiagaz eta egun biotan agertzen da argiaren ezaugarria, egunez, eguzkiarena eta gauez suarena.

Sua egiten da gau biotan, Gabonetakoa ia-ia galdurik daukagun arren, baserrietako sutondoak desagertzen joan diren neurrian. Gabonetan, supazterrean isiotuten zen Gabon-subil edo enborra eta Urtebarrietan, bere errautsak soloetan zabaldu uzta edo koxitza onak lortzeko, San Joan bezpera iluntzean ostera, San Joan sugarrak isiotuten dira gaur be Euskal Herri luze-zabalean.

Zer nolako kutsua utzi du ohitura honek euskal kulturan?

San Joan bezpera gaueko sugarretara heldu garenez gero, Euskal Herriko ohituren barruan, Gorbeia inguruko San Joanetako ohitura batzuk aipatuko ditugu euskaldunon izakera gogoratuz.

Jarraian aipatzen diren ohitura batzuk pagano kutsukoak dira eta beste batzuk kristau garaikoak. Sarri askotan nahastuta agertzen dira eta horren arrazoia hauxe litzateke: kultura bat beste baten gainean zabaltzen denean, joanean-joanean, berria nagusitzen joan arren, zaharra ez da guztiz galtzen eta askotan birloretu egiten da sustrai bila goazenean. Beraz, kultura-konfluentzia nabarmena da Euskal Herria bezalako herri zahar baina kultura aberatsekoetan.

1 -. San Joan Abestiak: San Joan bezperan, sugarrak egin baino lehen, gure baserritarrak, garia jo eta gero geratzen den galtzu-eskuta edo poila bana hartu, isiotu eta solorik solo ibilten jakuzan kanta bata edo beste hau kantetan:

" San Juan bagilean

denpora ederrean

artoak eta gariak gorde

subeak eta sapoak erre

San Juan bezpera gaube."

 

" San Juan, San Juan gaur dala,

biar dala Doniane,

etzi San Juan biaramune.

Gure soloan lapurrik ez,

badagoz bere, erre beitez.

Artoak eta gariak gorde,

siraunak, sapoak, subeak,

piztia guztiak erre".

2-.San Joan Aretxa: San Joan Aretxa ( haritza) dugu beste ohituretako bat. Haritza, lizar edo ereinotz landare edo erramatxo bat hartzen da eta gero, galburu, bedar on eta beste apaingarri batzuk ipini orduan, etxeko balkoi edo atean josi, etxea zaintzeko. Eskura edukiz gero, eguzkilorea be ipinten zen atean zaindari bezala. Gerora, San Joan Aretxari, arrankala bat egin eta zotz bat gurtzatuz kristau kutsua eman zaio. Geroagora, etxeetako ateetan Jesusen bihotza ipintzeko usadioa zabaldu zen, gaur egun gitxi ikusten badira be.

Zeberion kontetan da, ba, antzina, ezkontza errekadua egiteko be erabilten zela San Joan Aretxa. Mutilaren partekoek, neskearen etxeko balkoian ipinten zutela San Joanetan eta erantzuna baiezkoa bazen, neskearenak mutilarenean San Pedroetan, hau da, bost egun geroago.

Antzera egiten zen Kantabria alderantz, hagina deritzon zuhaitzaren hazidun errama-txortagaz be. Baina kasu honetan, mutilak txorta eroan eta neskeak haziak botaten zizkion. Hortik erderazko esaera: “ echar los tejos”.

3-.San Joan Landare Zaindariak: Gure herrian beti izan diogu bildurra inizitua edo tximistargiari. Horren erremedio-ohitura bat ere badaukagu gure herrian. San Juanetan ebagitako elorri zuria edo arantzea zein eguzkilore edo kardulorea, biak bedeinkatu eta etxeko ate edo soloetan ipinten ziren tximistorratz edo pararrayos moduan. Elorri zuriaren inguruan esaunda bat dago, hauxe: “ Amabirjinea eta Jesus egon ei ziren elorripean ekaitzagaz eta inizituak ez zien ezer txarrik egin ” . Zeanuriko Ipiñaburuko batek kontetan zuen lez, kirikinolatz disekatua ere ona ei zen inizituak kalterik egin ez egiteko

4-.San Joan Egunsentia: Gorbeia inguruan, beste mendi batzuetan era bai, jakina, San Joan bezperako gauerdiraz gero, Gorbeiako tontorrera igoteko ohitura dago San Juanetako eguzkiaren urtekera ikusteko.

Beste batzuen artean, Oiz mendia ikusten da Gorbeiatik eta Zeberion kontetan den lez, Oiz mendian San Joan goizeko lehenengo eguzki-argiak joten duen lekuan, urregorria ei dago eta han idarik be ez ei da ernetan.

5-.San Joan Iturriak: Ura beti izan da inportantea. San Joanetan, usadio handia zegoen iturrietara joan eta garbikuzialdi batzuk hartzeko. Alde batetik, garbitzeko baina bestetik, eta batez be egun honetan, osasuna lortzeko.

Iturrietara bakarrik ez, San Joanetan, goizeko inontzean, bedartzarik bedartza ibilten zen jentea, batzuk ortozik eta beste batzuk guztiz biluzik, inontza ona ei zelako osasunerako.

6-.San Joanetako Osasun-Bedarrak: Arratian entzuna denez, San Joanetako inontzean, era guztietako bedarrak batzen dira: sube-bedarrak, enplastu-bedarrak eta abar luze bat. Bakotxari paternoster bat errezetan zaio eta bedarrok kamara edo goitegi baten eskegiten dira, gero urtean zehar behar diren osasun-erremedioetarako.

Hurrengo urteko San Joanetan, horreitariko bedarren batzuk sobratu badira, horiekin isiotuten da bidekurtzeko sugar nagusia.

7-.San Joan Sugarrak: Baserrietan, San Joan aurretxuan, sasi, ota eta bedar txarrak ebagi egiten dira gero sugarretan erretako bazterrak garbi itxiaz. Bedar txarrak galtzeko bada beste fetxoria bat be. Biluztu, hartu bedar txar hori eta sugar artera bota, kontatu hori egiten da behintzat.

Sua, arrrisku gitxiko lekuan egiten da eta sarri askotan bidekurtze baten. Zegaitik? Ba, bidekurtzeetan sorginak agertuten zirelako sineskerea zegoelako. Errezoi berberagaitik, makina bat errespontso be errezatu da bidekurtzeetan, errogatiba edo eta hiletetan, andariekaz oiñez egiten zirenean.

8-. San Joan Sugar-Saltuak: San Joan sugarrak apur bat amatatuz doazenean, saltuak egiten dira ilenti eta txingar gainetatik. Zertarako? Alde batetik, gorputz eta arimaren osasunerako eta bestetik, bakoitzaren trebetasuna erakusteko auzokoen artean.

9-.San Joanen Bizarrak: San Joanetako sua ia guztiz amatatzen denean, Euskal Herriko leku batzuetan harri-losa bat ipinten zaio gainean eta esan inguruko umeei: " Bihar goizean lehenengo jagi eta harri-losa hau altzatuten duenak, San Joanen bizar zuriak ikusiko ditu”.

10-.San Joan Loak: San Juonetako loak luzeak ei dira. Egun horretako goizean, goizetik jagiten dena, urte osoan jagiko ei da tertzioz eta logura barik. Lo gitxiko edo lo txarreko umeak edo nagusiak be egoten dira. Kasu honetan, San Juan ospatzen den eliza batera eroan behar ei da eta lo luzea eskatu santuari.

11-.San Joan Berakatzak: Gabon egunean erein eta San Joan egunean ateratako berakatzak onak ei dira txakur amorratuaren gaitzaren kontra egiteko.

12-.San Joan Jaiak: Ete dago herririk San Joan jaia ospatzen ez denik?: Kristautasunaren aurretik zein ostetik, hemen jarraitzen dugu ospatzen gure ohitura zaharra. San Juanetan, herriko plazan, arbola handi bat iminten da zutik, inizituegandik-eta, libretako.

Esanahi berezia du San Joanek euskal kulturan?

San Joan eguna, euskaldunon egun bat baino ez da urteko beste askoren artean. Euskaldunon urtea euskal ohituraz beterik dago. Herri zaharra gara eta mendeak joan mendeak etorri, euskaldun egiten gaituen geure kultur-altxorra handitzen-handitzen joan gara eta horretan daragoiogu gaur egun be. Eta, euskaldun izaten jarrai dezagun, aikomen etorkizunari begira animo-aholkua kopla honen bidez:

Itsasoan handi ura

basoan ugari zura,

euskaldun izan, euskeraz bizi

zainduaz Euskal Kultura.



LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide