Gizon gogorrek ez dute dantzatzen/ Los tipos duros no bailan

Aitor Aspuru Saez 2012ko mar. 28a, 18:15

Norman Mailer Estatu Batuetako intelektual nahiko famatua da. Gizon honek idatzi dituen hainbat izenburu politika ardatz moduan hartzen dute, baina badauka ere dibertigarria eta kafrea den eleberri bat. Eleberri hori "Los tipos duros no bailan" da.

Norman Mailer Estatu Batuetako intelektual nahiko famatua da. Gizon honek idatzi dituen hainbat izenburu politika ardatz moduan hartzen dute, baina badauka ere dibertigarria eta kafrea den eleberri bat. Eleberri hori "Los tipos duros no bailan" da.

Droga, sexua eta desfase ugari agertzen da kutsu beltz duen liburu honetan. Hasierako orrialdeak epaitzen baditugu, hala ere, ez dirudi eleberri bereziki entretenigarria denik. Protagonista ohetik jaikitzen da pasarte hauetan, sekulako pixamonarekin. Bere etxetik paseatzen da eta gogoratzen du duela egun asko bere emazteak utzi zuela. Edatea eta drogak hartzea izan da aurkitu duen ihesbidea bere egoera pertsonalari aurre egiteko.

Eta noski, parranda bikaina bota zuen aurreko egunean eta, horren ostean ez ditu gauza gehiegi gogoratzen. Beraz, bere besoan tatuai bat ikusten duenean harrituta geratuko da. Harridura hori gero eta handiago izango da kotxean odol pilo bat aurkitzen duenean.

Dena den, tipo honek buruko min handia dauka eta nahiago du gehiegi ez pentsatzea. Horren ordez, mendira joango da bere marihuanaren bila. Ekaitz bortitz bat erortzen ari zen bitartean jaso zuen bere landaketa eta auskalo horregatik den edo ez, baina eragin oso indartsua dauka marihuana horrek. Hori dela eta "deabruaren belarra" deitzen dio pertsonaiak. Eta ondo ezkutatuta dauka bere belar maltzurra, zuhaitz batek daukan zuloan, hain zuzen ere.

Beraz, gizonak zuhaitz honetan sartuko du eskua eta bere marihuana poltsaren alboan zerbait gehiago aurkituko du. Poltsa ireki eta gero, ikusiko du zer daukan barruan: beste pertsona baten burua. Beldurtuta, han bertan utziko du poltsa eta ospa egingo du korrika eta presaka, erabat izututa.

Ordu batzuk pasa eta gero, bere burua lasaitzea lortuko du, eta pentsatzen hasiko da. Berak utzi zuen hor gorpua? Beste norbait izan zen? Guzti hori jakiteko, lehendabizi, aurreko gauan egindakoa gogoratu beharko du. Eta berak bakarrik ezin duenez, apurka-apurka puzzlea osatuko du jendearekin hitz egiten.

Baina tamalez edo zorionez, bere herrian, Cape Cod-en, ero eta putaseme asko bizi dira eta, egia esanda, bera ere ez da aingeru bat. Hagatik, besteen gezur eta bere oroipenen artean bidaiatu beharko du. Bidai honetan, bortizkeria, toxikomaniak, desleialtasunak eta erokeri ugari gertatuko dira, irakurlearen mesederako. Zentzu batean, liburu hau eleberri beltz bat dela esan dezakegu, baina umore iluna, droga eta sexu asko daude eta leialtasunik ez. Gustoko badituzue osagai hauek istorio batean, hau da irakurri behar duzuen hurrengo liburua.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide