Entzutegi Nazionalera joan behar diren 19 aiaraldearrek babes ikaragarria jaso zuten atzo. Deituta zegoen elkartasun ekimena hasteko, eguerdian argazki bat egin zen Laudioko Plazan. Berrehun herritar inguru hurbildu ziren hitzordu honetara bere babesa eskaintzeko. Gero, bazkari bat egin zen Aretan eta ehun pertsona baino gehiago parte hartu zuten.
Ekimen apal hauetan hainbeste jende agertzea aurrekari baikorra zen antolatzaileentzat. Eta iritzi hori erabat zuzena izan zen. Arratsaldeko 19:00etan Laudioko Plazatik abiatu zen manifestazioa oso jendetsua izan zen eta. Mila manifestari inguru elkartu ziren erdialdeko kaleak betetzeko. "Eskubide guztien alde epaiketa politikorik ez!" lemapean, txilibitoekin eta auziperatuen alde eta errepresioaren aurka ohiu egiten, eskualdeko eta baita kanpotik etorritako hainbat herritarrek bere haserrea agerian utzi zuten.