"Jendeak Urduñan orain dela 75 urte gertatu zena jakitea interesgarria dela uste dugu"

Aitor Aspuru Saez 2012ko urt. 26a, 08:00

LUISO LOPEZ (1960, Baranbio) urte asko eman ditu Aiaraldeko kultura sustatzen esparru ezberdinetan. Aztarna aldizkarian laguntzen eta idazten du. Nerbioigoieneko etnografia eta kultura zabalpenerako agerkari honen azken zenbakia duela gutxi atera dute.

Zenbat urte ditu Aztarnak?

LUIS LOPEZ (1960, Baranbio) urte asko eman ditu Aiaraldeko kultura sustatzen esparru ezberdinetan. Aztarna aldizkarian laguntzen eta idazten du. Nerbioigoieneko etnografia eta kultura zabalpenerako agerkari honen azken zenbakia duela gutxi atera dute.

Zenbat urte ditu Aztarnak?

Hamasei urte daramagu aldizkaria argitaratzen. Gaur egiten duguna hasiera batean egiten genuenarekin ez dauka zerikusi handirik, pobreagoak ziren aldizkariak lehen garai horretan. Gaur egun Aztarnak daukan formatua kalitate hobeagoa du, 56 orri guztira osatzen dute. Urte hauetan gorantza joan gara. Orain krisia dela eta, ez dakigu jarraituko dugun. Saiatuko gara, hori bai.

Foru Aldundiak, udalak eta sponsorrek ematen digute, normalean, aldizkaria ordaintzeko behar dugun dirua. Baina Arabako Aldundiak  bi urte darama dirua eman barik eta posible izango litzateke ixtea. Beti lortu dugu dirua ateratzea, orain arte, behintzat. Agian beste modu pobrean atera beharko dugu aurrerantzean, baina gure web atarian eskegitzen ditugu artikulu guztiak eta hori izan daiteke ere informazioa zabaltzeko beste era bat.

Zeintzuk dira zenbaki honetako edukin interesgarrienak, zure ustez?

Aldizkaria egiteko ez daukagu irizpide finko handirik. Dena den, kasu honetan, azalean jarri dugu "Prisioneros de Franco en Orduña" artikulua  zeren testuaren egileak  liburu bat idatzi du gai honen inguruan. Jendeak Urduñan orain dela 75 urte gertatu zena jakitea interesgarria dela uste dugu. Azken finean interesatzen zaigu garai horretan pasa zena zabaltzea. Beste artikuluak, askotan, heltzen diren moduan jartzen ditugu. 

Artikuluak irakurri ondoren, ziur nago irakurle batzuentzako garrantzitsuagoak izango direla argazkien atala, beste batzuk baserri atala izango dute gustokoena... Irakurlearen arabera artikulu batzuk interesgarriagoak izango dira besteak baino. Adibidez, orozkotar batek nahiago du seguraski Orozkoko nekazaritzari buruz hitz egiten duen artikulua, aintzinan Urduñan gertatu zena kontatzen duena baino, eta Urduñaren historiaren inguruan bi artikulu daude. 

Zein da zuen sekretua hainbeste irauteko?

Aldizkariarekin hasi ginenean, agian lar da txantxetan hasi ginela esatea, baina horrela hasi ginen proiektuarekin. Apurka-apurka joan gara eta Aztarnaren gauza garrantzitsuena oinarria da. 12 pertsonek edo osatzen dute taldea eta hori da oinarria. Talderik gabe, pertsona bat edo bi bakarrik, berehala erretzen dira. Proiektuak, nahiz eta txikia izan, talde bat behar du oinarri moduan.

Kolaboratzaileak ditugu bai Aiaraldean, bai Amurrio, bai Urduñan, bai Orozkon eta baten bat Laudion, nahiz eta herri honetan jende gutxiago eduki, eta talde horretan oinarritzen gara. Aldizkaria ateratzeko orduan, hiru hilabete lehenago, jendearengana jotzen dugu. Harri bat ibaira bota bagenu bezala, uhinak sortzen dira eta uhin horiekin egiten dugu aldizkaria. Dena idatzita dagoenean, saku batean sartzen dugu, nolabait esatearren, eta buelta batzuk ematen dizkiogu. Normalean artikulu bat edo bi dauzkagu errepostu moduan. Edukinik ez zaigu falta orain arte, hemendik aurrera gure arazo larriena diru aldetik etorriko da.

800 ale argitaratzen dituzue zenbaki bakoitzeko, asko dira. Ohiartzuna du zure aldizkariak?

Betidanik jakin dugu kultura ez dela futbola. 42 zenbakietatik, 20 agortuta daude, batzuk irtenbide ona daukate eta beste batzuk kili-kolo saltzen dira. Gauza arrarorik egin gabe, 600 ale saltzen ditugu, eta azoka batera edo bestera joaten animatzen bagara 800 nahiko errez saltzen ditugu. Gainera 20 saltoki ditugu Aiaraldean eta Amurrio eta Urduñan nahiko arrakasta dugu.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide