Telezailak

Erabiltzailearen aurpegia Mikel Ayllon Corral 2011ko abe. 7a, 11:27

Idazle askoren aburuz, nork bere hiztegia idaztea baino ariketa literario gustagarriagorik ez dago. Literaturarekin loturiko plazeren sailkapena egingo bagenu, hitz bakoitzari gure barrenetik ateratako esanahi bat ezartzearena denen buru egongo litzateke. Aliceren lagun Humpty Dumptyk badaki zerbait horretaz.

Idazle askoren aburuz, nork bere hiztegia idaztea baino ariketa literario gustagarriagorik ez dago. Literaturarekin loturiko plazeren sailkapena egingo bagenu, hitz bakoitzari gure barrenetik ateratako esanahi bat ezartzearena denen buru egongo litzateke. Aliceren lagun Humpty Dumptyk badaki zerbait horretaz.

Baina zein dugu zerrenda horren bigarren lekuan dagoen plazer literarioa? Bada, inolako zalantzarik gabe, irakurri ez duzun liburu baten inguruan hitz egitea (eta ahal bada, gaizki). Eta horixe da, hain zuzen ere, gaur hemen egingo duguna: irakurri ez dugun eta are aurrerantzean ere irakurriko ez dugun liburu bati buruz hitz egitea (eta egingo genuke gaizki, baina hemen kontua gomendioak ematea denez...). Horrela, bide batez, gainean daukagun Durangoko azokari ere gure omenalditxoa egingo diogu, han ere, liburuak erosi bai, baina erositakoen laurdenak ere ez baitu sekula irakurlearen begirik ikusten.

Harira. Telezailak. Nork esan zuen telebistak tontotu egiten duela? izeneko liburua hartuko dugu gaur hizpide. Tira, izan gaitezen zintzoak: liburu horrek hizpide duen gaia hartuko dugu guk hizpide, aldarrikapen txiki bat egiteko. Baina sikiera esan dezagun liburua Txalaparta argitaletxeak kaleratu berri duela, eta bertako editore Mikel Sotoren koordinaziopean, sei euskal idazlek fikziozko telesail anglosaxoiez hitz egiten dutela. Kito.

Telebista? Telesailak? Bada, bai. Gaur egun, istorioak kontatzeko orduan, telesailak dira jaun eta jabe. Zinemagintzak aspaldi utzi zion ganorazko ezer ganoraz kontatzeari (barkatuko ahal didate filmak gomendatzeaz arduratzen diren Aitor eta Txetxu lagunak!). Literaturak ere, nagiak jota dabilela ematen du, irakurleengan zirrara txikiena sortzeko ahaleginik egin gabe. Eta gainerako adierazpide artistikoek nahikoa dute museoak diren kartzela-zulo ilunetan bizirauteko eginahalarekin.

Gauzak horrela, telesailetan (anglosaxoietan eskuarki) aurkitzen ditugu egungo istorio eta pertsonaia interesgarrienak. Ahoa bete hortz uzten gaituzte astero Will Gardner abokatuak, Tyrion Lannister nanoak, Jackie Peyton erizainak, Nathan Young gazteak, Rick Grimes sherifak, Olivia Dunham FBIko ikerlariak, Sheldon Cooper fisikariak, Emma Swan Edurnezuriren alabak eta enparauek.

Zuek ere uste duzue telesailek leku bat merezi dutela Aiaraldean? Gure telebistetan, ordenagailuko pantailetan edo tabletetan ikusi ditzakegun telesailen gaineko gomendioak nahi dituzue? Bada, utzi itzazue iruzkinetan zuen aldarrikapenak. Aiaraldeko hauek ez dezatela pentsa lau zoro besterik ez garela!

Eta barka atrebentzia!

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide