Nolaz eta bi hilabete baigeneramatzan hire berririk gabe, / guk hire lagunok Hamburgora joatea erabaki genian; / Hamburgotik hartua baikenuen hire azkeneko gutuna, / Gotenstrasse bost laugarrena C Ezkerra Hamburgo-k / jartzen baitzuen hire gutunak erremitean, Henry Bengoa. / Eta hartu genian trena, eta nolaz eta euria ari baitzuen / guri zerbait hautsi zitzaigukean bihotzean, KRA!
Henry Bengoaren lagunak kezkatuta daude. Aspaldi bere berririk gabe, Hanburgora bidaiatzea erabaki dute, bertatik jaso baitzuten Henryren azken gutuna. Gotenstrasse kaleko bosgarren zenbakiko laugarren pisuko C ezkerra atea ireki dutenean ordea, bere lagunaren arrastorik ez dagoela ohartu dira. Etxearen jabeak Henryren gauzen inbentarioa egin eta alde egiteko eskatu die. Eta hasi da bidaia.
Istorio bat kontatzeko mila modu daude (99 bai behintzat Raymond Queneauren Estilo-ariketak liburuari erreparatzen badiogu). Bitxietan bitxienetariko batekin deskubrituko dugu Henryren patua. Etxean utzi dituen gauzek kontatuko digute zer gertatu zaion. Armairuetan gordetako arropa, mesanotxearen gainean utzitako pilulak, tabako-paketean zirriborratutako esaldiak, argazkien atzealdean idatzitako oharrak, disko zaharretako abestiak… bizitza baten inbentarioa.
Bernardo Atxaga Asteasun jaio zen 1951n, Josu Irazu izenarekin. Frantziar kutsuko abangoardismoa eta Hegoamerikako idazleei ikasitako errealismo magikoa izan ziren bere ibilbidearen hasierako ezaugarri nagusiak. Hortxe ditugu garai hartan utzi zizkigun lan eder eta handiak: Etiopia, Bi Anai, Obabakoak. Gero, sari ugari jaso zituen, liburuak idatzi zituen bata bestearen atzetik, eta herri honetan daukagun txikitasun konplexuak bultzatuta, heroi handi bihurtu genuen. Eta literaturarekin ahaztu ginen.
Horregatik maite ditugu bere hastapeneko lanak. Eta bereziki eskuartean daukagun Henry Bengoa Inventarium hau. Eszenatoki gainean zuzenean egin zen lehen literatur emanaldia izan zelako. Atxagarekin batera, Joxemari Iturralde eta Ruper Ordorika Pott bandako lagunak aritu zirelako (bai eta Alberto eta Nando de la Casa anaiak ere). Merkatari aberatsaren morroia ipuinak ahoan irribarre gazia jarriko dizulako. Scott kapitainaren azken anotazioek bihotza izoztuko dizutelako. Sarrionandia, Pessoa edo Kavafisen hitzekin topo egingo dugulako…
Henryren bila abiatzeko prest?