"Nik sekula sinetsiko ez zenituzketen gauzak ikusi ditut… ontziak nola atakatzen zituzten Orionetik haratago, C izpiak ikusi ditut iluntasunean dirdirka Tannhäuserreko atetik gertu… Une horiek guztiak denboran galduko dira malkoak euritan nola... Hiltzeko ordua da.” Hitzok enpatia neurtzeko Voigt-Kampff testa gainditu ezin omen duen Roy Batty androidearen ahotik entzungo zenituen, eskolako lanak egiteko liburuak irakurri baino, pelikulak ikustea nahiago zenuen horietakoa bazara. Alproja halakoa!
Royk, beste bost Nexus 6 androiderekin batera, gure planetatik kanpoko kolonietatik hanka egin du eta Lurrera etorri da. “Azkeneko Mundu Gerrak” eragin zuen euri eta hauts erradioaktiboak hartuta dago lurra, eta gutxi dira oraindik bertan bizi diren gizakiak. Horietako bat da Rick Deckard, androideak bilatu eta "erretiratzeaz" arduratzen den gizaki bakartia, bere ardi elektrikoa maite ez eta itxurak egiteko "benetako” ardia nahi duen gizon isila.
Erreala dena eta ez dena banatzen dituen marra mehea ezin meheagoa da zientzia-fikzioaren esparruan. Hargatik, hain zuzen ere, genero bikaina da filosofiak bogan mantentzen jakin izan ez dituen betiko galdera handiei intonazio berriak jartzeko. Zer gara? Zerk egiten gaitu berezi? Nobela hau oinarri duen Blade Runner pelikula gogoangarriaren manikeismo behartutik haratago, liburuan kontatzen zaigun distopia postmodernoak hausnarketagai ugariren atarian jarriko gaitu.
Philip K. Dick idazlea Chicagon jaio bazen ere, Kaliforniako Berkeley hiri entzutetsuan hazi eta hezi zen (Unibertsitatean baino gehiago kalean). Bere liburu gehienak anfetaminen eraginpean idatzi zituen, eta ia dirurik gabe eta paranoiak jota bizi izan zen bizitzako urte gehienetan. The man in the high castle ukroniak eman zion ospea eta nekez katalogatu daitekeen Ubik nobelan erakutsi zigun bere handitasuna. Baina laster, uste handiko literatur adituek zientzia-fikzioaren iluntasunera kondenatu zuten, kartzelara bidaltzen zaituen jujearen lasaitasun berdinarekin, zientzia-fikzioa eroen kontzentrazio-esparru bihurtu nahian.
Zuetako zein ausartu da zientzia-fikzioa frikien kontua dela esatera? Zu? Voigt-Kampff testa gainditu ez, eta androide bat izan zaitezen desio dizut!