El secreto de sus ojos

Txabi Alvarado Bañares 2010ko mar. 12a, 13:54

El secreto de sus ojos”  (Argentina, 2009) , nire iritziz behintzat, Juán José

El secreto de sus ojos”  (Argentina, 2009) , nire iritziz behintzat, Juán José Campanellaren pelikularik onena da. “El hijo de la novia” erraldoiaren egilea dela kontuan hartuz, ez dut uste gutxi esatea denik. Egia esteko, ez da pelikula bakar bat, ekoizpen batean sarturiko film asko baizik. Thriller baten aurrean gaudela ukaezina da, baina ez da soilik hori, inondik inora! Aspaldiko amodio baten kontakizuna, mendeku baten kronika, adiskidetasunari egindako goraipamena, sistemaren ustelkeriaren salaketa... hori guztia eta gehiago da artelan hau.

Campanellaren azken lan honek egitura korapilatsua dauka, denboran aurrera eta atzera etengabe egiten du. Hasiera batean pentsa daiteke pelikula era honetan montatuz zuzendari argentinarrak ikusleak nahastuko dituela, baina lortzen duen efektua guztiz bestelakoa da. Izan ere, batere lineala ez den egitura honi esker, platearen atentzioa hasieratik bukaera arte bereganatzen du inongo arazorik gabe.

Oro har, Argentinan egiten den zine-motak ez dio ikusleari dena eginda ematen eta Campanella ez da salbuespen bat, ez horixe! Film honek duen ondarerik garrantzitsuenetakoa gidoia da, inongo ezbairik gabe. Elkarrizketa adimentsuak non-nahi topatuko ditugu, ixiluneek askotan hitzek beraiek baino gehiago diote, xehetasun guztiak obsesiboki zaintzen ditu (nekez aurkituko duzue pelikula honetan zorioneko “gazapo” bat). Aurreko guztia gutxi balitz, ezin ahaztu argentinan duten hizkera zoragarri hura. Haserre daudenean ere, dotore mintzatzen dira. Ez dago alderatzerik euren “pelotudo” bat geure “gilipollas” batekin.

Orain arte esandakoa pelikula biziki gomendatzeko nahikoa delakoan nago. Hala eta guztiz ere, filmaren erdian dagoen harribitxia aipatzekoa da. Futbol-zelaiko sekuentziaz ari naiz. Plano-sekuentzia ikaragarria da, berez, behar ez duen arren, pelikula osoa justifikatzen duena. Teknikoki zailtasun handikoa da. Izan ere, jende asko egoteaz gain, espazio handi batean kameraren mugimendu oso zabalak barnebiltzen baititu.

Bestalde, aktoreen lan txukuna azpimarratzea gustatuko litzaidake. Den-denak primeran egonda ere, Gillermo Francellak borobiltzen duen interpretazioa azpimarratu nahiko nuke. Behin baino gehiagotan entzungo zenuten paper baten inguruan era honetako baieztapenen bat: “Goxoki bat da”. Francellaren rola benetako “goxokia” da, bai, baina berak ateratzen dio duen mami guztia eta gehiago. “Chapeau, monsieur Francella!

Aurtengo Oscar sarietan izendapena jasotako pelikula dugu hau. Izan ere, aurtengo ekitaldian ingelesez besteko film onenaren kategorian lehiatuko baita, aurreko proposamenean gomendatu nuen “Zinta Zuria” delako pelikularekin besteak beste. Nire uste apalean, hauxe da aurtengo edizioan mailarik altuen duen kategoria. Jakingo duzuenez, film onenaren kategorian 10 pelikula lehiatuko dira. Bada, hala eta guztiz ere, pelikula horien guztien artean ez dira “El secreto de sus ojos” edo “Zinta zuria” film bikainek ematen duten mailara iristen. Iritzi pertsonala da, noski eta amorratzen nago zuonak ezagutzeko. Ikusi al duzue aurtengo Oscar sarietan izendapena jasotako pelikularik? Zer iruditu zaizkizue? 10 pelikula izendatzeko adina kalitatea dago egungo Hollywooden? Animatu eta pentsatzen duzuena gure txokotxoan idatzi.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide