Pasa den ostiralean gauez istripua gertatu zen Amurrioko Tubacex enpresako fabrikan eta langile batek falangea galdu du horren ondorioz.
Makina batean lanean zebilela bi tutuk eskua harrapatu zioten eta ordu laurden behar izan zuten askatzeko. Izan ere, isolatua zegoen langilea eta lankideek entzun arte 15 minutu igaro ziren.
Zauritua 44 urteko gizonezko laudioarra da eta Gurutzetako ospitalera eraman zuten hasieran, baina gero Donostian egin zioten ebakuntza. Bi hatz harrapatu zizkion makinak eta hatz lodiaren falange bat galdu du beharginak. Dagoneko etxean dago zauritua.
Segurtasun neurriak kendu zituztela adierazi du LABek
LAB sindikatuak testua zabaldu du lantegian salatzeko ikuskatzailerik eta medikurik ez zegoela txanda horretan.
Aldi berean, nabarmendu dute segurtasun neurriak ez dituztela bete. Berez, makinan zeudenak kendu zituen zuzendaritzak eta berriro jarri ditu.
Gainera, azpimarratu dute 112 telefono zenbakira deitu zuen langileari errieta egin diotela protokoloa ez betetzeagatik.