Aiaraldea Komunikazio Leihoak webgune, APP eta komunikabidearen marka korporatibo berria aurkeztu ditu

Erredakzioa 2016ko abe. 29a, 19:00

Urtearen hondarretan, Aiaraldea Komunikazio Leihoak web-gunea, sakelako gailuentzako APPa eta komunikabidearen marka korporatiboa berritu ditu. Komunikazio proiektuaren arduradunek azaldu dutenez, iaz itxitako gogoeta estrategikoaren ondorio dira berrikuntza horiek eta datozen hilabeteetan oraindik eta aldaketa gehiago emango dira.

Berrikuntza guztiak  "aldatzen ari gara" prozesuan kokatu dituzte; "dena aldatzen ari gara, den-dena" azaldu du Izar Mendiguren Aiaraldea Komunikazio Leihoko zuzendariak. 

Sakelako gailuen pantailetara moldagarria den web-gunea

Gaur plazaratuko ditu Aiaraldea Komunikazio Leihoak lehenengo tresna berrituak: web-gunea eta android zein IOS sistema eragileentzako APP-a. Web-gune berria freskoagoa, modernoagoa, erabilerrazagoa eta erakargarriagoa izango da.

Garapen tekonologikoa Codesyntax enpresako lagunekin egin du Aiaraldeak, Tokikom plataforma bateratua erabiliz horretarako. "Orain artean erabiltzen genuen teknologia zaharkitua geratu da, eta aldatzeko unea iritsi da" azaldu du Txabi Alvarado web-gunearen arduradunak.

"Egun Aiaraldea.eus web-guneak dituen bisiten erdia baino gehiago (%60) sakelako gailuen bidezkoa da, aldaketa nabarmena gertatu da azken bi urteotan, 2016 honetan bereziki, eta gaur agurtuko dugun web-gune zaharra ez zen erabiltzaileen gailuen pantailetara moldagarria, ez zuen responsive design izaera... gaur aurkeztuko duguna ordea bai" azaldu du Alvaradok. 

Erabiltzaileen parte-hartzea eta elkarrekintza sustatzeko tresnak

Ez da hori baina web-gune berriak dakarren berrikuntza bakarra. Erabiltzaileen parte-hartzea sustatu eta bideratzeko tresna berriak izango ditu web-guneak: "Komunitate irekian idatzi eta iruzkinak egitekoa aukeraz gainera, zuzeneko elkarrizketa irekietan elkarrizketatzaile aritzeko aukera, informazioa edonon eta edonoiz bi kliketan bidaltzekoa, inkestak, zozketak, bideo zein argazki lehiaketetan parte hartzekoa... asko dira tresna teknologiko berrian parte hartzeko irekiko diren bideak".

Gaur aurkeztuko den bertsioan oraindik ere ikusgai egongo ez bada ere, Aiaraldea Komunikazio Leihoko erredakzioarekin zuzenean eta erregistro beharrik gabe hitz egiteko aukera ere izango da, "erabiltzaileen gomendio, iritzi, kritika edo berri emaletzak jasotzeko bidea izango da" Mendigurenen esanetan. 

Zerbitzu eta funtzionalitate berriak

Informazioa ez-ezik, zerbitzu berriak ere eskainiko ditu gaur sareratuko den web-gune berriak. Eskualdean hil diren herritarren berri jasoko da egunero, eskelak eta oroigarriak kontratatzeko aukera, zerbitzu zein ostalaritza enpresen informazio praktiko zehatza jasoko da gida komertzialean, zorion-agurrak erregistrorik gabe argitaratzeko aukera irekiko da...

"Herritarrentzako erabilgarriak diren tresna berriak izango ditugu aurrerantzean, eta bide horretan gehiago sakontzeko asmoa dugu; izan garraio publikoko ordutegiak eskainiz, eskualdean goardian dauden botiken berri emanez..." azaldu du Alvaradok.

Horretaz gainera, euskararen agenda atala ere ikusgai egongo da aurrerantzean, "eskualdean euskaraz antolatzen diren ekimenak jasoko ditugu bertan". Era berean, telebista eta irratia ere euskaraz kontsumitzeko bidea ahalbidetuko du aiaraldea.eus gune berriak: Hamaika Telebista zuzenean ikusteko aukera eta programazio zehatza bertan ezagutzekoa, Hala Bedi 2 euskarazko irratia eta eta Bilbo Hiria entzutekoa, bai eta Arrrosa Sareko irratiek ekoizten dituzten bestelako irratsaioak entzutekoa ere. Argia.eus eta berria.eus-en azken berrien jarioa ere ikusgai egongo dira web-guneko portadan.

Udalerri eta herri bakoitzak bere portada ere izango du web-gune berrituan. Horrela, Aginagak, Laudiok bezala herriari dagozkion eduki guztiak azpi-gune bakar batean bilduta izango ditu: aktualitatea, komunitatea, eguraldia, herriko agenda, iruzkinak, hil-berriak... "Modu honetan erabiltzaileari interesatzen zaion informazioa eskuragarri edukitzea bilatzen dugu". Ekitaldi garrantzitsuen zuzeneko kontakizunak egiteko aukera ere irekiko da aurrerantzean, hainbat formatu multimediak erabiliz horretarako.

Web-guneak erabiliko duen teknologiak bestalde, kazetari eta erabiltzaileen barne-lana ere errazteko tresnak eskainiko ditu. 

Android eta IOS sistema eragileentzako APP berria

Web-gunea ez da izango berrituko den tresna bakarra. 2014 urtean Android sistema eragileetarako sareratutako APP-a ere berritu egingo baita gaur Aple Store eta Google Play dendetan. "Aiaraldea.eus Gaur" izenarekin APP moderno, azkar eta erabilerraza jarriko du Aiaraldeak eskuragai. Bertan, web-guneak eskaintzen dituen funtzionalitate eta edukiak era erraz batean topatu ahal izango ditu erabiltzaileak.

Alvaradok azaldu duenez, "APPa instalatuta duten erabiltzaileek erredakziotik bidaltzen diren notifikazioak ere jaso ahal izango ditu gertakari larri edo garrantzitsuak gertatzen direnean; istripu bat dela, albiste garrantzitsu bat... Euren sakelakoaren hasierako pantailan jasoko dituzte jakinarazpen hauek, whatsapp mezuak jasotzen diren modu berdinean". Jakinarazpenen aukera hau baina, era moderatuan erabiliko dutela azaldu du Alvaradok, "erabiltzailea gogoitu ez dadin benetan garrantzitsuak diren gauzen berri baino ez dugu emango". 

Komunikabideak "Aiaraldea Gaur" marka korporatibo berria estreinatuko du

"Aldatzen ari gara" prozesuak berrikuntza asko ekarriko ditu datozen hilabeteetan, komunikabidearen marka korporatibo berria barne. Gaur aurkeztuko da "Aiaraldea Gaur" marka berria jendaurrean, eskualdeko hainbat diseinatzaile, sortzaile eta erabiltzaileen artean osatutako marka moderno eta erakargarria. 

"Behin behineko lantoki berria" Laudioko nerbioi kaleko 12. zenbakian

Egoitzaz ere mudatu da Aiaraldea proiektua. Laudioko Udalak lagatako bulegoak utzi, eta kale berdinean metro batzuk gorago kokatzen den egoitza berria alokatu du nerbioi kaleko 12. zenbakian (duela gutxi arte PP-k egoitza zuen lokal berdinean hain zuzen ere. Gartzen Garaio koordinatzaileak azaldu duenez, "egoitza aldaketaren helburu nagusia herritarrengandik hurbilago egotea da, eta horregatik egin dugun kale mailan dagoen lokal bat hautatzearen hautua".

Lantokiari baina, "behin-behineko" izaera eman dio Aiaraldea proiektuak, "egitasmo handi eta eder bat dugu esku-artean, oraindik ere forma hartzen ari dena, komunikabidea oraindik eta gehiago garatu eta gogoeta estrategikoan zehaztutako ildo berriak garatzen lagunduko gaituena". "Dena ondo bidean datozen hilabeteetan emango dugu honen berri ere" azaldu du Garaiok.

 

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide