"Panda Raidean Atlas mendia elurtuta, basamortuak eta hondartzak zeharkatuko ditugu"

Erredakzioa 2017ko urt. 2a, 15:44

PAUL BASABE eta NAROA UGARTE "Pandemia" taldeko kideak dira. Aiaraldeko 10 lagunez osatuta dago eta euren helburua da 2017ko Panda Raidean lehiatzea.

Nola bururatu zaizue Panda Raid 2017an ematea izena?

Naroa: Ideia Paulena izan zen. Berak 2013an egin ostean Tubos Reunidos enpresako lankideekin hitz egin eta jendea gehitzen joan da. Hasieran 3 auto ginen eta orain 5 gara. 10 lagun guztira.

Zuk dagoeneko egin duzu, zer esan diezu?

Paul: Nik adierazi diet abentura horretan ez dagoela laguntza teknologikorik.

Naroa: Sufrituko dugula, alegia (barreak).

 

"Paul: Rallyan gure gurasoek -gazteak zirenean- parte hartzeko aukera izan zezaketen. Garai horretako autorik onena eta teknologiarik onena baliatuta (Seat Panda, hain zuzen)".

 

Ondorioz, GPSrik gabe joango gara, eta baliatuko ditugu iparrorratza eta txirrindulek erabiltzen duten tresna kilometroak zenbatzeko, autoena baino hobea baita.

Gakoa da guztiok elkar laguntzea. Gaur egun teknologia ugari dago eta horrek animatu du jendea.

Zuen taldean parte hartzeko zeintzuk dira baldintzak?

Paul: Guztiok auto mota bera daukagu, talde izaera, parte hartzailea, disfrutatzeko gogoa... urtebete daramagunez prestatzen, talde izaera sortu dugu. Garrantzitsuena da guztiok bukatzea lasterketa.

Naroa: Eta gure artean ez borrokatzea! (barreak).

Paul, zuk rallya egin duzu, eta zuk, Naroa, ez. Zein da zuen arteko ezberdintasuna lasterketari aurre egiteko?

Paul: Ba uste dut erronka asko handietsi dela. Nik gauzak kontatzen diedanean gogorra dela esaten diet, egia baita, baina uste dut, aldi berean, eramangarria dela.

Pasadizoak kontatzen diedanean agian “handituta” entzuten dute gertatutakoa. Ez da horrenbesterako.

Naroa: Hasieratik Paulek ziurtatu digu sufrituko dugula, baina prest gaude.

Panda Raid lasterketa ezagutzen ez duenari azalduko diozue zertan datzan?

Paul: Auto klasikoen elkartasun rallya da eta aintzat hartzen da erregulartasuna eta ez abiadura. Horrek esan nahi du antolatzaileek kilometro kopurua betetzeko eskatzen dizutela eta galduz gero, soberan egindako kilometroek zigortzen zaituztela.

 

"Elkartasun ekimena da eta eramaten dugu materiala ikastetxetan erabil dezaten".

 

Naroa: 9 etapa dira, eta gutxi gorabehera 10 egun. Hasiera Madrilen da, bertan ziurtatzen baitute baldintza teknikoak betetzen ditugula.

Dortsalak emango dizkigute han. Gero Almeriara jaitsiko gara, portura. Ferryan egingo dugu bidaia Marokora gauez eta gero denbora tartea emango digute dirua aldatzeko edo telefono txartela eskuratzeko.Lasterketa hasiko da Nadorren.

Paul: Ibilbidea sekretua da, hasi arte ez dute jakinaraziko. Roadbooka jaso arte ez dugu jakingo, horrela egiten dute inork ez dezan prestatu aurretik.

Naroa: Soilik dakigu nondik abiatuko garen eta nora helduko garen. Marraketxen bukatuko dugu. Badakigu muturreko eguraldiak ezagutuko ditugula: mendia, basamortua...

 

"Paul: Polita da ikusiko ditugun paisaien kontrastea: Atlas elurtuta, hondartzak, basamortua, harea fina, lodia, gorria, arrokak... Ibilbidea asko lantzen dute eta denetarik ikusiko dugu".

 

Zer da funtsezkoa rallyan?

Naroa: Derrigorrezkoa da botikina, sua itzaltzeko tresna, 20 litro ur, 20 litro erregai, autoa babestu behar duzu azpitik, ordezko bi gurpil, jarri behar duzu zerbait aurreko partean arazoak izanez gero autoa atera dezaten eta iparrorratza, jakina.

Paul: Nik uste dut 5 martxako autoa beharrezkoa dela. Kilometro asko egingo ditugu eta aurrekoan 4 martxako autoa eraman genuen. 90 kilometro orduko edo 110 kilometro orduko abiadura hartzea ez da gauza bera.

Gainera, “snorkel”-a jarri diegu urez gainezka dauden lekuak zeharkatzeko. Musika ere eramango dugu; denbora gehiegi emango dugu autoan musikarik gabe joateko.

Autoari tresna adierazgarriak jarri dizkiogu. Adibidez, Seat Pandak ez dizu jakinarazten ezta tenperatura, ez motorraren iraultza kopurua... aurten prestatu ditugu jakiteko olioaren tenperatura eta presioa... auto arrunta izango balitz bezala.

Gero, Marokon nola antolatuko zarete?

Paul: Asmoa da elkarrekin joatea, ahalik eta gutxien galtzeko. Elkarrekin ateratzen saiatuko gara, ordu erdia izango baitugu horretarako. Helburua da batera joatea, elkarri laguntzeko.

Naroa: Autoen konponketarako piezak banatu ditugu, auto bakoitzak ez du berea eramaten baizik eta taldeko materiala.

Zenbat egun beharko dituzue guztia egiteko?

Naroa: 10 egunekoa da, baina gero itzuli beharko gara.

Paul: Ez dugu oraindik adostu, baina nik, adibidez, saiakera egingo dut surf egiteko. Nik pare bat egunez luzatuko dut egonaldia eta gero beste bat igotzeko.

Naroa: Nik ez dut uste, lana eta egoera pertsonala dela eta, igoko naiz ahalik eta lasterren.

Naroa, nolakoa da emakumezko bakarra izatea taldean?

Naroa: Nik ez dakit mekanika, beraz, gutxi lagunduko dut arlo horretan; giltzak eman, estutu, askatu... Hala ere, ondo.

 

"Kanpotik ematen du ez dagoela emakume askorik, baina Paulek egin zuenean, antza, asko zegoen".

 

Paul: Berez, sari bat da bakarrik emakumeek erabilitako autoarentzat. Emakume ugari aritzen da kopilotu lanetan. Gainera, bikote askok parte hartzen du. Atentzioa eman zidan aurrekoan gurasoek semeekin egiten zutela lasterketa.Aita nagusiak, erretiratuak.

Oporrak dira eta zuk hautatu dezakezu nola egin nahi duzun, edo buru-belarri egin edo patxadaz.

Zein da zuen helburua?

Paul: Bukatzea eta ondo pasatzea. Aurreko rallyan nire helburua zen irabaztea. Ez nuen ezagutzen eta konbentziturik nengoen aukera guztiak genituela, baina Madrilera heldu nintzenean ikusi nuen zer nolako prestaketa maila zegoen, jendea, eta konturatu nintzen ezinezkoa zela.

Batzuek sekulako dirutza inbertitzen dute eta diru asko dago jokoan, gastatutakoari mamia atera nahi baitiote. Hortaz, bukatzea iruditu zitzaidan izugarria.

Naroa: Gogoko genuke, gutxienez, apainketa saria irabaztea.

Paul: Horretan ere badago jendea dirutza gastatzen duena errotulazioan; Frantziara eramaten dute rally prestatzaile batek margotu ditzan.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide