Kirol munduan oihartzun handia izan du Oinkariak taldeko Abel Fernandezek eginiko ekintza batek. Asteburuan Zornotzako Krosean egon zen korrika, eta elkartasun keinu esanguratsua egin zuen beste korrikalari batekiko.
Kurba bat hartzean irrist egin eta lurrera erori zen Ilias Fifa korrikalaria. Bere aurretik zegoen Fernandez, baina honek gertatutakoa ikusi zuenean gelditu eta atzera joan zen, eroritako korrikalariari laguntzera. Toni Abadia korrikalaria ere gelditu zen, eta bien artean lagundu zioten Ilias Fifari.
Bertan zeuden EITBko kamarak eta gertaera osoa grabatu zuten:
Oihartzun handia izan du keinuak
Oihartzun handia izan du Fernandez eta Abadia kirolarien keinuak. Espainiako hainbat hedabidek eman dute gertatutakoaren berri (Marca egunkariak tartean). “Ez dit axola keinu hori egiteagatik postu bat gorago edo beherago geratu izana”, azaldu du korrikalari amurrioarrak, “oso atsegina da besteei laguntzea”. Fernandezek azaldu du “asko poztu” zela erorketa izan arren Ilias Fifarik hirugarren postua eskuratzea lortu zuenean. “Besarkada bat eman nahi izan nion, baina ez nuen protagonismorik nahi. Berriz elkartzen garenean emango diot”.
Erronka berriak
Bien bitartean, erronka berriei so jarri da amurrioarra. Arabako Kros Txapelketan egongo da datorren asteburuan, Okondon. Bina maratoi egitea ere aurreikusi du: Bartzelonan bata (martxoan) eta Ibizan bestea (apirilean).
Baina zita bat azpimarratu du besteen gainetik: Korrika. Aski ezaguna da Fernandezek jokatzen duen papera euskararen aldeko ekimen mugikor horretan: Spidermanez janzten da (hortik datorkio “Spiderabel” ezizena) eta denbora luzez aritzen da “Ttipi, ttapa, ttipi, ttapa... Korrika!” oihukatzen duen furgonetari segika. 2015eko edizioan 50. kilometro egin zituen. Izango du aurten marka hori gainditzerik?