Aste honetan Martin Scorsese zinemagile amerikarraren azken pelikula nahi dizuet gomendatu. Ez da, ezta hurrik eman ere!, lan erraza “Silence” (2016) hau. Izan ere, Scorseseren izena beste zine mota batekin lotu izan baitugu beti. Zinta honetan, indar izugarria duten irudiak baude ere, zinez munta handia duena pelikulak planteatzen duen hausnarketa da. Hau honela, fisikoa barik, filme metafisikoa dela esan daiteke. Honek, pelikula aspergarri baten aurrean gaudela pentsaraz diezaguke. Are gehiago zinta luzea dela kontuan harturik, baina ezin esan hala denik. Nire uste apalean behitzat, sano interesgarria den lana dugu hau.
Taldekide baten bila Japoiniara joango diren jesuita bik gorriak ikusiko dituzte, eurentzako eremu arrotza den batean gainera, euren sinesmenak direla eta. Zuzendariak berak dioen bezala, fedea berreskuratzeko fedea galduko duen apaiza baten gorabeherak kontatzen dizkigu pelikula honek.
Ezer gutxi esan daiteke Martin Scorseseri buruz dagoeneko esan ez dena. Nik uste, Oscar sarien historian zehar egin diren bidegabekerien artean handienetakoa Scorseseri egin ziotela “Toro Salvaje” (1980) bezalako artelan bati barik, saria erabat estimagarria den “Gente Corriente” (1980) filmeari eman ziotenean.