Laguntza talde bat aktibatu da Aiaraldean datozen egunetarako aurreikusten diren izozteei aurre egiteko. Hala jakinarazi du Gentza Alamillo Aiarako alkateak. Euskalmetek iragarri du datozen hiru egunetan hotz handia egingo duela EAEn, eta Aiaraldea ez da salbuespena izango. Bilbon 0 eta 4 gradu bitarteko tenperaturak aurreikusten dira biharko, -2 eta 6 artekoak ostegunerako eta -4 eta 9 bitartekoak ostiralerako. Gasteizen, aldiz, -5 eta 0 gradu bitarteko tenperaturak egongo dira bihar, -6 eta 2 bitartekoak ostegunean eta -7 eta 7 bitartekoak ostiralean.
Prezipitaziorik egotekotan, elur gisa
Euskalmetek azpimarratu du ez dela prezipitaziorik aurreikusten. Prezipitaziorik egotekotan bihar (hilak 18) egongo liratekeela aipatu du agentziak, eta gaineratu du kasu horretan elurra egingo lukeela.