Prentsaurrekoa egin dute gaur goizean Hego Uribeko EH Bilduren hautagaiek. Bertan parte hartu dute Arakaldo, Urduña eta Arrankudiaga-Zolloko alkateek, besteak beste.
AP-68 autobidea izan dute mintzagai. “2017ko urtarrilaren 1etik aurrera bizkaitarrek gehienez 30 euro ordaindu behar dituzte Bizkaiko autopistak erabiltzeagatik, Bizkaiko Foru Aldundiak emandako hobariak direla eta”, azaldu dute koalizioko kideek, baina gaineratu dute hobari horietatik kanpo geratu dela A-68 autobidea.
EH Bilduko kideek azaldu dute hobari hori izateak autobidea erabiltzera bultzatuko lituzkeela “ibilgailu astun asko”. Modu horretan uste dute Bi-625 errepideko trafikoa “arindu” egingo litzatekeela Arrigorriaga, Ugao, Arrankudiaga eta Arakaldotik igarotzean.
“Eskubide gutxiagoko herritar”
Hortaz gain, hautetsiek azpimarratu dute Arako Foru Aldundiak hobariak ematen dizkiela autobide hori erabiltzen duten arabarrei. “Autopista hau batez ere Hego Uribeko herritarrok erabiltzen dugu, eta AP-68 Bizkaian hobaririk ez duen autopista bakarra izateak, gainontzeko bizkaitarrak baino eskubide gutxiagoko herritar bihurtzen gaitu”.
Mozioak udaletan
Hori guzti hori dela eta, EH Bilduko kideek adierazi dute mozio bat aurkeztuko dutela Hego Uribeko udal guztietan. Bi gauza eskatuko dituzte mozio horretan: Eusko Jaurlaritzak Espainiako Gobernuari AP-68 autobidearen eskuduntza eskatzea eta Bizkaiko Foru Aldundiak hobariak ematea errepide hori erabiltzen duten bizkaitarrei.