"Gure ametsera gerturatu gaitu Euskal Herriko Txorizo Txapelketa irabazteak: baserritik bizitzea"

Txabi Alvarado Bañares 2017ko urt. 20a, 08:39

Lorea Momeñe asteazkenean, saria eskuan duela.

Asteazkenean irabazi zuen LOREA MOMEÑEk (Orozko, 1979) Euskal Herriko Txorizo Txapelketa, bigarren urtez jarraian. Urigoiti Txorizoak egiten ditu.

Euskal Herriko Txorizo Txapelketa irabazi duzue bigarren urtez jarraian. Espero zenuten? Pozik sariarekin?
Ez genuen espero lehengoan bez. Badakizu egiten dosuna ondo dagoela, eta zure produktua ona eta kalitatezkoa dala, baina ezebez ez dotsu eiten pentsetan beste ekoizleena baino hobeagoa dala, guztiok gure onena emoten bait dogu gure produktuak ekoizten dogusenean.

"Saria bigarren aldiz irabaztean ikusi dugu lan ona baloratzen dala eta errekonozimendua dekola"


Lehenengokoa errealitate bihurtu zenean amets bat izan zan, urbildu ein doskune baserritik bizitzeko ametsari. Eta bigarrengo hau lan ona baloratzen dala eta errekonozimendua dekola, ze gure guztiak emoten doguz gure produktuetan eta baloratu doskue, zorionez.

Zein da "Euskal Herriko txorizorik onena" ekoizteko sekretua?
Sekretua gure txarrien egunerokoa da. Guk Labeleko ekoizleak gara eta, nahiz eta hau azalpenik ez duen behar, badaezpadan emongodogu: gure txarriek basotik aske bizi dira, hauen elikadura naturala da, transgenikorik gabe ezta azelerante edota hormOna barik.

Gainera, Gorbeia magalean bizi dira, Parke Naturalean, eta hortik kalitatea soilik urten leike. Hori da guk erabiltzen dogun produktua gure txorizoak eiteko, hori da sekretua. Hori eta gure arbasoen errezeta, baina esango banautzu akabatu ein beharko nautsun (barreak).

"Txerriak aske bizitzea da txorizo onak ekoizteko gako nagusia"


Zer dauka txorizoak beste txerrikietatik berezi egiten dutena?
Duda barik bere erabilgarritasuna, bai gordinik jateko edota indaba on batzuekaz jateko, parrillan edo barraskillo pikanteakaz jateko oso onak dire.

Dieta orekatu baten beti agertzen jaku eta hori igertzen da dekon eskaeran. Halan da guztiz ere, nahiz eta gehien saltzen dogun produktua izan, gu ezagutzera emon doskuna, bere bai eiten dogu saltxitxoia, patea, papara, pottoka txorizoa... esan behar da esaera zaharra diñoena egia dala: "del cerdo me gustan hasta los andares".

Zeren eta ez dago produkturik ez dana amaituten tirada batetik bestera. Gaur egun patea ez daukagu, pottoka txorizoa bez, eta besteetatik justu zamar, eskerrak egun batzuk barru barriro txarriek irtengo direzela eta gure bezeroentzako produktu gama osoa eukingo dogula barriro.

"Saria izatea kalitatearen sinonimoa da, eta hori bezeroak badaki"


Horrelako saririk irabazteak eraginik du egiten duzuen txorizo salmentan?
Esan dogun moduin, sari hau posible ein dau gure ametsa ia ia posible izetea, baserritik bizitzera urbildu ein gaitu, atzamar puntakaz gabiz ikutzen.

San Antontxuko Txapelketa Mungiko Merkatarien Elkarteak antolatzen du. Hogeitabat urte daroadie antolatzen, eta ondo dakite zelan egin,  gastronomi eta azoka munduan oso ezaguna baita lehiaketa hori. Han ondo eiten daudie gauzak, eta merezi ez duen bati ez diote  ezta aurkezten izten ere lehiaketara. Saria izatea kalitatearen sinonimoa da, eta hori bezeroak badaki.


Azkenik eskertu gure dogu elkarrizketa honen bidez jende gehiagori heltzeko aukera, eta gogoratzea baserritarrak pentsetan dozuen baino urbilago gaudela. Gure inguruan ekoizten direzen produktuak dastatzeko ez daudela soilik azokak, baizik eta aste oro ekoizle merkatuetan topau daitezkela gure produktuak.

Eguenetan Laudion elizapetan eta barikuetan Amurrion Udaletxe ondoan, adibidez. hileko bigarrengo zapatuetan Laudion gaude... Esker anitz guk hemen egotea posible eiten dutenei. Gugan eta gure produktuengan konfidantza eukitzeagatik. Eta noski, esker mila gure familiari laguntza eta animoengatik.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide