Zenbait gako Kutxabanken bulegoen itxiera ulertzeko

Txabi Alvarado Bañares 2017ko urt. 23a, 22:23
Hainbat elkarretaratze egin dituzte auzokideek bulegoen itxieren aurka. Argazkia: Aretako auzokideen plataforma

Itxi berri dituzte Okondo eta Aretako Kutxabanken bulegoak. Errentagarriak ez zirela argudiatu du bankuak. Ahoztar Zelaieta ikerketa kazetariaren ustez, baina, beste interes batzuk daude itxiera horien atzean.

Iragan astean itxi zituzten Okondo eta Aretako Kutxabanken bulegoak. Protesta ugari egon dira bi sukurtsal horien itxieraren aurka. Hainbat elkarretaratze egin dituzte auzokideek, eta sinadura bilketa bat ere jarri dute abian. Itxieren aurkako adierazpen instituzionala onartu dute Okondoko Udalean, eta mozio bat aurkeztu dute aretako auzokideek Laudioko Udalean, datorren asteleheneko Udal Osoko Bilkuran eztabaidatuko dena.

Kutxabankek jakinarazi du bi bulego horiek ez zitzaizkiola errentagarriak suertatzen eta horregatik itxi dituela. Ahoztar Zelaieta ikerkuntza kazetariaren ustez, baina, bestelako interes batzuk daude sukurtsalen itxieraren atzean. Kutxabank: El saqueo de Euskal Herria liburua plazaratu zuen Zelaietak 2015ean. “Hainbat aditu eta talde sozial eta politikoen hitzak bildu nituen, kritikoenak batez ere”, azaldu du ikerlariak. Modu horretan osatu zituen liburuan jasotzen dituen “lau ideia nagusiak”. Internet por un tubo izena jarri zion ideia-multzo horietako bati. “Bakuen birtualizazioaren inguruan mintzatu nintzen atal horretan”.



Kutxabanken birtualizazioa
Zelaietaren aburuz, Kutxabanken zuzendaritza hertsiki erlazionatua dago BBVArekin. “Kutxabanken zuzendaritzan aldaketa batzuk eman dira. Mario Fernandez joan eta Gregorio Villalabeitia etorri zen, baina biak dira BBVAtik pasatakoak. Ugariak dira 'BBVAko gizonak' izatetik Kutxabanken zuzendaritzan egotera igaro diren pertsonak”. Hori dela eta, BBVAk duen “birtualizaziorako joera” bere egiten ari da Kutxabank, kazetari bilbotarraren arabera.

 

Kutxabankek bulegoak ixtea oso erlazionatua dago BBVAk dituen interesekin, Ahoztar Zelaieta kazetariaren ustez



Zenbait hedabidek jokatzen duten papera ere salatu du Zelaietak. “BBVAren hedabideek (El Correo, Diario Vasco, Telecinco...) Kutxabankek etorkizunean zer egin beharko lukeen iradokitzen dute, eta bankuak bete egiten ditu 'agindu' horiek”. Horren adibide bat jarri du: “BBVAk Vocentoren bidez (El Correo eta Diario Vasco) iradoki zuen sukurtsal asko soberan zituela, eta herena likidatu behar zuela. Handik egun batzuetara Kutxabankek Vocento baliatu zuen adierazteko bera ere hasia zela digitalizaziorako pausoak ematen eta, ondorioz, egoitza batzuk soberan zituela”.

1.000 langileren kaleratzea
Areta eta Okondokoak ez dira kasu isolatuak. Iaz Laudioko Latiorro auzoko bulegoa itxi zuen bankuak. “Egoitza nagusiak, ondare handikoak, saldu egin ditu Kutxabankek, Bilbokoa edo Donostikoa kasu”, azaldu du Zelaietak. Bankuko langileengan ondorio zuzenak ekarri ditu horrek: 1.000 langile kaleratu ditu Kutxabankek azken urteetan, ikerlari bilbotarrak azaldu duenez. Eta gehiago izan daitezke etorkizunean. “Sindikatuen aburuz, 500 enplegu daude orain arriskuan. Bitxia da: Vocentok duela urtebete aipatu zuen 500 langile zeudela soberan bakuan, habilak dira gero etorkizuna iragartzen”.

 

500 lanpostu daude arriskuan Kutxabanken, sindikatuen aburuz



Europatik datozen aginduek ere zeresan handia izan dutela uste du Zelaietak. BBVAren eta EAJren aldetik “azpi-joko” batzuk eman direla uste du kazetariak. “Biek ala biek esaten dute Europa dela bankuak birtualizatzea eskatu duena, eta eurak aginduak betetzera mugatzen direla”. Modu horretan saihestu nahi dituzte “eztabaida soziala” eta “iritzi publiko kritikoa”, Zelaietaren ustez.

Internet bidezko mega-denda
Kutxabanken birtualizazioak bestelako ondorioak ekarriko dituela aipatu du kazetari bilbotarrak. “Bankuak apustu oso handia egingo du aplikazio informatikoetan, bezeroekin interneten bidez jarduteko”. Modu horretan, Kutxabank “interneteko mega-denda” bat bezala funtzionatuko du, Zelaietaren ustetan, “Amazon moduko zerbait izango da. Internet bidez salduko dira kontzertuetarako sarrerak, gazte zein nagusientzako zerbitzuak edota finantza produktuak”.

Egongo dira baita ondorio “larriagoak”:  “Kutxabankek funts putreei saltzen ari die beste enpresa batzuetan zituen partadeitzak”. Hori “oso larria” dela azpimarratu  du Zelaietak, Euskaltel, Petronor edota Iberdrolarekiko kontrol publikoa galduko delako horrela. “Erabakiak jada ez dira hartuko hemengo entitate publikoetan, Londreseko burtsan edo Wall Streeten baizik”.

 

Kutxabankek funts putreei saltzen ari die beste enpresa batzuetan zituen partaidetzak, Zelaietaren arabera


Kazetari bilbotarraren ustez, “aberatsek” hartu dituzte Kutxabanken gaineko erabakirik garrantzitsuenak, eta gaineratu du erabaki horietako batzuek harremana dutela “ustelkeria kasu oso larri eta garrantzitsuekin”. Bere liburuan luze eta zabal aztertzen ditu kasu horiek guztiak.

Hala eta guztiz ere, herritarrek ez dute etsi. Aretako auzokideen plataformak elkarretaratzea egingo du ostegunean (urtarrilak 26) Laudioko Nerbioi kaleko bulegoaren aurrean, 12:00etan.

Auzokideek egin zuten lehen mobilizazioaren bideoa, hemen ikusgai:

 

 

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide