Bi sute piztu dira gaur eskualdean, Belandian eta Orozkon, hain zuzen. Belandiako gertakaria erdiko auzoan izan da eta Bizkaiko zein Aiarako suhiltzaileek parte hartu dute itzaltzeko lanetan. Tximiniak hartu du su. Gauzak horrela, eurek adierazi dute helikopteroak pertsona bat -bertan bizi dena, alegia- ospitalera eraman behar izan duela kea arnasteagatik.
Bestalde, Orozkoko Larrazabal kaleko etxebizitza batean piztu da sutea gaur 13:00ak aldera. Suhiltzaileek azaldu dute sukaldean gertatu dela eta erauzgailua kaltetu dela.
Hala ere, nahiz eta suhiltzaileak, Ertzaintza eta anbulantzia Orozkokora bertaratu, etxebizitzako jabeek itzali dute sua. Hori bai, suhiltzaileek hartu dute ardura lekua aireztatzeko.
