Auzo berean bizi arren eskola ezberdinetara doazen umeak

Txabi Alvarado Bañares 2017ko ots. 9a, 09:10

Lamuza Ikastetxeko umeak, “Hegan egiten” bideokliparen irudi batean. Argazkia: Luis Vil

Urteak daramatza Laudioko Lamuza Ikastetxeak egoera bera bizitzen: Auzoan bizi diren guraso askok herriko beste ikastetxeetara eramaten dituzte euren seme alabak, pentsatzen dutelako Lamuzakoan beste jatorri batzuetako haur gehiegi daudela. Hala salatu du eskolako Guraso Elkarteak. Horren atzean “arrazismoa eta klasismoa” ezkutatzen direla salatu dute gurasoek eta azpimarratu dute garrantzitsua eta aberasgarria dela umeak kultur aniztasunean heztea.

Imajinatu egoera hau: Ainhoa eta Ahmed lagunak dira. Adin bera dute eta auzo berean bizi dira. Elkarrekin doaz goizero eskolara gurasoen eskutik helduta, harik eta bidegurutze batekin topo egiten duten arte. Ahmed auzoko eskolara doa. Ainhoak, aldiz, bide luzeago bat hartzen du, apur bat urrunago dagoen ikastetxe batera joateko.

Antzeko egoera bat gertatzen da Laudion, Lamuza Ikastetxean. Horren lekuko zuzena da Lamina Bahia. Bi umeren ama da bera. Hiru urte ditu batak eta zazpi besteak. Biak daude Lamuza Ikastetxean, hori baita euren etxetik hurbilen dagoen eskola. “Baina badaude Ugartetik jaitsi eta Lamuzara joan ordez, umeak Latiorrorantz eramaten dituzten gurasoak, bi eskolak publikoak direnean”, azaldu du jatorriz sahararra den emakumeak, “mingarria da hori egitea, ez dut ulertzen”.

Aspaldidanik gertatzen den egoera da hori. Hala diote Lamuzako Guraso Elkarteko kideek. “Azken urteetan nabarmen handitu da beste jatorri batzuetako umeen ehunekoa eskolan”, azaldu du elkarteko kidea den Fran Redondok. Horren arrazoia zein den ere aipatu du: seme-alabak beste eskola batzuetara eramaten dituztela auzoan bizi diren eta jatorriz Laudiokoak diren guraso askok.



Kultur aniztasunaren balioa
Guraso elkartetik azpimarratu dute beste jatorrietako haurrak egotea ez dela inondik inora arazo bat, kontrakoa baizik. “Kultur aniztasuna oso gauza aberasgarria da gure seme-alabentzat”, azaldu du Rocio Serranok, Guraso Elkarteko beste kide batek. Hala uste du Redondok ere: “Kultur anitzeko gizarte baterantz goaz, oso positiboa iruditzen zait nire seme-alabak horretan heztea. Nire semeak imanei edota koranari buruz hitz egiten du, gauzarik ohikoenak izango bailiran. Gurasoak gara aurreiritziak ditugunak, umeek ez dute halakorik”.

Guraso elkartetik adierazi dute ez dela egia kulturen arteko elkarbizitzak emaitza akademikoetan eragiten duenik. “Bataz bestekotik gora daude Lamuza Ikastetxeko ikasleen notak”, azaldu du Serranok. Guraso elkarteko kideak ziurtatu du guztiz arrunta dela elkarbizitza eskolako ume zein gurasoen artean. Bahiak ere bat egin baieztapen horrekin. “Nire alabaren lagun onena ‘hemengoa’ da, eta elkarrekin doaz beste klase-kideen urtebetetzeetara”. Guraso elkarteko kideek argi dute: “Arazoa ez da eskola honetara immigranteen seme-alabak datozela, ‘hemengoek’ euren seme-alabak beste eskola batzuetara eramaten dituztela baizik”.



“Arrazismo eta klasismoa”
Bere esperientzia pertsonaletan oinarritu du Rociok baieztapen hori. “Nire seme-alabak Lamuzan ikasten dutela esaten dudanean askok begiratzen naute arraro, bertan immigrante asko daudela esaten didate”. Ikastetxeak ate irekien jardunaldiak egiten dituenean ere bizpahiru familia baino ez dira gerturatzen, eskolaren zuzendaria den Maria Angeles Fernandez Cassiok azaldu duenez.

“Badaude euren aiton-amonen etxeetan erroldatuta dauden umeak, Lamuzakoa ez den beste ikastetxe batera joan ahalko direla ziurtatzeko”, adierazi du Redondok. Horren guztiaren atzean “arrazismoa eta klasismoa” ezkutatzen dela uste du Guraso Elkarteko kideak.

Fernandez Cassiok azaldu du Lamuzan familia pobreetatik datozen ume ugari biltzen direla, eskola kontzertatu batera joateko dirurik ez dutenak. “Jende batek ez du bere seme-alabak jende pobrearekin nahastu nahi”, adierazi du zuzendariak. Serranoren arabera, “ezjakintasun handia” dago gurasoen artean. Guraso elkarteko kideak gaineratu du ez duela inolako zentzurik umeen artean horrelako bereizketa bat egitea, “gero denak institutuan batuko direlako Bigarren Hezkuntzara iristean”.

Hainbat bilera egin ditu eskolaren zuzendaritzak Eusko Jaurlaritzarekin. Baina Hezkuntza Sailetik adierazi diete ez dagoela zer eginik, legez ezin delako ekidin gurasoek seme-alabak herriko beste eskola publiko batera eramatea. “Baina zer edo zer egin beharko dugu eskolak ghetto bihurtu ez daitezen”, adierazi du Fernandez Cassiok.


“Hegan egiten”
Hainbat ekimen sustatu dituzte azken urteetan Guraso Elkartetik, ikastetxearen ikusgarritasuna handitzeko. 12 orduko futbito maratoia, eskolaren aurreko muralaren margotzea, ipuin kontalariak... ekintza ugari egin dituzte, laudioar guztiei zuzendutakoak.

“Hegan egiten” da aurrera atera duten azken egitasmoa. Luis Vilek zuzendutako bideoklip bat da, Juncal Altzugarai abeslariaren laguntzarekin grabatutakoa. Istorio bat kontatzen du bideoak, ikastetxeak bizi duen egoeran oinarritutakoa. “Helduen mundua” eta “gaur egungo gizartean dirauen arrazismoa” kritikatzen ditu lanak, Vilen esanetan. Bihar (otsailak 10) aurkeztuko dute bideoa, 19:00etan ikastetxeko areto nagusian. Ez da Lamuza Ikastetxean grabatu duten lehen filma: “Koloretako txoriak” pelikula laburra plazaratu zuten iaz, kultur artekotasuna lantzeko helburuarekin.

Euskara, batzen duen hizkuntza
Gurasoek azpimarratu dute handia dela euskararen erabilera eskolako ikasleen artean. “Irakasleek diote jolastokian duela urte batzuk baino askoz euskara gehiago entzuten dela orain”, azaldu du Serranok, “haur bakoitzak etxean bere ama hizkuntzan hitz egiten du (arabieraz, ketxueraz...) baina eskolan euskara da ikasle guztiak batzen dituen hizkuntza”.

Euskararekin erlazionatutako pasadizo bat bizi izan zuen Luis Vilek, bideoklipa prestatzen ari zela. Eskolako ume bat euskaraz zuzendu zitzaion. “Euskaraz ez nekiela erantzun nion, ez nuelako ikasteko aukera izan”. Kanpotarra zen galdetu zion orduan umeak zinemagileari. “Gauza asko pentsarazten dizkizu horrek”.

Kultur aniztasuna ikasgai  eskualdeko ikastetxeetan

Ekimen ugari egiten dituzte eskualdeko ikastetxeek ikasle zein gurasoen artean kultur aniztasuna sustatzeko. Egunerokoan jorratu beharreko gaia dela nabarmendu dute.

Aiaraldeko eskoletan presentzia nabarmena duen alorra da kultur aniztasunarena. Hainbat dira egiten diren dinamikak kultura ezberdinetako haur eta gurasoen elkarbizitza sustatzeko helburuarekin.

Amurrioko Zabaleko Ikastetxean, adibidez, bazkariak egin izan dituzte guraso eta haurrekin, Saharako edota Marokoko jakiak baliatuta. Harrera ona izan du ekimenak. Hortaz gain, ostiral arratsaldetan amen bilerak egiten zituzten iaz, gurasoen arteko ezagutza sustatzeko.

Antzeko zerbait egiten dute Urduñako Herri Ikastetxeko gurasoek. Bertako Guraso Elkarteak txango bat antolatzen du ekaineko larunbat batean. Guraso eta haurrak bertaratzen dira, eta hainbat plater eramaten dituzte, guztien artean bazkaltzeko. Arrankudiagako Eskolan ere egin izan dituzte mota horretako ekimenak. Esanguratsuena duela hiru urte antolatutako egun osoko egitaraua izan zen, “Herri bat hamaika jatorri” lemapean egin zena.

Egunerokotasunean
Ekimen konkretuei soilik ez, egunerokotasunari ere garrantzia ematen zaio kultur artekotasuna sustatzerako orduan. Artziniegako Arteko Gure Ama Eskolan, adibidez, prestakuntza saioak egiten dituzte Lehen Hezkuntzako 5. eta 6. mailan.

Zaraobe Institutuan, aldiz, ordu kopuru txiki bat erreserbatzen dute etorri berriak diren ikasleek izan ditzaketen hizkuntza arazoei aurre egiteko.

La Milagrosa ikastetxean ez dute ekimen zehatzik egiten, baina eskolatik adierazi dute egunero lantzen dutela kultur aniztasuna, “hori delako hemengo errealitatea”.

Okondoko eskolan, aldiz, “elkarrekiko begirunea” lantzen dute egunerokoan, “ezberdintasunak aberastasun moduaz hartuta”.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide