Euskal blogintzari buruzko inkesta aurkeztu du Azkue Fundazioak

Erredakzioa 2017ko ots. 10a, 14:53
Blogetan! lehiaketaren bigarren edizioa ere aurkeztu du fundazioak. Argazkia: Azkue Fundazioa

Blogetan! lehiaketaren bigarren edizioa ere jarri du abian fundazioak, Argia aldizkariarekin batera.

Euskal blogintzari buruzko inkesta publikoa plazaratu du Azkue Fundazioak. Azken urteetan alor horretan “ikerketa edo analisi sakonik” egin ez delako jarri dute abian egitasmoa. Helburua: “euskarazko blogen inguruko datu baliagarriak lortzea”. Euskarazko zenbat blog dauden, nola kudeatzen diren eta zein baliabide erabiltzen dituzten aztertuko dute, besteak beste.

Inkesta publikoa da eta ahalik eta herritar gehienek betetzea da asmoa. Horrela “ikuspegi erreal eta zabala” lortu nahi dute.

Hemen  klikatuta bete daiteke galdetegia.  

Fundaziotik adierazi dute ikerketaren bidez lortzen dituzten emaitzak publikoak izango direla. “Tresna baliagarria bihurtuko da inkesta egungo egoera ezagutu eta etorkizunera begira estrategiak, garapenak eta egitasmo berriak martxan jarri ahal izateko beharren inguruko datuak ezagutzeko”.

Blogetan! Lehiaketa ere martxan
Galdetegia ez da izango Azkue Fundazioak euskarazko blogen harira egingo duen ekimen bakarra. Abian dago jada Blogetan!, Azkuek Argia aldizkariarekin batera sortutako lehiaketa. Bigarren edizioa izango da aurtengoa, eta iazkoaren helburu bera izango du: “euskaraz sortzen diren blogak ezagutu, zabaldu eta sustatzea”.

Hemen klikatuta lortu daiteke lehiaketari buruzko informazio gehiago.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide