Kanporamartxo ospatuko dute Arrankudiaga-Zollon, Orozkon eta Laudion igandean

Aitor Aspuru Saez 2017ko ots. 16a, 07:08

Orozkoko Kanporamartxo ospakizunaren artxibo irudi bat.

Aratusteen edo inauterien aurreko igandean gauzatzen den ospakizuna da hori eta Laudion berreskuratuko dute. Arrankudiaga-Zollon aspaldidanik egiten dute.

Euskal ohitura zaharra da Kanporamartxo ("Basaratusteak" bezala ere ezagutzen dena). Felix Mugurutza historialariak azaldu duenez, "Aratuste edo inauterietako aurreko igandean egiten da beti, mendi gune batean, leku zibilizatuetatik urrun. Jatorrian, basoari egiten zitzaion eskaintza zen, hura esnatzeko eta ernaltzeko, gizakion mesedean produzitu zezan geroztik". Mugurutzak adierazi du  natura pizteko eta iratzartzeko neguko ohitura-multzoan (kandelerio, san blas, aratusteak, santa agata...) kokatu behar dela errito hori "bere dimentsio antropologiko zabalean ulertzeko".

Ingurutan ospatzen zen aspaldi (Arakaldon edo Orozkon) eta Arrankudiaga-Zollon oraindik ere antolatzen dute. Izan ere, igandean 10:30ean geratu dira herriko plazan. Eguraldiak lagunduko balu, Basakoetxera joko dute txitxiburduntzia egiteko. Euria eginez gero, ordea, paseoa motzagoa izango da eta Gizarte Etxean askalduko dute.

Orozkon Itxinape Mendi Taldeak antolatuko du txangoa.

Laudion, berriro
Laudion ohitura berreskuratu nahi dute eta Lezeaga inguruneko Sorginlarren izeneko tokian egiteko asmoa daukate. Santa Luziarako aldapak hasi baino lehen dago leku hori, Errekabietako ibilbidearen hasieran (seinaleak egongo dira), "Lezeagako sorginaren eta bertako lamin bihurrien bizilekuan". 11:30ak aldera elkartuko dira han.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide