Espainiako Gobernuak argitaratu berri du zein lur zeharkatuko dituen 400 kV-ko goi-tentsioko Gueñes-Itxaso lineak. Red Electrica de España enpresak eraikiko du azpiegitura hori eta EAEko 26 udalerritik igaroko da, tartean Aiaraldeko bitik. Lineak ia kilometro bateko (934 metroko) ibilbidea egingo du Okondotik eta Arrankudiaga-Zolloko lursail bat ere zeharkatuko du.
73 kilometro baino gehiago
73,467 kilometroko luzera izango du guztira lineak, Gueñesetik (Bizkaia) Itsasora (Gipuzkoa). 38.644.092 eurokoa da aurrekontua. Horietatik 511.804 baliatuko dira Okondoko zatia egiteko. Obrak datorren urtean hastea aurreikusia dago. Hilabete honen amaierara arte dago alegazioak aurkezteko aukera, Espainiako Gobernuak Gasteizen duen ordezkaritzan, Industria eta Energia sailean.
Hemen klikatuta ikusi daiteke zein lursailetatik igaroko den zehatz-mehatz.
“Izaera estrategikoa” duen proiektua
Espainiako Gobernuak adierazi du proiektuak balioko duela “izaera estrategikoa” duen 400 kV-ko ardatz bat amaitzeko, “Galizia eta EAE konektatzea ahalbidetuko duena”. Era berean, linea berriak eragingo du sistema elektrikoaren segurtasun, fidagarritasun eta kalitatearen handitzean, Espainiako Gobernuaren arabera.
Aurkako taldeak
Hala ere, hainbat talde azaldu dira proiektu horren aurka. Ekologistak martxan kolektiboak behin baino gehiagotan salatu du Galizia eta EAE arteko linearen eraikuntza, eta Gueñes-Itsaso zatiaren aurka ere azaldu dira hainbat herritar.