Zurrumurru xenofoboen aurkako kanpaina plazaratu du CEAR Euskadik (Errefuxiatuen Laguntzarako Euskadiko Batzordeak). Eskualdean presentzia izango du ekimen horrek, Amurrion eta Laudion egingo diren ekimenen bidez. Zurrumurruen aurkako formazio tailerrak egingo ditu CEAR Euskadik bi herri horietan. Amurriokoa ostegun honetan (otsailak 23) izango da, 18:30etatik 20:30etara arte Kultur Etxean. Laudiokoa, aldiz, martxoaren 5ean izango da (igandea), 11:00etatik 13:00etara udaletxeko erabilera anitzeko aretoan.
Parte hartze irekia
Herritar guztiei zabaldu diete parte hartzeko gonbita. “Zurrumurru xenofoboak desmuntatzeko tresna eta estrategiak ikasteko balioko du tailerrak, eta baita kultur aniztasunean oinarritutako elkarbizitza bat nola eraiki jakiteko ere”, antolatzaileek azaldu dutenez.
Ekimen hori ez da CEAR Euskadik eskualdean martxan jartzen duen ekimen bakarra. Bizilagunak programa plazaratu zuen iaz, zeinetan Aiaraldeko hainbat familiek parte hartu zuten.