Bihar argitaratuko da Aiaraldea Egunkariaren 64. zenbakia. Ohikoan bezala, hainbat gairi buruzko artikuluak topatu ahalko dira, 16 orritan banatuta.
Santiago mendiko begiratoki proiektua izango da portadako gai nagusia. Proiektu horren nondik norakoen berri jaso ahalko du irakurleak egunkarian.
Erreportaje nagusiak amiantoa izango du hizpide, Laudioko Udalaren aurkako sententzia izanda abiapuntutzat.
Kultura atalean Egoitz Bernaola Luxa izango da protagonista. El rey león musikaleko attrezzo egile gisa lan egiten du laudioarrak.
Kirolean, aldiz, Laudioko Igeriketa Klubari buruzkoa izango da artikulu nagusia, Euskal Herriko Txapelketan lehiatuko baitira klub horretako zazpi kide.
Jendarte atal bikoitza
Elkarrizketa eta artikulu banak osatuko dute Jendartea atala. Ainhoa Ulibarri Ochoa doktoreari eginiko elkarrizketa egongo da alde batetik, eta 1976an hildako Vicente Velasco Garran beharginari buruzko artikulua bestetik.
Kontrazalean, aldiz, Ane Uriarte laudioarra azalduko da, astrologiari buruz mintzatzen.
Kolaboratzaile ugarik hartu dute parte egunkariaren erredakzioan. Iritzi zutabeak egin dituzte Txema Urkijo, Koldo Gilsanz, Jonatan Moreno, Luis Vil eta Irati Marañonek. Lander Arteaga arduratu da zinema proposamena idazteaz eta Floren Usia, aldiz, komikia marrazteaz.