Hautsak harrotu ditu Kepa Galdosen senideek Laudioko Udalaren aurka bultzatutako epaiketaren sententziak. Epaiak Udala kondenatu du, familiari 133.806 euroko kalte ordaina ematera behartuta.
2012an hil zen Kepa Galdos, amiantoak eragindako mesotelioma baten ondorioz (birikietako minbizia). Sententziak frogatutzat eman du Galdosek amiantoa maneiatu zuela Laudioko Udalarentzat lanean egon zen urteetan.
Udal langileek ez zekiten esku artean zituzten materialak amiantozkoak zirenik; arnasten zuten hautsa “normala” zela uste zuten, sententzian azaltzen denez. “Udalak ez zien langileei inoiz horren gaineko informaziorik eman eta horregatik ez zuten inoiz babes neurririk hartu”.
Amiantoa dela eta Hego Euskal Herriko udal bat kondenatzen duten lehen aldia da honakoa.
Udalaren balorazioa, positiboa
Iragan ostiraleko prentsaurrekoan jakinarazi zuen Laudioko Udalak ez zuela sententziaren aurkako helegiterik aurkeztuko. Jon Ander Altube alkateordeak adierazi zuen “positiboki” baloratzen dutela sententzia, orain arte ez zegoen “oinarri juridiko bat” zehazten duelako, zeinen bidez udalak baduen modu batera edo bestera jokatzeko aukera.
Altuberen arabera, bide administratibotik joanda ez zen posible izango “bere garaian” gobernu batzordean hartu zen erabakitik harago joatea. Eskuak lotuta zituztela azaldu du alkateordeak. “Genituen txostenek ez ziguten modu administratiboan jokatzen uzten”.
Omnia udal-talde politikoak gogor kritikatu du udal gobernuaren jarrera. “Ez dira gai izan enpatia erakutsi eta udal gisa zuten erantzukizuna euren gain hartzeko”. EAJk, bere aldetik, udal-gobernuaren jarrera defendatu eta sententzia “arma” gisa ez erabiltzeko deia luzatu du. Altubek ere salatu du Omniaren jarrera, alderdiak esandakoak “gezur hutsa” direla adieraziaz eta familiaren sufrimendua politikoki baliatu dutela argudiatuta.
“Udalak eta instituzio publikoak enpresa pribatuen akats berdinetan erori dira askotan osasunarentzat arriskutsuak diren elementuak erabiltzerako orduan”, adierazi du Jose Luis Navarrok. Aceros de Llodio enpresako langile ohia da Navarro, eta amiantoari buruzko hainbat epaiketetan aritu da lekuko gisa. Bere ustez, “kasualitatea” da mota horretako lehen kondena Laudioko Udalari egokitu izana. “Beste edozein tokitan gerta zitekeen, amiantoaren erabilera oso ohikoa baitzen Euskal Herria bezalako industria gune batean”. Hala ere, Aiaraldean gaiarekiko “sentsibilitate berezia” dagoela uste du behargin ohiak, “hainbat pertsona hil direlako eskualdeko fabriketan amiantoarekin lan egiteagatik”.
“Laudioko udaleko hainbat langile hil dira minbiziz”, azaldu du Juanjo Basterrak. Cuatro Lunas: El drama del amianto en Euskal Herria liburua plazaratu zuen Aretako kazetariak abenduan. Kepa Galdosen heriotza jorratzen du bertan, beste hainbat kasurekin batera. Amiantoa “toki guztietan” dagoela uste du ikertzaileak, “3.000 produktu baino gehiago egiteko erabiltzen zen material hori, oso merkea baitzen”. Basterrak ere salatu du Laudioko Udalaren jarrera: “Ez dira gai izan duten arazoari aurre egiteko, estali egin dute”. Hala ere, kazetariak nabarmendu du arazo orokortua dela. “Eskualdeko enpresa garrantzitsu guztiek dituzte amiantoarekin erlazionatutako heriotza kasuak”, ziurtatu du.
Laudioko 52 udal eraikin aztertu zituen Novotec enpresak, eta horietako 18tan aurkitu zuen amiantoa
Udal-eraikinak aztergai
Kepa Galdos hil zenean hasi zen Laudioko Udala amiantoaren gaia jorratzen, Juanjo Basterrak azaldu duenez. “Udal eraikinen azterketa bat enkargatu zioten Novotec enpresari duela hiru urte”. 52 udal eraikin aztertu zituen enpresa horrek, eta 18tan detektatu zuen amiantoaren presentzia.
Laudioko Udalak iazko abenduan ekin zion amiantoa kentzeari. Latiorroko Eskolako fibrozementuzko jardinerak kendu zituzten orduan eta udan uralitazko (amiantoz eginiko materiala) plaka batzuk kenduko dituzte eskola beretik. Aretako Fabian Legorburu ikastetxean dagoen beste plaka bat ere kenduko dute aurten. Horiek dira udaletik momentuz aurreikusi dituzten pausoak.
Laudiokoa da eskualdeko eraikin publikoetan amiantoak duen presentzia aztertzeko eginiko ikerketa bakarra. Orain Amurrio taldeak mozioa aurkeztu zuen azaroan, herrian horrelako inbentario bat egiteko eskatuz. PPk ez beste talde politiko guztiek bozkatu zuten proposamenaren alde, eta udal-gobernutik adierazi dute hasiak direla ikerketa hori nola egin aztertzen. Oraindik hauts asko geratzen da alfonbra azpitik ateratzeko.
Heriotza kasu ugari daude eskualdeko enpresetan
Aiaraldean 15 heriotza dokumentatu ditu Juanjo Basterra kazetariak: 8 Aceros de Llodion, 3 Guardianen, 2 Tubos Reunidosen eta bat Tubacexen.
Zaila da amiantoak eragindako kaltea zifretan neurtzea. Hego Euskal Herrian jazotako 1.464 heriotza kasu identifikatu ditu Juanjo Basterrak argitaratu berri duen liburuan.
Aiaraldean 14 heriotza kasu zenbatu ditu, Kepa Galdosena kenduta: zortzi Aceros de Llodion, hiru Guardianen, bi Tubos Reunidosen eta bat, gutxienez, Tubacexen.
“Labeak zituzten lantegi guztietan erabiltzen zen amiantoa, beroa oso ondo isolatzen zuelako”, erantsi du Jose Luis Navarrok. Baina Basterrak azpimarratu du askoz heriotza gehiago eragin dituela amiantoak eskualdean. “Datuak egon badaude. Nork dituen, horretan dago koska. Zenbait sektorek interes handia dutela gaia ezkutatzeko”. Medikuak, enpresen jabeak, mutualitateak... dira estalketa horren erantzuleak, kazetariaren aburuz.
47.000 pertsona hiltzen dira urtero Europar Batasunean amiantoaren ondorioz
Zifren ezkutatzearen atzean “arazo ekonomiko bat” dagoela uste du Basterrak. “Gizarte segurantzak amiantoagatik kaltetutako langile askori ematen die pentsioa. Ez zaie lan gaixotasuna aitortzen, aitortuko balitzaie enpresaren ardura izango litzatekeelako pentsioa ordaintzea”.
“Amiantoaren arazoa da zuntzak arnasten direnetik 30-40 urtera agertu daitekeela minbizia”, azaldu du Navarrok. Lan munduaren prekarietateak egoera zailtzen du. “Enpresaz etengabe aldatzen bazabiltza askoz zailagoa izango da amiantoa non arnastu duzun jakitea”, nabarmendu du Basterrak.
Datozen 40 urteetan 10.000 lagun hilko dira amiantoagatik Euskal Herrian, sindikatuen arabera
Hori dela eta, luzerako emango duen arazoa izango da amiantoarena, kazetariaren ustez. “Datozen 40 urteetan 10.000 pertsona hilko dira Euskal Herrian, sindikatuen kalkuluen arabera”.
Gauzak hala, Aiaraldean ere langile ugari hilko direla aurreikusi daiteke. Granadako Unibertsitateak eginiko ikerketa bat aipatu du Basterrak. “Ikerketa horren arabera amiantoak eragindako minbizien % 5 baino ez da diagnostikatzen lan gaixotasun gisa. Izutzeko modukoak dira datuak estrapolatuta ateratzen diren zifrak”.