2015eko udazkena, negua gertu. Madrilgo bi neskari errefuxiatuentzako mantak egiten hastea bururatu zitzaien. Sare sozialen bidez zabaldu zuten ekimena, eta jende ugari batu zitzaien. “Espainiar Estatu osoan 3.000 pertsona inguruk hartu zuten parte ekimenean”, azaldu du Amurrioko Isabel Garcia dendariak. Bezero baten bidez jakin zuen proiektuaren berri: “Lau lagun bildu ginen hasieran, baina jende gehiago animatu zen gero”. Hilabete eta erdiren bueltan lortu zuten 48 manta ehuntzea. Hura izan zen Lesboseko errefuxiatuen alde eskualdean egin zen lehen ekimena; eta ez azkena.
Iazko udazkenean bota bilketa antolatu zuen Leire Larisgotiak Laudion. Dokumental ekoizlea da Larisgoitia, eta Escuela de tránsito izeneko filma grabatu zuen Grezian. “Barrenak ukituta itzuli ginen bertatik, eta zer egin genezakeen aztertzen hasi ginen. Zenbait erakundeetatik oinetakoak biltzen hastea gomendatu ziguten, neguari begira oso beharrezkoak zirelako”. Arrakasta handia izan zuen deiak: Aiaraldean 3.000 bota pare biltzea lortu zuten hiru egunetan.
3.000 bota pare eta 50 metro kubiko arropa bildu dituzte Aiaraldean egun gutxitan
Urte berriarekin batera iritsi zen hurrengo elkartasun keinua: Laudion eginiko arropa bilketa. “Pentsamendu eta adin ezberdinetako herritar asko bildu ginen, errefuxiatuei laguntza eskaintzea zen helburu bakarra”, azpimarratu du antolakuntzan aritutako Lamia Arcasek. Aurreikuspen guztiak hautsi zituen eskaerak. Asteburu bakarrean 50 metro kubiko arropa eskuratu zituzten. “Ez genuen halako erantzunik espero”, erantsi du. Arropa pilatuta, premiazko diru-bilketa jarri zuten abian, materiala Lesbosera ontziz eraman ahal izateko. Oraingoan ere babes zabala jaso zuten: 3.900 euro lortu zituzten egun gutxiren bueltan. Duela bi aste iritsi ziren paketeak kanpalekuetara.
Urduñan, datorren astean
Urduña izango da elkartasun egitasmoen hurrengo geltokia. Ekimen solidarioa egingo dute martxoaren 18an. Hainbat ekintza prestatu dituzte goiz eta eguerdirako. “Europako jarrerarekin ados ez gaudela adierazi nahi dugu”, salatu du egunaren antolatzailea den Nekane Estrellak. Himaya elkarteari emango diote pilatuko duten diru guztia.
Negua joan eta udaberria ate-joka dagoen arren, mota honetako jarduerak bultzatzea garrantzitsua izango da aurrerantzean ere. “Errefuxiatuek kanpalekuetan jarraituko dute zoritxarrez”, erantsi du Leire Larisgoitiak, “esku asko beharko dira Europak giza eskubideen tratatua betetzea erabaki arte”.