Dani Trujillanok salatu du Podemos aiararren ahotsa isiltzen ari dela

Erredakzioa 2017ko mar. 20a, 10:30

Hedabideetan agertu diren albisteei erantzuteko Dani Trujillano eta Ahal Dugu/Podemos-eko beste hiru batzarkide arabarrek prentsaurrekoa eskaini dute gaur. Agerraldian plazaratu dute Lander Martinez eta alderdiko beste kide batzuk salatuko dituztela kalumniak zabaltzeagatik. Gainera, batzarkide arabarren aurkako kanpaina Iñigo Errejonen aldeen mugimendutzat jo dute.

Gaur prentsaurrekoa eskaini dute Ahal Dugu/Podemoseko Arabako Batzar Nagusietako kide gehienek. Euren artean egon da Dani Trujillano amurrioarra. Adierazi dutenez, batzarkideek egindako guztia legezkoa izan da, eta prozedurak egoki bete dituzte.

Zentzu berean, Dani Trujillanok azaldu du notarioak babestu zuela bera izatea Arabako Batzar Nagusietako taldearen kontu korronteko titularra eta besteak kentzea. "Gu ez gara batzarkide 'diskoloak'. Izan ere, gu gara gehiengoa eta besteak hiru besterik ez dira, eta kontuaren titulartasuna zuten". Aldi berean, nabarmendu du ez dutela euren kontrako frogarik.

Aiara ahotsik gabe
Dani Trujillanoren ustez, Iñigo Errejonen aldekoak -Lander Martinez, Eduardo Maura eta Nagua Alba, hain zuzen- alderdian purga egiten saiatzen ari dira, eta horregatik jo dute euren aurka. Amurrioarrak aipatu du Euskadin bakarrik gelditu direla zuzendaritzan Errejonen ildo berekoak.

Arabako batzarkideei presioa egiteko "taldean zeuden bi liberatuak kendu dituzte eta batzordeetatik ere baztertu dituzte" erantsi du amurrioarrak. Gainera, azpimarratu du aiararrak isiltzen ari direla. "Hau ez da gure aurkako kanpaina, bozkatu gaituzten 2.500 pertsonen aurkakoa baizik. Egindakoa Amurrioko eta Laudioko zirkuluen oniritziarekin izan da".

Salaketa Lander Martinez eta beste kideren aurka
Batzarkide arabarrek zabaldu dute Lander Martinez eta Podemos/Ahal Duguko beste kide batzuk salatu dituztela epaitegian. Zehazki, Lander Martinezi leporatu diote kalumnia. "Lander Martinezek esan zuen guk notario-akta faltsutu genuela, eta hori delitua da".

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide