Greba eguna deitu dute gaurko ELA, LAB eta Steilas sindikatuek irakaskuntza publikoan eta haurreskoletan. “Hezkuntza publikoan ematen ari diren murrizketen aurka” eta “hezkuntza sistema berri baten alde” deitu dute greba 2009-2010 ikasturtetik hona 2.000 lanpostu suntsitu direlako unibertsitate kanpoko hezkuntza publikoan eta handitu egin delako prekarietatea, sindikatuek azaldu dutenez.
Grebaren jarraipena zabala izan du eskualdeko ikastetxe publikoetan. Hezkuntza zentro gehienak itxita daude, kasu gehienetan gutxiengo zerbitzuak dauden arren.
LABek emandako datuen arabera, grebaren jarraipena % 85koa da Aiaraldeko ikastetxe publikoetan.
Ikasle greba bihar
Ikasleek hartuko dute grebaren lekukoa bihar. Ikasle Greba deitu du biharko Ikasle Abertzaleak erakundeak DBHn, Batxilergoan, Lanbide Heziketan eta Unibertsitateetan. LOMCE, Heziberri edota EU2020 hezkuntza erreformen aurka egingo dute protesta. Eskualdeko mobilizazioa egongo da Laudion horri begira, 11:00etan Lamuza Plazatik abiatuta.