"Modu naturalean sortu beharko da ELA eta LABen arteko elkarlana, esparru zehatzetan"

Txabi Alvarado Bañares 2017ko mai. 1a, 11:12

Itziar Larrazabal (ezkerrean) eta Izaskun Garcia (eskuman), elkarrizketaren une batean. Argazkia: Iban Pagalday

Maiatzaren Lehenaren bueltan bildu gara ITZIAR LARRAZABAL GARDEAZABAL (Arrankudiaga-Zollo, 1977) eta IZASKUN GARCIA BORDAGARAIrekin (Amurrio, 1977). Esperientzia handia dute sindikalgintzan. Larrazabal ELAko metal arloko arduraduna da. Garcia, aldiz, LABeko emakume idazkaritzako burua da. Langile mugimenduaren orainaz eta etorkizunak mintzatu gara eurekin.

Gaur da Maiatzaren Lehena. Mobilizazioak deitu dituzue bi sindikatuek. Zer helbururekin?

 

Izaskun Garcia: Guk mobilizazioak egin izan ditugu eskualdeetan azken urteetan. Baina aurten ikusten genuen Euskal Herrian ziklo berri bat irekitzen ari dela eta behar berriak sortu direla, burujabetza prozesua azkartzearena tartean.

 

Hori dela eta, pentsatu dugu badela garaia guztiok batera eta egun ditugun hiru eremu administratiboak kontuan hartuz mobilizatzeko eta langileok euskal estatuaren aldarrikapena egiteko. Uste dugu euskal estatuak emango lizkigukeela aukerak erabakitzeko eskubidean eta eremu sozioekonomikoan sakontzeko. Hori da, egun, erabakitzeko eskubide gehien ematen digun estatus politikoa. Horregatik aldarrikatzen dugu euskal estatua.

 

Itziar Larrazabal: Bi manifestazio nazional egingo ditugu guk aurten, Iruñan bata eta Bilbon bestea. Gure aldarrikapena da langile klaseak kaleak hartu behar dituela Maiatzaren Lehenean. Egoera gogorrak pasa ditugu azken urteetan, eta jendea asko sufritzen ari da oraindik ere. Horregatik uste dugu langile klasea kalean behar duela egon, berea aldarrikatzen: burujabetza eta estatu sozial bat, gure egoera ekonomikoa piztu eta lan baldintzak hobetzeko.

 

Aurten greban daude erresidentzietako langileak. Hori dela eta, eurekin elkarlanean arituta egin nahi ditugu Maiatzaren Leheneko aldarrikapenak, manifestazio handi baten bidez.

 

 

Larrazabal: “Gustatuko litzaiguke Maiatzaren Leheneko mobilizazioetan jende gehiago egotea, gazte eta emakume gehiago batez ere”

 

 

Langile gehienek, baina, ez dute Maiatzaren Leheneko mobilizazioetan parte hartzen. Eraginkorrak dira egun horretan egiten diren ekimenak?

 

I.L: Guretzat Maiatzaren Lehena oso egun garrantzitsua da beti. Egia da gustatuko litzaigukeela jende gehiago egotea, gazte eta emakume gehiago batez ere. Baina urtero ilusio handiarekin lantzen dugu egun hori, beste aukera bat delako eta kaleak egun horretan gureak izan behar direlako. Ilusioarekin antolatzen ditugu mobilizazioak lehen mailako delegatuekin egoten garelako egun horretan.

 

I.G: Maiatzaren Lehena bada langileria kalera atera eta bere aldarrikapenak ozen plazaratzeko egun bat. Horregatik, sindikatu, langile zein herritarrek data horri eutsi behar diogula uste dut.

 

Egia da mobilizazio indartsuak pisua galtzen ari direla, baina nire ustez horrek ez du esan nahi Euskal Herrian ez dagoenik mobilizatzeko gaitasunik. Argi dago herri honek horretarako kapazitate handia duela. Mobilizazioak orain beste formatu batzuetan ari dira ematen, modu lokalago batean, adibidez.

 

Zentzu batean, horrek bai kezkatzen gaituela, ziklo berri bat irekitzen ari dela planteatzen ari garelako eta euskal estatu baterantz jo nahi dugulako eta ulertzen dugulako prozesu horretan herria aktibatua eta kalean egon behar duela. Kezka puntu bat bai suposatzen digula horrek, baina bidea hori dela uste dugu: jendea animatu eta aktibatu behar dugu, herrietan eta kaleetan egoteko.

 

Horregatik, mobilizazioei eutsiko diegu, maiatzaren 1ekoa ez da lehena ez azkena izango.

 

 

Garcia: “Egia da mobilizazio indartsuak pisua galtzen ari direla, baina nire ustez horrek ez du esan nahi Euskal Herrian ez dagoenik mobilizatzeko gaitasunik, kezka puntu bat sortzen digun arren”

 

 

I.L: Hala da, bai. Maiatzaren Lehena oso garrantzitsua da, baina mobilizazio askoz gehiego daude eta guztiek dute garrantzia.

Langile klasea eta klase borroka ez al dira iraganeko kontuak?

 

I.G: Zentzugabekeria bat da gaur egun klase borroka existitzen dela ukatzea. Agerikoa da gutxiengo bati erantzuten dion elite ekonomiko bat dagoela aginduan eta zapaltzen ari dela herritarren eta langileen gehiengoa, eskubideak murriztuz, ukatuz eta suntsituz. Geroz eta agerikoagoa da gatazka.

 

Asko hitz egin dela langile klasearen inguruan, eta egia da sindikalgintzatik autokritika apur bat egin beharko genukeela. Guztiok dugu buruan langile finko, gizonezko eta txuriaren irudia buruan, baina iruditegi horretatik harago joan beharko ginateke. Langile klase anitz, zabal eta aberasgarriago baterantz jo beharko genuke. Hor aipamen berezia beharko lukete orain arte gure iruditegian ordezktuak egon ez diren sektoreak: lan merkatu araututik kanpo lan egiten dutenak, zaintza lanetan ari diren emakumeak, sexu langileak, etorkinak... horiei guztiei begirako diskurtso bat egiteke dugu oraindik. Hori da gure erronka. Gu guztiok osatzen dugu langile klasea, eta definizio zabal horri ateak zabaldu beharko genizkiokeela uste dut.

 

 

Garcia: “Zentzugabekeria bat da gaur egun klase borroka existitzen dela ukatzea. Langile klasearen ber-osaketari ekin behar diogu”

 

 

I.L: Ados nago horrekin. Neoliberalismoa eraldatzen doa apurka apurka, eta bere tresnak ere aldatzen ditu. Langile klasea eta klase borroka hor daude baita, eguneroko ogia dira enpresetan, eta geroz eta garrantzia handiagoa hartuko dute.

 

Kontua da sindikalgintza ere moldatzen eta eraldatzen joan behar garela pixkanaka. Neoliberalismoak hainbat estrategia baliatzen ditu, eta gu ere gai izan behar gara gertatzen ari denaren gaineko diagnostiko bat egin eta horren araberako estrategiak osatzeko.

 

I.G: Hori da orain dugun erronka: langile klasearen ber-osaketari ekitea. Kapitalak bete-betean asmatu du zatitzeko estrategiarekin. Orain guri dagokigu zatiketa horri aurre egin eta ber-osaketa horretan asmatzea.

 

 

Larrazabal: “Beti egon da lan baldintza txarrak dituen jendea, prekarietatea hor egon da beti”

 

 

Langile klasea baino, gaur egun dagoena langile “prekarizatua” dela diote aditu batzuek.

 

I.L: Beti egon da lan baldintza txarrak dituen jendea, prekarietatea hor egon da beti. Neoliberalismoak eta enpresek orduak igarotzen dituzte soldatak nola jaitsi eta lan ordu gehiago nola ezarri pentsatzen.

 

Horregatik da geroz eta handiagoa enpresetan topatzen dugun prekarietatea. Azken zortzi urteetan ikusi izan dugu nola sartu duten jende gaztea enpresa handietan azpi-kontraten bidez, eta prekarietatearen puntu gorri bat da azpi-kontratazioa.

 

Langile “prekarizatua” beti existitu da, baina azken urteetan asko ugaritu da enpresetan. Jende gazteak bizitzeko duen lan eta soldata beharraz baliatzen ari dira lan baldintzak okertzeko. Jende asko dago oso egoera txarretan lan egiten, hobetzeko itxaropenik gabe gainera. Hor dago prekarietatea, eta aurre egin behar zaio.

 

I.G: Orain arte beti existitu dira “lehen mailako” eta “bigarren mailako” langileak, asko dakigu horretaz emakumeok. Baina egia da orain neoliberalismoak prekarietatean sakontzeko apustu bat egin duela, prekarietatea bizitzaren esparru guztietara hedatuz. Ikusten ari gara lan mundutik kanpo ere miseria egoera larriak ematen ari direla.

 

Fenomeno hori asko areagotu da azken urteetan, eta asko kezkatzen gaitu sindikatuoi. Horregatik jarri da agian horren modan “prekariadoa” terminoa. Baina esango nuke prekarietatea une honetan langile gehienek pairatzen dutela: merkatutik sartu eta atera dabiltzan gazteek, merkatu beltzean lan egin behar duten etxeko langileek, etorkinek... baina gaur egun lan finkoa duten langile askok ere RGIa eta antzeko laguntzak jaso behar izaten dituzte bizi kalitate duin bat izateko. Oso fenomeno kezkagarria da hori.

 

I.L: Nik azpimarratuko nuke emakumeoi eragiten digula batez ere prekarietate horrek, eta nabarmenduko nuke baita gobernuak kontrolatutako sektoreetan ere handia dela prekarietatea. Onartezina da hori, gobernua ez litzateke horren parte izan behar.

 

I.G: Ez, eredu izan beharko litzateke, eta ez da.

 

 

Garcia: “ Orain arte beti existitu dira “lehen mailako” eta “bigarren mailako” langileak, asko dakigu horretaz emakumeok. Baina egia da orain neoliberalismoak prekarietatean sakontzeko apustu bat egin duela”

 

 

Nola iritsi daiteke aipatu dituzuen langile klasearen beste sektore horietara?

 

I.L: ELAn aldaketa asko egin ditugu azken urteetan antolakuntzaren alorrean. Krisia oso gogor sartzen zela ikusi genuen, enpresetan triskantza handiak egin dituzte eta jendeak beldur handia zeukan, eta badu oraindik. Langabezi tasak horren altuak izateak beldurra sortzen du herritarrengan. Sindikatuan egin ditugun antolakuntza aldaketak lantokietatik gertuago egoteko egin ditugu; arazoak dauden tokietatik hurbilago egoteko eta, modu horretan, diagnostiko egoki bat egin eta jendearen lan-planak antolatu ahal izateko.

 

Asko ikasten ari gara erresidentzietako langileekin. Urte luzez ibili gara eurekin lan egiten, eta egia da hasiera batean ez zutela euren burua greba bat egiteko gai ikusten, uste zutelako euren soldata etxerako diru-osagarri bat zela, bigarren mailakoa. Baina urteen poderioz nik uste dut konturatu direla oso lan garrantzitsua egiten dutela. Zerbitzu publiko bat eskaintzen dute, kudeaketa pribatua duena gainera. Konturatu direla eskubidea dutela lan baldintza duinak izateko. Nik uste dut oso borroka polita egiten ari direla emakume horiek une honetan, eta gu ere asko ikasten ari garela eurekin.

 

 

Larrazabal: “Asko ikasten ari gara erresidentzietako langileekin, oso borroka polita ari dira garatzen”

 

 

I.G: Galdera hori entzunda badirudi zahartuak daudela orain arteko sindikalgintzaren borroka eta antolaketa moldeak eta orain dena berritu behar dugula. Nik uste dut sindikalgintzaren borroka molde asko (greba, tartean) baliagarriak direla oraindik ere, eta aldarrikatu egin behar dugu. Sektore askorentzako hori da daukagun eskaintza, eta kasu askotan hori da eraginkorrena.

 

Baina egia da baita erreparatu egin behar diogula beste sektore batzuen errealitateari eta erantzun behar diegula baita euren interes zehatzei. Askotan eramaten gaitu horrek antolaketa molde berriak planteatzera. Horri begirako proposamen batzuk biltzen dira maiatzean dugun kongresuaren antolakuntzari buruzko ponentzian, sektore berriei ateak zabaltzeko asmoz eta afiliatu eta langileak antolatzeari begira, sail sindikaletatik harago.

 

Ildo beretik doa borroka moldeen eztabaida. Greba hor egoten jarraituko du noski, hori aldarrikatzen dugu. Baina probatzen joan beharko gara baita bestelako ereduak eta gauza berriak. “Ensayo-error” formula baliatu beharko dugu. Kasu batzuetan asmatu egingo dugu eta beste batzuetan konturatu egingo gara hori ez dela jendeak behar duena.

 

 

Garcia: “Greba tresna gisa aldarrikatzen jarraituko dugu, baina probatzen joan beharko gara baita bestelako borroka ereduak, 'ensayo-error' formula baliatuta”

 

 

Hainbat dinamika jarri ditugu martxan, emakumeen sektoreei eta langile prekarioenei begira batez ere. Inkestak egin ditugu eurekin, lanketa zuzena... konturatu gara horrelako gauzek ere fruituak ematen dituztela eta argi geratzen da langile sektore horiek ere borrokatu eta eurena defendatu nahi dutela. Bidea hori dela uste dut: asmatzen joatea, euren beharrak zein diren ikusiaz.

 

Horretarako garrantzitsua da baita beraiei entzutea: zer behar duten eta zer eskatzen dioten sindikalgintzari. Egin izan ditugu mota horretako gogoetak etxeko langileekin. Eurekin ikasi, eurei moldatu moldatu eta eskaintza bereziak ematean dago gakoa.

 

Zer nolako borroka molde berriak garatu dituzue?

 

I.G: Denetarik saiatzen ari gara. Esan bezala, langilez langile joan gara inkesta batzuk pasatzen, jakiteko zertan nabaritzen duten eurek prekarietatea. 4.000 erantzun jaso ditugu guztira, jendeak gauzak egiteko gogoak dituenaren seinale.

 

Egin izan ditugu baita mobilizazio bereziak. Aste Santuan “pasoekin” atera dira, bestelako aldarrikapen batzuk planteatzeko. Protesta eredu berriak dira, itxurosoak. Betiko pankartaren atzean egia da jada ez dugula erantzun bera sumatzen, leloa askotan ez da irakurri ere egiten. Modu ezberdin horien bidez lortzen dugu jendearen arreta deitzea eta leloa edo mezua behintzat transmititzea. Horrelako saiakeretan gabiltza orain.

 

 ELA eta LABek osatzen duzue gaur egun Euskal Herriko gehiengo sindikala. Zer abantaila eta zer desabantaila ditu horrek?

I.L: Nik esango nuke gehiengo sindikala izateak ez duela desabantailarik (barreak).

 

Beste modu batean planteatuta: Zer erraztasun eta zer zailtasun dakartza gehiengo horren kudeaketak?

I.L: Guk lan pilo bat egiten dugu hauteskundeetan, oso garrantzitsua da guretzat delegatu bakoitza. Aukera piloa ematen dizkigu gehiengoa izateak. Lan-hitzarmenen negoziazio mahaian gehiengoa izatea aukera itzelak ematen dizkizu hitzarmen onak (blindatuak eta oso eduki sendoekin) lortzeari begira.

 

Gehiengo horrek eman beharko liguke baita aukera gauza gehiago egiteko beste sektore eta arlo batzuetan. Horretan gabiltzala uste dut.

 

 

Larrazabal: “Gobernuak ez du gure gehiengoa onartzen eta gure nagusitasuna zapuztu nahi du”

 

 

I.G.: Gehiengoa izatea abantaila bat da beti. Baina gu kontziente gara gehiengo horretaz, eta gehiengo hori sindikatu abertzale batzuek izateak dakarrenaz. Gure arerioak ere badaki hori. Horretara dator Cofesbankek orain abian jarri duten estrategia, Eusko Jaurlaritzak guztiz babestu egin duena. Gehiengo horren eraginkortasuna baldintzatu nahi izan dute, gure bidean oztopoak jarriaz.

 

Horrek erakusten du zer nolako eraginkortasun eta indarra izan dezakegun eta zer nolako gauzak lor ditzakegun elkarrekin baldin bagaude. Patronala ez da ergela. Badakite gehiengo sindikala Euskal Herrian beste bat dela, beste aukera batzuk daudela eta beste eraginkortasun bat dugula. Horretan eragiten saiatzen ari da.

 

Kapitalak, patronalak eta langileriak parte hartzen dute klase gatazkan. Estatuak eta instituzioek paper neutral bat jokatu behar zuten. Baina argi dago azken urteetan erabat lerrokatu direla patronal eta kapitalarekin, krisiaren aitzakia baliatuta. Horregatik, sekulako desoreka jazo da borrokaren indar korrelazioan. Hori da gaur egun dugun arazoa: gehiengoa izanda ere topatzen ditugun trabek gure ekimenak eta gure eraginkortasuna baldintzatzen dituztela.

 

I.L.: Arazoa da gobernuak ez duela gure gehiengoa onartzen eta gure nagusitasuna zapuztu nahi duela. Erabaki politikoak hartzen ari da horri begira. Horren adibidea da estatu mailako sindikatuekin eginiko akordioa. Badakigu gogor datozela gure aurka, baina nik uste dut ondo antolatzen baldin bagara eta gure diskurtsoarekin koherenteak baldin bagara geroz eta gehiago egingo dugula aurrera.

 

Zein da Eusko Jaurlaritzarekin gaur egun duzuen harremana?

 

I.Z.: Harremana? Ez dago harremanik (barreak)

 

I.G: Protokoloa betetzera mugatzen gara. Ez dago erlaziorik une honetan.

 

 

Garcia: “Ezin dugu Eusko Jaurlaritzaren aurrekontuen balorazio positiborik egin”

 

 

Onartu berri dira Eusko Jaurlaritzaren aurrekontuak. Zer nolakoak iruditzen zaizkizue?

 

I.L.: Aurrekontuei buruzko txosten bat egin dugu. Atzerakoiak dira, erabat. Geroz eta murrizketa gehiago egiten ari dira Osakidetzan, inbertsioak iragarri dituzten arren. Antzera dabiltza beste alor askotan. Guk argi esan dugu aurrekontu horien aurka gaudela.

 

Fiskalitateari buruzko eztabaida handi bat egin behar dela uste dugu, baina gobernua ez dago horretarako prest. Badakigu iruzur fiskala handia dagoela. Badago txosten bat, Eusko Jaurlaritzak berak eskatutakoa. Bertan zehazten da 3.000 milioi eurokoa dela iruzur hori EAEn, eta ez dute ezer egiten. Zergak ere orain daudenak baino askoz orekatuagoak beharko lukete izan, behar diren gauzetarako diru gehiago bideratu ahal izateko.

 

I.G.: Aurrekontu sozial batzuk aldarrikatzen ditugu ELA eta LABek. Horrek esan nahi du aurrekontuak tresna bat izan behar dutela dagoen aberastasuna banatzeko. Politika fiskal bidezko bat behar da horretarako, politika bat zeinetan gehien duena izango den gehien ordaintzen duena eta zeinetan dirua gehiengoaren beharrak asetzeko baliatuko den. Baina EAJk berriz ere egin du murrizketez betetako aurrekontu neoliberal eta atzerakoi batzuen aldeko apustua.

 

Hor ikusten da non dauden gobernuaren lehentasunak: AHTa bezalako obra erraldoietan eta antzekoetan. Beste aldean dugu RGIarekin eman den murrizketa lotsagabea. Horregatik ezin dugu aurrekontuen balorazio positiborik egin. Gainera, ez dute balio ezta emakumeen egoera aldatu eta inolako politika feministarik martxan jartzeko.

 

 

Larrazabal: “ EAJk ez du aipatu nahi aurrekontuak PPrekin onartzen ari direla. Ez dute horretaz hitz egin nahi. Zer da errazena? ELAren aurkako artikulu bat ateratzea”

 

 

EAJa gogor oldartu da ELAk azkenaldian erakutsitako jarreragatik eta eginiko adierazpengatik. Nola baloratzen duzue alderdiaren erreakzioa? Zer eragin izango du tira-bira horrek alderdiaren eta sindikatuaren arteko harremanean?

 

I.L.: Nik ez dut argudio edo arrazoirik entzun EAJren adierazpenetan. Deskalifikazioak ematera mugatu dira, deskalifikazio pertsonalak tartean. Ez dute adierazi zertan ez dauden ados guk esandakoarekin. Txosten oso bat egin dugu aurrekontuen inguruan dugun iritzia emanez eta buruan ditugun alternatibak idatziaz. EAJk ez du aipatu nahi aurrekontuak PPrekin onartzen ari direla. Ez dute horretaz hitz egin nahi. Zer da errazena? ELAren aurkako artikulu bat ateratzea. Berdin da zer esaten dugun, deskalifikazioak sartzen ditugu, baina ez dugu Alderdi Popularrarekin dugun adostasunaz hitz egiten.

 

Ikusiko dugu. Hurrengo pausoa izango da estatuko aurrekontuei onarpena ematen dieten ikustea. Orduan baliteke ELAren aurkako beste artikulu bat aurkitzea medioetan.

 

Baina guri behintzat horrek aukera eman digu jendeari aurrekontuen inguruan dugun iritzia azaltzeko. Hori da guretzat garrantzitsuena. Gutaz zer esaten duten edo Txikiren (ELAko idazkari nagusia) zer dioten eragina izango luke gugan baldin eta argudioak erabiliko balituzkete. Baina modu honetan ez.

 

 

Garcia: “Sindikatu sozio-politiko gisa aritzea da EAJk ELAri leporatzen diona, LAB bezala. Ikusten da zer den min egiten diena eta zerekin dauden haserre. Bidea horixe dela erakusten digu horrek”

 

 

I.G.: Hor ikusten da zer nolako papera eman nahi digun EAJk sindikatuoi. Euren konpartsa izan behar gara, egiten duten guztia txalotuaz eta negoziazio mahaietan parte hartuaz, CCOOk eta UGTk egiten duten bezala. Baina sindikatuak bestelako aldarrikapenak egiten ditugunean eta, batez ere, sindikatu sozio-politiko bezala aritzen garenean haserretu egiten dira. Hori da EAJk ELAri leporatzen diona, sindikatu sozio-politiko gisa aritzea, LAB bezala. Ikusten da zer den min egiten diena eta zerekin dauden haserre. Bidea horixe dela erakusten digu horrek.

 

I.L.: Hori da EAJk nahi duena; sindikatuak alboan izatea argazkia egiteko eta guk denari amen egitea. Baina ez dugu halakorik egingo.

 

 

EAJk askotan aldarrikatu du “euskal oasia”, egoera sozioekonomikoa EAEn hobeagoa dela, alegia. Egia da langabezia nabarmen jaitsi dela azken urtean. Bukatu da krisialdi ekonomikoa? Zein da, zuen ustez, gaur egungo egoera?

 

I.G.: Berreskurapen ekonomikoaz hitz egiten dute. Baina zertan datza berreskurapen hori? Hor dago gakoa. Prekarietatean oinarritutako berreskurapen ekonomiko bat da. Berriro ere dabiltza langilearen eskubideak murrizten, gutxiengo batzuen irabaziak bermatze aldera.

 

Galdu den enplegua finkoa zen, eta orain berreskuratzen ari dena aldi baterakoa da, lanaldi partzialetan oinarritutakoa. Patronalak eta Confebaskek ez dute aurreko egoerara itzuli nahi. Eredu berri bat jarri nahi dute martxan, prekarietatean, pobrezian eta miserian oinarritutakoa. Berreskurapen ekonomikoa dago beraz? Zeinentzat? Langileentzat behintzat ez da egoten ari. Apurrak banatzen ari dira, eta zer nolako apurrak gainera.

 

 

Larrazabal: “Sistema honek ez dio zaintzaren sektoreari duen garrantzia eman nahi, balorea kendu nahi dio. Prekarietate handia sortzen du horrek, ikusten ez dena gainera”

 

 

I.L.: Azken lan erreformak (lanarena eta negoziazio kolektiboarena) egin zirenean helburua soldatak jaistea eta langileen egoera txarrera eramatea zen. Oso argi ikusi genuen hasieratik, eta enpresak horretaz baliatzen ari dira. Estatu mailako hitzarmen bat aplikatu ahal badute ez dute aukera galtzen. Estatu mailako sindikatuak ere estatuko hitzarmenak sinatzen ari dira. Prekarietatea ere hor dago, sektore askotan. Emakumeen sektoreetan izugarria da dagoen prekarietatea.

 

Nabarmendu nahiko nuke gehienbat emakumezkoak biltzen dituen zaintza sektoreetan ematen direla prekarietate egoerak. Sistema honek ez dio zaintzaren sektoreari duen garrantzia eman nahi, balorea kendu nahi dio. Prekarietate handia sortzen du horrek, ikusten ez dena gainera.

 

I.G.: Egon bada noizbait toki bat zeinetan emakumeek lan baldintza duinak izan dituzten, zerbitzu publikoaren sektorea izan da hori: irakaskuntzan, osakidetzan, jantokietan... lanpostu asko galdu dira gune horietan egin diren murrizketekin. Galdu egin da emakumeek zeukaten enplegu duin hori. Orain berreskuratuko dena ez da kalitate berekoa izango, argi dago hori.

 

Eta, eskualdean, zein da egoera?

 

I.G.: Industria alorreko enpresa batzuk galdu genituen krisiaren hasieran eta horiekin batera enplegu duin bat, kalitatezkoa, lan baldintza onekoa, galdu egin da baita. Horren errekuperazioa ez da sumatzen. Orain sortzen ari diren lanpostuak zerbitzuen alorrari eta prekarietateari lotutakoak dira. Jarraitu beharko dugu enplegu duina aldarrikatzen.

 

 

Garcia: “Egia da neoliberalismoak lortu duela bere estrategian aurrera egitea, baina argi dut baita ez duela Euskal Herrian nahi zuen guztia egitea lortu gu hor egon garelako”

 

 

Pozik zaudete ELA eta LABek krisi garai hauetan eginiko lanarekin? Gehiago egin zitekeela uste duzue?

 

I.G.: Nik uste dut krisialdi ekonomikoari erantzun egin zaiola gehiengo sindikalaren partetik. Sei greba orokor burutu izan ditugu, hainbat eta hainbat lan gatazka kaleratu ditugu, mobilizazio ugari... Egia da neoliberalismoak lortu duela bere estrategian aurrera egitea, baina argi dut baita ez duela Euskal Herrian nahi zuen guztia egitea lortu gu hor egon garelako. Hori balioan ipini behar dela uste dut.

 

Aipatu beharra dago erasotuak izan direla langileen eskubideak defendatzeko sindikatuok genituen tresnak. Hor dago negoziazio kolektiboaren erreforma. Genituen bitarteko guztiak suntsitu dituzte, behin eta berriro izan gara erasotuak. Horren ostean zabaldu dute sindikatuen eraginkortasunaren gaineko eztabaida, oso asmo txarrekin eta oso modu maltzurrean.

 

Nik uste dut ondo erantzun dugula genituen bitartekoak kontuan izanda. Kontuan izan behar dugu zer nolako etsaia den aurrean duguna, eta kontuan izan behar dugu baita aginte politikoa erabat lerrokatua dagoela bere alde. Balantza erabat desorekatu du horrek. Hala ere, sindikatuok eginiko lana harro egoteko modukoa dela deritzot.

 

I.L.: Gauza askori aurre egin diegula uste dut. Gobernuak legeak aldatu ditu. Negoziazio kolektiboa, adibidez, goitik behera aldatu du. Oso lege aldaketa teknikoak izan dira gainera. Zu joan tailer batera eta azaldu bertako langileei lehen zegoen negoziazio sistema amaitu dela eta orain beste negoziazio mota bat egin behar dugula. Oso aldaketa handia izan da. Hala ere, uste dut gure jendeak badakiela zer nolako erronka dugun aurrean eta ulertzen duela.

 

 

Larrazabal: “Zu joan tailer batera eta azaldu bertako langileei lehen zegoen negoziazio sistema amaitu dela eta orain beste negoziazio mota bat egin behar dugula. Oso aldaketa handia izan da”

 

 

Maiatzean lau urte beteko dira Euskal Herriko azken greba orokorra egin zenetik. Zergatik ez dira gehiago egin egoera txarra izaten jarraitzen badu? Eraginkortasuna galdu dute grebek?

 

I.G.: Ez dut uste eraginkortasuna galdu dutenik. Baina egon diren erreformekin delitu bilakatu da ia greba egitea, mozal legea ere hor dago... ofentsiba oso bat dago prestatuta herria kalera atera eta mobilizatu ez dadin. Euskal Herrian gure bidea egin dugu, antolatu ditugu gure mobilizazioak. Mobilizazio indartsuen fase bat egon zen, baina nik uste dut instituzioak ez zirela gai izan sindikatuok kalean bildu genuen indar guzti hori baliatzeko. Aukera bat galdu zen, nire ustez.

 

Estrategia berriekin asmatu beharrean gaude, kaleko aldarrikapen horiek instituzioetara ere bideratu ahal izateko eta hor ere eragiteko. Baina ez dut uste azken urteetan greba egin ez izangatik atzera egin dugunik. Estrategia aldaketa bat egon da eta egia da sindikatuen artean distantziamendu bat egon zela eta bakoitza berera ibili dela. Hala ere, horrek ez du esan nahi ezer egin gabe egon garenik. Fase berri honi begira zer egingo dugun, hori da garrantzitsuena.

 

 

Garcia: “Instituzioak ez ziren gai izan sindikatuok kalean bildu genuen indar guzti hori baliatzeko. Aukera bat galdu zen, nire ustez”

 

 

I.L.: Greba orokorra hor dago eta beti izango da aukera bat. Greba orokorrak egin genituen legen aldaketa oso gogorrak egin zituztenean: pentsio legea, lan erreforma, negoziazio kolektiboa... azken urteetan “proba-akatsa” sistema baliatzen egon gara, beste mobilizazio formatu batzuk abian jarriaz: grebak, lanuzteak... Baina argi dagoena da nahi dugun eraldaketa lortu nahi badugu mobilizazioa behar dugula, bai ala bai. Hori landu behar dugu.

 

 

Larrazabal: “Greba orokorra hor dago eta beti izango da aukera bat”

 

 

Eraginkortasun eza leporatu zaie askotan sindikatuei, langileek sindikalgintzan geroz eta gutxiago konfiantzen dutela esaten da...

 

I.G.: Nik uste dut hori modu maltzurrean zabaldu dela, sindikatuoi eta langileriaren aurkako ofentsiba bat artikulatzeko. Ez dut uste langileek sindikatuekiko konfiantza galdu dutenik. Hor daude hauteskunde sindikalen emaitzak. Jendeak jarraitzen du bozkatzen eta euskal sindikalgintzari eta sindikalgintza abertzaleari babesa ematen.

 

Uste dut sindikalgintzak baduela faktura bat langileekiko, baina sindikalgintza estatalak, estatuan atera diren hainbat iruzur kasu direla eta. Sindikatuen inguruko zenbait uste zabaldu ditu horrek, eta batzuk hori orokortu nahiko dute.

 

Baina guk badakigu horrek ez gaituela eragiten, ez gaudelako maila horretan. Soberan erakutsi dugu konfrontaziozko sindikatuak garela eta ez garela saltzen diru-laguntza edo bestelakoengatik eta ez ditugula sinatu behar ez ditugun gauzak sinatzen. Hori dela eta, ez dut uste langileek sindikatuengan konfiantza galdu dutenik, behar edo arazoak dituztenean gurera etortzen jarraitzen dute eta jarraitzen dute baita mobilizazioetan parte hartzen.

 

Egia da baita langile sektore batzuentzako ez garela horren erreferenteak, horietara hurbildu beharra daukagu. Baina horrek ez du esan konfiantza falta dutela gugab, baizik eta euren interesak gudan islatuak ikusten ez dituztela.

 

 

Garcia: “Egia da baita langile sektore batzuentzako ez garela horren erreferenteak, horietara hurbildu beharra daukagu”

 

 

I.L.: Izaskunek aipatu duen bezala, hor daude hauteskunde sindikalen emaitzak. Baditugu gure delegatuak. Kontua da sindikatuez hitz egiten denean orokortasun batetik hitz egiten dela. Poltsa berean sartzen gaituzte estatu mailako sindikatuak eta gu. Norbaitek halakoak esaten dituenean eskatzen diot zehazteko zer sindikatuz hitz egiten duen, agian gauza batzuk azaldu ahalko nizkiokeelako. Baina uste dut egunerokoan egiten dugun lanarekin aurre egingo diegula uste horiei guztiei.

 

Zer ezberdintasun dago estatu mailako sindikatuen eta zuen artean?

 

I.L.: Euren estrategia aipatuko nuke lehenbizi. Gizarte elkarrizketarako mahaia jarri daiteke horren adibide gisa. Bertan ez gaude gu, baina eurak (CCOO eta UGT) bai. Lehen aipatu dugun bezala, gu bere konpartsa izatea nahi du gobernuak, eta gure ustez hori lortu du estatu mailako bi sindikatuekin.

 

Badago baita beste ezberdintasun bat: eurek subentzioen beharra dutela. Gu horretan oso burugogorrak gara. Sakratua da gure autonomia ekonomiko zein politikoa, eta gobernuak badaki hori. Horiek dira, nire ustez, bi ezberdintasun garrantzitsuenak.

 

I.G.: Kontua da CCOOk eta UGTk onartu dutela sistemak eman dien papera, konfrontaziozko sindikatu izan beharrean. Negoziatu ditzaketen apurrak negoziatuko dituzte, hori da euren egitekoa. Horregatik da ezberdina euren estrategia politiko sindikala guk dugunarekiko. Guk argi dugu ez garela joango mahai horietara apurrak negoziatzera, horrek ez duelako langileen egoera aldatzeko aukerarik emango.

 

Hori gainditu eta beste eredu bat eraiki behar dugula uste dut. Horregatik aldarrikatzen dugu lan harremanetarako eta babes sozialerako euskal esparru bat eraiki behar dugula. Esparru horretan, eman ahalko litzaioke buelta euskal langileek dituzten behar eta interesei, beste indar korrelazio batekin eta beste termino batzuetan hitz eginda.

 

I.L.: Bi sindikatu horiek (UGT eta CCOO) estatuan egiten ari direna azpimarratuko nuke baita: estatu mailako hitzarmenak egitea eta hemen egiten ditugun akordioen aurkako inpugnazioak aurkeztea. Guretzat oso gogorra da hori. Estatutik etortzen ari diren hitzarmen askok soldata erdira murriztu eta lanorduak ugaritzen dituzte emakumeen sektore askotan, adibidez. Guretzat oso gogorra da bi sindikatuek hori sinatzea.

 

 

Garcia: “Oso zaila izango da lau sindikatuak (ELA, LAB, CCOO eta UGT) batera ikustea, oso gauza zehatzetan ez bada”

 

 

Esan ohi da langileek batasuna eskatzen dietela sindikatuei, bakoitza bere aldetik ibili beharrean. Zergatik ez duzue posible ikusten batasun hori? Non daude marra gorriak?

 

I.L.: Ulertzen dugu jendeak batasun hori eskatzea, baina marra gorriak lehen aipatutako puntuetan daude. Elkarlana posiblea da beste sindikatuekin helburu berdina konpartitzen baldin badugu. Baina xede ezberdinak baldin baditugu ezinezkoa da hori egitea, eta ez dugu egingo. Estatutik gure jendearen lan baldintzak okertu nahi badituzte ez gara euren alboan egongo.

 

I.G.: Orain arte bi esparru egon direla esango nuke. Lantegietan egon izan dira sindikatuen arteko elkarlanak, oso borroka eta aldarrikapen konkretuen baitan. Baina oso zaila da adostasunak lortzea maila nazionalean estrategia politiko-sindikal ezberdinak izanda.

 

Lantegietan ere esango nuke gauzak okerrera joan direla akordioak lortzeko orduan, ikusten dugulako lan munduarekin harreman zuzena duten kontuetan ere ezin garela ados jarri: guk hemen hitzarmen bat sinatzen badugu eurak inpugnatu egiten dute. Tarte txikia uzten digute lantegietan eurekin ezer negoziatzeko. Ez zaigu koherentea iruditzen hemen gauza batzuk defendatzea eta Madrilen batzuk egitea. Ez gara euren kontraesanetan eroriko. Oso zaila izango da lau sindikatuak batera ikustea, oso gauza zehatzetan ez bada.

 

 

Abertzalea izan behar da ELA edo LABen egoteko?

I.G.: Euskal Herrian bizi garela aldarrikatzen dugu guk: bertan lan egin, bertan erabaki. Hemen bizi gara, hemen lan egiten dugu eta hemen erabaki nahi dugu zer nolako lan harremanak izan nahi ditugun, hemengo errealitateari erantzunez. Ez dugu ulertzen hemen errealitate bat eta gehiengo bat baldin badaude eta gehiengo horren arabera zerbait negoziatu baldin baduzu nola etorri daitekeen Madrilen beste batzuek onartutako akordio bat hemengoa zapuztera. Langileen baldintzak hobetzeko izango balitz sikiera, baina baldintzak okertzeko baldin bada ez dugu onartzen.

 

Hori da guretzat abertzalea izatea. CCOOk eta UGTk ez dute hori onartzen, Madrilera begira daudelako. Baina guk badakigu Madrileko partidan ez dugula ezer irabazterik eta ez dugula horretara jokatu nahi.

 

I.L.: Hobeto bizitzeko nahi dugu burujabetza. Hori da gure helburua: abertzale izatea, burujabe izatea eta modu horretan hobeto bizitzea, arlo guztietan.

 

 

Larrazabal: “Hobeto bizitzeko nahi dugu burujabetza”

 

 

Burujabetza aldarrikatzen ELA eta LABek. Erabakitzeko eskubidea, euskal estatua... zertan dira mesedegarriak langile klasearentzat?

 

I.L.: Arlo guztietan. Burujabetzak aukera emango liguke guk erabakitzeko zer hitzarmen nahi dugun gure lantokietan. Aukera emango liguke baita nahi dugun fiskalitate mota hautatzeko, gu baino hobeago dauden herrialdeetara begiratuaz eta eurekin ikasiaz. Aurrekontu orekatuak egiteko aukera emango liguke horrek, egoitza publikoak, haurtzaindegi publikoak...

 

I.Z.: Autonomismoak eman zezakeen guztia eman duela uste dugu, agortua dago, eta berriro horretan saiakerak egitea herritarrei iruzur egitea dela deritzogu. Horregatik aldarrikatzen dugu burujabetza osoa behar dugula, gauzatu nahi dugu aldaketa sozial hori aurrera eramateko.

 

Itziarrek aipatu duen ildotik, burujabetzak balioko liguke gure lan-kode propioa izateko, 35 orduko lan-astea eta 1.200 euroko gutxieneko soldata ezartzeko, emakumeen egoerari aurrera egiteko neurriak planteatzeko, pentsio babes sistema propioa izateko... horretarako behar dugu aldaketa politikoa. Aldaketa politikoak ez du zuzenean aldaketa soziala ekarriko, horretarako egon behar gara gu hor, hori bermatzeko. Argi dugu gaur egungo estatus politikoa gainditu eta burujabetzan sakondu behar dugula.

 

 

Garcia: “Europar Batasunaren barruan jarraituta izango ditugu mugak, ziur. Hor dugu Greziako adibidea. Horra iristen garenean herri honek ikusi beharko du zer nolako prozesua jartzen duen martxan”

 

 

Baina posiblea da aldarrikatzen duzuen burujabetza hori aurrera eramatea Europar Batasunaren barruan mantenduta? Espainiako Estatuak askotan esaten du aginduak troikatik jasotzen dituela.

 

I.G.: Egia da muga hori dagoela, baina hori hor egoten jarraituko dugu estatu bat izanda zein Espainiaren barruan jarraituta. Estatu propio bat izanda behintzat aurrera egin ahal izango dugu beste gauza askotan ere. Izango ditugu mugak, ziur. Hor dugu Greziako adibidea. Horra iristen garenean herri honek ikusi beharko du zer nolako prozesua jartzen duen martxan. Bere garaian Islandiak planto egin zuen, adibidez.

 

Badaude eredu eta aukera ugari, baina hori hemen egin beharko dugun eztabaida bat da. Horrek ezin gaitu bultzatui gaur egungo markoan geratzera, argi dugulako hor ez dugula zer egiterik. Badakigu zer den hemen jarraituta langileontzat aurreikusia dutena: prekarietatea eta pobrezia.

 

 I.L.: Badakigu austeritatea eta murrizketak direla troikatik eta Europatik datorren guztia. Hori jakinda gu kapazak izan behar gara planto egiteko. Europatik datorren guztia aplikatzen ari dira estatuak, eta gauza bera gertatzen ari da Euskal Herrian ere. Hemen egoera ezberdina dela saldu nahi digute, baina azken erreformei begiratzen badiegu konturatuko gara egoera berdinean gaudela.

 

 I.G.: Hor badago beste gogoeta bat, “herrien Europa” eraikitzearena. Horretan gure bidea, gure hausnarketa propioak eta gure ekarpenak egin beharko ditugu. Baina hori ikusiko dugu, ea ikusten dugun.

 

Garcia: “Zabaldu nahi dugun ziklo berriaren eta egin nahi ditugun berrikuntza guztien abiapuntu gisa baliatu nahi dugu kongresua”

 

Maiatzean du LABek bere kongresua, eta ELAk ekainean. Zer kezka eta zer aurreikuspen dituzue kongresu horiei begira?

I.G.: 40 urte betetzen ditu LABek aurten. LABen sorreran eman genuen lehen hamarkada. Bigarren hamarkadan sindikatuaren kontsolidazioa etorri zen, enpresetan ordezkaritza kopuru handiak lortuaz. Hirugarren hamarkadan bagenuen Euskal Herrian ziklo berri bat irekitzeko asmoa, baina krisia sartu zer tartean eta zeharo eragin zigun. Sindikatu guztiei moztu zizkigun planak, eta krisiari erantzutera jarri behar izan ginen. Erreforma eta lan-lege berri asko egon ziren eta mekanismo guztiak jarri behar izan genituen martxan.

 

Belaunaldi aldaketa oso bat egiteko baliatu genuen kongresu hura. Laugarren hamarkada hau uste dugu badela garaia ziklo berriari ekiteko. Horregatik esaten dugu gure kongresuko leman “langileon garaia” dela. Zabaldu nahi dugun ziklo berriaren eta egin nahi ditugun berrikuntza guztien abiapuntu gisa baliatu nahi dugu kongresua. Euskal langileriak ziklo berri honetarako behar duen sindikatua sortu eta antolatzea, hori da aurrean dugun erronka.

 

 

Larrazabal: “Aukera izango dugu bai ponentzian eta baita hurrengo urteetan gure delegatu eta militanteekin hainbat kontzepturen inguruan hitz egiteko: zaintzari buruz, hainbat genero ikuspunturi buruz, erreprodukzio sozialari buruz ere hitz egiten ari gara, burujabetzaren inguruan ere... uste dut erronka polita daukagula aurretik”

 

 

I.L.: Ekainean dugu kongresua. Hamalaugarrena izango da. Kongresuan egongo diren delegatuak datozen lau urteei begira eginiko ponentziak lantzen ari dira une honetan, testua hobetzeari begira. Datozen lau urteetarako ildo nagusiak berdinak izaten jarraituko dutela esango nuke: austeritateari eta erreformei aurre egitea... baina aukera izango dugu bai ponentzian eta baita hurrengo urteetan gure delegatu eta militanteekin hainbat kontzepturen inguruan hitz egiteko: zaintzari buruz, hainbat genero ikuspunturi buruz, erreprodukzio sozialari buruz ere hitz egiten ari gara, burujabetzaren inguruan ere... uste dut erronka polita daukagula aurretik. Antolakuntzan ere gauza asko ditugu oraindik egiteko, beti daude gauzak egiteke.

 

 

Garcia: “ELA eta LABek dakigu ez dela akordio orokor bat egongo mahai nazionaletan erabaki eta ezarriko dena. Modu naturalean sortu beharko dira gure arteko aliantzak, esparru zehatzetan”

 

 

Aurrerantzean ELA eta LAB elkarlanean aritzea aurreikusten duzue?

 

I.G.: Zuzendaritzak ari dira elkarrekin harremanak eta gogoeta egiten. Baina nik uste bi aldeek dakigula ez dela akordio orokor bat egongo mahai nazionaletan erabaki eta ezarriko dena. Modu naturalean sortu beharko dira aliantzak, esparru zehatzetan. Horrek emango digu aukera aurrerantzean ere elkarlanean sakontzeko. Gure oinarriek ulertu egin behar dute prozesu hori, modu naturalean eman behar da enpresetako delegatuen artean. Kongresuetara doazen ponentziek horren alde egiten dute, eta orain gure oinarriek erabaki beharko dute bidea hori den edo ez.

 

Euskal Herriko langileriaren beharrei erantzun nahi baldin badiogu eta zabaltzen ari de ziklo berri honetan eragin nahi badugu beharrezkoa dugu elkarlan bat. Gure oinarriek hori berresten badute sakontzen joango gara bide horretan.

 

I.L.: Lanean ari dira zuzendaritzak, bilerak egiten. Argi dugu mobilizazio bidez lortu behar ditugula planteatzen ditugun gauzak. Jendea kalean egotea behar dugu, aldarrikapenak plazaratzen. Horretarako oso garrantzitsuak dira aliantzak, argi dago.

 

Zer ezberdintasun dago ELA eta LABen artean?

 

I.G.: Egia da oraindik baditugula findu beharreko harreman batzuk. Eremu sozialean ez da eten gure arteko harremana, gutun soziala lantzen gabiltza beste eragile politiko eta sozialekin batera. Hori bada orain bi sindikatuontzako indargune bat.

 

Egia da estrategia sindikalean baditugula desadostasunak edo gauzak egiteko modu ezberdinak: lantegietan zein negoziazioan. Baina uste dugu horietatik harago ere heldu gaitezkeela zenbait elkarlanetara. Baditugu komunean hainbat aldarrikapen: 35 orduko lan-asteak, 1.200 euroko soldata minimoa... gauza horiekin ere joan gaitezke enpresetan gauza komunak egiten.

 

 

Garcia: “Alor politikoan egia da oraindik ez daukagula irakurketa partekatu bat sindikalgintzak Euskal Herrian zabaltzear dagoen ziklo berrian izango duen paperaren inguruan”

 

 

Alor politikoan egia da oraindik ez daukagula irakurketa partekatu bat sindikalgintzak Euskal Herrian zabaltzear dagoen ziklo berrian izango duen paperaren inguruan. Bakoitzak bere gogoeta dauka. Ez du esan nahi gogoeta horiek elkarren aretan kontrajarriak direnik; gauza batzuetan ados egongo gara eta beste batzuetan ez. Bide horretan sakondu eta hausnarketak partekatu behar ditugu. Hori da urte hauetako erronka.

 

 

Larrazabal: “Beharrezkoa da burujabetza prozesua eta prozesu soziala elkarrekin joatea”

 

 

I.L.: Nik esango nuke negoziazio kolektiboan ditugula ikuspuntu estrategiko ezberdinak. Guretzat oso garrantzitsua da azpimarratzea beharrezkoa dela burujabetza prozesuarekin batera prozesu soziala egin behar dugula, aldi berean joan behar dira.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide