Gwa Ya taldeak Trebufestival jaialdiko saria ekarri du eskualdera. Bertan jo zuten asteburuan eta epaimahaiak erabaki du Aiaraldeko musikariak saritzea, aritutako 27ren artean.
Ez zekiten lehiaketa zegoela
Ezustekoa izan da aiaraldearrentzat saria, izan ere, taldekideek ez zekiten lehiaketa zegoela: "Ezagunak genituen Trebujenan eta horien bitartez izan genuen aukera jotzeko."
Sariarekin dirua jaso ez ezik, berriro ere parada izango dute Trebujenan emanaldia egiteko.
Palestinako apartheidaren aurkako jaialdia
Gwa Yako kideek nabarmendu nahi izan dute Trebufestivaleko izaera herrikoia eta solidarioa. Berez, udalbatzak izendatu du aurten Apartheid Israeldarraren aurkako Espazio Kulturala, Palestinako herriari elkartasuna adierazteko. "Trebujena Cadizko herria da eta Marinaledarekin antz handia dauka. Jaialdian auzolana handia da, herri guztiak laguntzen baitu".
Gainera, kultura hainbat esparrutan lantzen dute Trebujenan: literatura, musika, margolaritza, zirkua... eta ekintza guztiak kalean dira, doan. "Guk plaza batean jo genuen. Gune gehiago zegoen eta epaimahaia mugitzen zen talde oro ikusteko" azaldu dute Gwa Yako kideek.
Steven Spielberg Trebujenan
Horrez gain, Trebujenak ospatu du duela 30 urte Steven Spielbergek han grabatu zuela "Empire of the sun" filmea eta extra lanetan aritu ziren antzezleen topaketak gauzatu dituzte, besteak beste.