Bihar argitaratuko da "Aiaraldea Hemen" hamabostekariaren lehen zenbakia

Izar Mendiguren Cosgaya 2017ko api. 25a, 17:08

40 orrikoa izango da bihar argitaratuko den ale berezia. Diseinuaz gain, atal berriak izango ditu.

"Aiaraldea aldatzen ari gara" prozesuak jauzi berria eman du. Urte hasieran berritu zen webgunea zein sakelakoetarako aplikazioa eta apirilaren 26an aurkeztuko da papereko edizio berria. Hala, 16 orri beharrean 24 izango ditu hemendik aurrera. Diseinuaz gain, atalak egokitu dira, baita berriak sortu ere. Horren adibide da "Aiaraldea Txiki" gunea; haurrei bideratutako edukiak eta jolasak bilduko ditu egunkarian eta webgunean.

Kalitatea hobetzeko asmoz, hainbat gai landuko dira sakonean, elkarrizketa eta erreportajeen bidez. Bestalde, agenda poster formatuan argitaratuko da, erabilgarritasuna areagotzeko. "Herriko plaza" ere moldatuko da, zorion-agurrekin batera lan eskaintzak, zozketak, denborapasak eta hilberriak azalduko baitira.

Iritzi sailean ere apustu sendoa egin du hedabideak, gai baten bueltan bi adituren ikuspegia azaleratuko baitu. Halaber, erabiltzaileek -norbanakoek zein taldeek- Komunitatearen plazan sortutako edukiek txoko propioa izango dute maiatzetik aurrera.

Ale berezia
Berezia eta luzea izango da Aiaraldea Egunkariaren 68. argitalpena. Izan ere, 16 orriko Hezkuntza gehigarria barne hartuko du; eta, hortaz, 40 orri edukiko ditu.

Maiatzaren Lehena ate joka egonik, Izaskun Garcia LABeko zeharlerroetako politiken arduradunari eta Itziar Larrazabal ELAko metal arloko arduradunari eginiko elkarrizketa sakona irakurtzeko parada izango du irakurleak.

Aiarako, San Joseko eta Urduñako jaiek ere tarte berezia izango dute; egitarauaz gain hainbat artikulu eta elkarrizketa argitaratuko baitira, horretarako espresuki prestatutako Jaien gehigarrian. Kirol alorrean, Urduñako Pitch & Putt zelaiaren irekiera izango da nagusi, baita Aiarako II. Mendi duatloia ere. Bestalde, Egoitz Bernaolak Joaquin Barbara y Balza Laudioko margolari ezagunari buruzko biografia liburua idatzi du; hori izango da kulturako orrien ardatza. Bihar eguerdian ekingo zaio ohiko banaketari. Garraio publikoetan, ordea, ohi bezala ostegunetan egongo da eskura.

 

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide