Arabako Bertsozale Elkarteak kopla saio eredua aurkeztu du. Ez edonolakoa, gainera; musikarien erritmora inprobisatu beharko baitituzte bertsoak artistek. Hala, koplaka -neurri motzean- abestuko dute ekimenean parte hartuko duten bertsolariek.
Maiatzaren 5ean ekin zioten "Altxa Kopla hori" dinamikari Araian. Bertan aritu zen kantuan Izar Mendiguren Cosgaya, besteak beste. Asier Rubiok eta Serapio Lopezek ere abestuko dute. Rubiok ekainaren 9an izango du zita Bastidan, eta Lopez ekainaren 23an egongo da Amurrion.
Saioak doakoak eta irekiak izango dira; izan ere, kalean, aire librean gauzatuko dituzte.
Artziniega eta Amurrioko saioak
Artziniega izango da Aiaraldean ikuskizun musikatua jasoko duen lehendabiziko herria, maiatzaren 26an. Alde Zaharrean arituko dira kantari Asier Otamendi, Julen Zulaika, Aroa Arrizubieta eta Unai Bengoetxea. Gai-jartzaile lanaz, aldiz, Marta Ugarte arduratuko da.
Amurrion, udako solstizioarekin bat egingo du ekimenak, ekainaren 23an izango baita saioa. Serapio Lopez baranbioarrarekin batera bertaratuko dira kaleak bertsoz girotzera Xabi Igoa, Aroa Arrizubieta eta Jon Ruiz de Pinedo.