aiaraldea.eus

Elikadura osasuntsua eta ekonomikoki onuragarriagoa mahai gainean

Erabiltzailearen aurpegia Txabi Alvarado Bañares   Jendartea  Aiaraldea

Hainbat ekimen egin dituzte Urduñako Herri Ikastetxeko haur eta gurasoek azken hilabeteetan, jantokiaren proiektua blokeatuta dagoela salatzeko. Eusko Jaurlaritzaren “borondate eza” kritikatu dute, eta azpimarratu dute horrelako egitasmoa abian jartzeak hainbat ondorio positibo ekarriko lituzkeela haurren osasunean zein hiriko ekonomiaren garapenean.

Elikadura osasuntsua eta ekonomikoki onuragarriagoa mahai gainean
Argazkiak: Jon Catalan | Ikusi handiago | Argazki originala

Jaia eta aldarrikapena uztartu zituzten atzo (maiatzak 9) otxomaioetan. Haurrentzako herri bazkaria antolatu zuten Urduñako Herri Eskolako gurasoek, Umeen Eguna zela probestuz. Nagusien Egoitzako sukaldean prestatu zuten otordua, hiriko ekoizleen produktuak baliatuta. Gernika plazaraino eraman zuten janaria gero, bertan bazkaltzeko.

Urduñako Herri Eskolako jantoki proiektua aldarrikatu zuten modu horretan. Ez da horri begira egiten duten lehen ekimena. Martxoaren 31n kalejira jendetsua egin zuten hiriko kaleetatik, eta inauterietako desfilean ere zabaldu zuten aldarria eskolako kideek. “Sukaldea prest dago dagoeneko, bi urte daramatza Nagusien Egoitzan funtzionatzen, baina Eusko Jaurlaritzak ez du eman nahi sukalde horretan Herri Ikastetxeko haurrentzako bazkaria prestatzeko baimena”, azaldu du Cristina Santa Cruz Guraso Elkarteko kideak.

Zazpi urteko ibilbidea
Aspaldiko istorioa da jantoki proiektuarena. 2009 urtean eman zituzten lehen pausoak. “Kontsumo kolektiboan tokiko produktuak txertatzeko apustua egitea erabaki zuen udalak”, oroitu du Ekoizpen erakundeko Marijo Imaz Gurrutxagak, “horretan pentsatzen hasi ginenean eskoletako jantokiak etorri zitzaizkigun burura”. Baina Urduñako Herri Ikastetxeak bazuen oztopo bat horrelako proiektua planteatzeko: ez zuen sukalderik; eta proiektuaren sustatzaileek ikusi zuten ez zela ekonomikoki bideragarria sukaldea eraikitzea.

Hori dela eta, “alternatibak bilatzeari” ekin zioten, Ekoizpen erakundeko teknikariak azaldu duenez. Eskolatik bost metrora topatu zuten soluzioa, Nagusien Egoitzan. “Bertako sukaldea udal sukalde bihurtzea bururatu zitzaigun, Urduñan dauden jantoki kolektiboentzako menuak prestatzeko”, azaldu du Imazek.

Osasun Sailera jo zuten orduan. “Bertan esan ziguten egin nahi genuen proiektua gauzatzeko sukalde zentral bat sortu behar genuela”.

Aurreproiektu bat osatu eta Eusko Jaurlaritzari aurkeztu zioten. Sukaldean obrak egiteko lizentzia eskatu zuten gero, eta lan horien aldeko txostena burutu zuen Osasun Sailak.  Gauzak hala, 2012ko udazkenean egin ziren Nagusien Etxeko sukaldea “sukalde zentral” bihurtzeko obrak, eta 2015ean hasi ziren tokiko produktuekin funtzionatzen. “Oso aldaketa handia” izan zen, Imazen aburuz. “Lehengaiak kuzinatzeko modua aldatu da, eta handitu egin da fruta kontsumoa ere, lehen fruta berde iritsi eta berehala usteltzen zelako. Sukaldarientzat ere askoz erosoagoa da produktu freskoekin lan egitea”.

Horregatik duela urtebete tramitatu zituzten inskripzio eskabideak. Horrekin bat etorri ziren oztopoak: “Osasun Sailak zioen ez genituela  sukalde zentrala izateko behar ziren paper guztiak beteta, eta desbideratzeak zeudela eurek onartutako eta guk azkenean eginikoaren artean”. Erantsi duenez, hori ez da egia: “Planoak berdinak dira”.

 

2009an ekin zioten tokiko produktuekin funtzionatuko duen jantoki zerbitzua diseinatzeko proiektua osatzeari  Urduñako Herri Ikastetxean



“Borondate eza”
“Araudian” dago arazoaren muina, Ekoizpeneko teknikariaren ustez: “Eusko Jaurlaritzatik adierazi ziguten sukalde zentrala izanez gero menuak komertzializatzeko aukera izango genuela, horregatik ezin zigutela baimenik eman”. Helburua, ordea, ez da menuak saltzea, jantoki kolektiboetan -Nagusien Egoitzan eta Ikastetxean- banatzea baizik.

Imazen esanetan, “sukalde instituzionala” egitea proposatu die orain Eusko Jaurlaritzak. Alabaina, salatu du, Osasun Saila izan zela sukalde zentrala eraikitzea proposatu zuena, “informe mesedegarria” aurkeztuta. “Gure esku uzten dute eskaera egitea. Baina gure lana da hori? edo administrazioaren esku egon beharko litzateke tokia bilatzea? Aitzakia dela uste dut, horren atzean dagoena, Eusko Jaurlaritzak ez duela proiektuaren gaineko ardurarik hartu nahi da”.

Argi dute zein den erronka eta bidea; eta eskaera berria egin dute sustatzaileek. Erantzuna sei hilabeteren bueltan jasotzea espero dute, baina Imazek azpimarratu du Eusko Jaurlaritzak erabakia “pare bat egunetan” hartu dezakeela.

“Prozesua blokeatuta dago, eta ez digute azalpenik ematen. Biltzen garenean ez dute zentzuzko ezer aipatzen”, salatu du Guraso Elkarteko kidea den  Marijose Colomino Gonzalezek, “Bost metro baino ez daude sukaldearen eta ikastetxearen artean. Catering enpresak askoz urrunagotik ekartzen du janaria”.

 

Jantokiak tokiko produktuekin funtzionatuko balu lanpostu gehiago sortuko lirateke nekazaritza alorrean, proiektuaren sustatzaileen arabera

 


Ondorio positiboak
Bi dira, funtsean, tokiko produktuekin funtzionatuko duen sukaldea nahi izatearen arrazoiak. Umeen osasunerako ondorio positiboak daude, alde batetik. “Gure seme-alabek ondo bazkaltzea nahi dugu, produktu osasungarriekin”, aldarrikatu dute Guraso Elkarteko kideek.

Bestalde, hiriko ekonomiari bultzada nabarmena emango lioke, proiektuaren sustatzaileek ziurtatu dutenez.

Frogatua dago. Nagusien Egoitza jarri dute horren adibide gisa. “Lehengaietan gastatzen diren 80.000-90.000 euroak eskualdean geratzen dira orain”, azaldu du Imazek, “Industria handi batentzat hori ez da zifra handia, baina txiki batentzako bai. Baserritar batentzat oso garrantzitsua da hilero fakturazio finkoa izatea. Modu horretan, lizitazioak irauten duen bitartean diru sarrera bat bermatuta dute, behintzat”.

 

Tamar eta Gaska zigortu zituen iaz Jaurlaritzak beste sei catering enpresekin batera, “merkatua banatzeagatik”

 

Eskualdeko egoera
Egun, catering zerbitzuaren bidez funtzionatzen dute eskualdeko ikastetxe gehienetako jantoki zerbitzuek.

2000 urtean hartu zuen Eusko Jaurlaritzak ikastetxe publikoetako jantokiak mota horretako zerbitzuen bidez soilik kudeatzeko hautua.

Hori dela eta,  catering enpresek kontrolatzen dituzte eskualdeko jantokietako menuen % 72,89.
Tamar enpresak kudeatzen du menuen % 51,59, Gaska enpresak % 16,8 eta Gure Etxeak % 4,5.
Aipatzekoa da Gaska eta Tamar enpresei isuna jarri ziela Eusko Jaurlaritzak iaz. 18,4 milioi euro ordaintzeko eskaerarekin zigortu zitzuten bi enpresa horiek, beste seirekin batera;  merkatua banatzea eta jokabide irregularra izatea egotzita.

 

Eskualdean hiru eskolek baino ez dute sukalde eta menu propioa: Aresketa Ikastola, Laudio Ikastola eta Antzinako Andra Mari



Sukalde propiodun eskolak
Hala ere, badaude menu propioak prestatzen dituzten heziguneak ere. Amurrioko Aresketa Ikastolan, Laudio Ikastolan eta Urduñako Andra Mari Ikastetxean, esaterako, sukaldariak dira produktuak erosi eta otorduak prestatzeaz arduratzen direnak.

Berezia da, halaber, Amurrioko Tantaka haurreskolaren kasua. Eskola horretako haurrek termoan eramaten duten bazkaria etxetik, eta eskolako jantokian bazkaltzen dute. Ez dira zifra txikiak, beraz, jantokienak: eskualdeko 3425 ikaslek erabiltzen dute zerbitzua (% 60,71k).

Zer gertatuko litzateke ikastetxe horiek guztiak tokiko produktuekin funtzionatzera igaroko balira? Imazek argi du: “Lanpostu gehiago sortuko lirateke nekazaritza alorrean, eta komertzio txikietako lanpostuak ere mantenduko lirateke”.

Bazkariaren prezioan aldaketarik ez

EAEko ikastetxe gehienetan catering zerbitzua da nagusi, baina badaude salbuespenak. Larrabetzuko Eskolak hamarkadak daramatza tokiko ekoizleen produktuekin lan egiten, menuaren prezioa garestitu gabe.

Catering zerbitzua da nagusi EAEko ikastetxeetan, Eusko Jaurlaritzak horren aldeko apustua egin baitzuen 2000 urtean. Hala ere, badaude salbuespenak. Proiektu pilotoak abiaraztea onartu zuen 2013an Hezkuntza Sailak lau ikastetxe publikotan, Urduñakoa tartean.

Proiektu piloto horien bidez hasi ziren Gernika-Lumoko Allende Salazar ikastetxean tokiko produktuak erabiltzen. “Menuak goitik behera berregin behar izan ditugu”, azaldu du bertako Guraso Elkarteko kidea den David Zelaia Zugadik. 12 lotetan banatu zituzten menuak osatzeko baliatu beharreko produktuak, eta epaimahai baten bidez hautatu zituzten lote horiek hornituko zituzten tokiko ekoizleak.  

Aldaketa nabaritu dutela ziurtatu du Zelaiak. “Umeak gu baino hobeto jaten ari dira”. Ume bati yogurtarekin gertatutakoa ekarri du gogora Guraso Elkarteko kideak: “Gurasoei esan zien ez zuela supermerkatuko yogur gehiagorik nahi, jantokian zerbitzatzen zutena zuela soilik gustuko”.Prezioan, baina, ez da aldaketarik eman: 4,6 eurokoa izaten jarraitzen du salneurriak. Menua tokiko produktuekin osatzeak ez du menua garestitu, hortaz. Horren arrazoia sinplea dela defendatu du Zigadik: “Ez dugu bitartekaririk ez eta irabazteko asmorik, negozio bat kendu dugu jantoki publiko batetik”.



Larrabetzuko eskola, eredu
Baina tokiko produktuen erabileran erreferentea den eskola jantokirik badago, Larrabetzukoa da. Eskola sortu zenetik (1978tik) daramate eredu hori sustatu eta defendatzen. “2008 urtean, Eusko Jaurlaritzak behartuta, gure gain hartu behar izan genuen jantoki zerbitzuaren kudeaketa integrala”, adierazi dute eskolako Guraso Elkarteko kideek, “duda eta beldur handiak egon ziren, baina gaur egun hezkuntza komunitate osoak defendatzen du eredua”.

Ondorio ekonomiko positiboak dakartza, nabarmendu dutenez: “Zerbitzuaren gastu orokorraren % 81 geratzen da herrian”. Antzeko fenomenoa gertatu da Gernikan ere. “Nabaritu dugu inpaktu ekonomikoa”, ziurtatu du Zugadik, “lanpostu batzuk egonkortu eta berriak sortu dira. Imajinatu zer nolako aldaketak egongo liratekeen eskualdeko ikastetxe guztiek eredu honekin funtzionatuko balute”.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu


Twitter ikonoa Facebook ikonoa