Aiarako Kuadrillaren osoko bilkuran landu zuten gaia atzo. Gentza Alamillo Aiaraturreko presidenteak azaldu du asmoa dela elkartea desagertzea kuadrilla osatzeko, bere ardurak erakundeak kudeatu ditzan.
Momentuz, txosten juridikoa prestatzen ari dira eta erabakitzeke dago oraindik zein izango den kuadrillak hartuko dituen langileak eta egitura. Momentuz, Laudioko turismo bulegoa kudeatzen zuen enpresak utzi dio zerbitzua eskaintzeari modu aldebakarrean.
Aiaratur erakunde publiko eta pribatua izanik, Gentza Alamillok argitu du esparru pribatuarekin elkarlanean jarraituko dutela hitzarmenen bidez.
Kuadrilla epaitegira
Modu berean, atzoko bilkuran Aiarako Kuadrillak jorratu zuen astelehenean izango duen epaiketa. Langile batek salatu du autonomo moduan egon dela kontratatuta denbora luzez erakundean, eta postua eskatu du.
Erakundeak onartu du kontratazioa ez zegoela ondo eginda eta atzo sortu zuen lanpostua langile zerrenda publikoan. Beharginak jarraituko du bertan, behin betiko oposizioa deitu arte, gutxienez.