Aiaraldeko ikastetxe publikoetako langileen gehiengoa batu da biharko grebara

Txabi Alvarado Bañares 2017ko mai. 15a, 11:52

Martxoaren 22ko greban Bilbon eginiko mobilizazioaren irudia. / Uriola.eus

Datorren astean beste greba bat egingo dute, Eusko Jaurlaritzari hainbat aldarrikapen plazaratzeko.

Greba deitu dute bihar hezkuntza publikoan ELA, LAB eta STEILAS sindikatuek. Aiaraldeko ikastetxeko publikoetako langileen gehiengoak egin du bat deialdiarekin, Aiaraldea Gaur-ek jakin ahal izan duenez. Behin betiko parte hartze datuak ez dira bihar arte jakingo, posible delako azken unean grebara irakasle gehiago batzea.

Gauzak hala, eskualdeko eskola askotan izango du eragina grebak: Lamuzan, Latiorron, Okondoko Eskolan, Laudio BHI-n, Zaraobe Institutuan, Zabalekon, Lucas Reyn, Urduñako Herri Ikastetxean, Etxaurren Ikastolan, Artziniegako Arteko Gure Aman, Orozkoko Eskolan, Aretako Fabian Legorburun eta Arrankudiagako eskolan. Zerbitzu minimoak egongo dira ikastetxe horietan guztietan, legeak hala agintzen baitu.

Mobilizazioa larunbatean eta bigarren greba eguna 23an
Martxoaren 22an egin zuten azkeneko greba hiru sindikatuek hezkuntza publikoan. “Oso jarraipen zabala” izan zuen ekimenak, antolatzaileen arabera. Horren ostean Hezkuntza Sailarekin bildu ziren langileen ordezkariak, ondorengo eskaerak egiteko:

  • Hezkuntza inbertsioa handitzea (Europar Batasuneko bataz-bestekoa progresiboki iritsiz).
  • Langile kopurua handitzea, gutxienez 2.000.
  • Bataz-besteko ia % 40ko behin-behinekotasuna (% 38 irakasleetan, % 57 haurreskoletan, % 58 Heziketa Berezian eta % 63 Sukalde eta Garbiketan), % 6ra murrizteko premia. Horretarako 6.000tik gora lanpostu egonkortu behar dira hainbat kolektiboetan.
  • Gelako ikasle kopurua % 10 murriztea.
  • Hezkuntzako langileen eroste ahalmena berreskuratzea.
  • Ordezkapenak lehen egunetik egitea.
  • Bajak lehen egunetik bere osotasunean ordaintzea.
  • Erretiroa erraztu eta laguntzeko neurriak berreskuratzea.
  • LOMCE Euskal Herriko gure ikastetxeetatik ateratzea eta honen moldaketa hutsa den Heziberri bertan behera uztea.
  • Hezkuntzaren merkantilizazioa alde batera uztea, egungo desorekak gaindituz hezkuntza garapen pertsonal eta sozial integralerako tresna izan dadin (kohesio soziala, integrazioa, aniztasuna, berdintasuna, hezkidetza oinarri).
  • Ikasle euskaldun eleaniztunak sortuko dituen euskarazko murgiltze eredua garatzea.
  • Balizko Hezkuntza legearen aurrean sindikatu, hezkuntza eragile eta herritarren parte hartzea eta iritzia aintzakotzat hartzea.


Hezkuntza Sailak, baina, ez die aldarrikapenei kasurik egin, sindikatuek salatu dutenez. “Eusko Jaurlaritzak ez du benetako negoziaziorik abiatzeko asmorik agertu”. Horregatik deitu dute biharko greba, eta ez da azkena izango: datorren asteko asteartean berriz egingo dute. Larunbat honetan, aldiz, mobilizazioak egingo dituzte Bilbon (Jesusen Bihotza), Gasteizen (Bilbo Plaza) eta Donostian (Boulevard), 12:00etan. Langileei ez ezik, familiei ere luzatu diete manifestazio horietan parte hartzeko gonbita.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide