"Ziurtasun gehiago izango lukete emakume askok borroka arteak egingo balituzte"

Aitor Aspuru Saez 2017ko mai. 24a, 07:25

SARA BARBERO (Urduña) eta JULEN ALDAMA (Amurrio) Cape Team klubeko kideak dira. Larunbatean ringera igoko dira Euskal Herria-Eskozia borrokaldian.

Maiatzaren 27an ringera igoko zarete, zer nolako sentsazioak dituzue?

Sara: Oso urduri nago, egia esanda, ringean borrokatuko dudan lehen aldia izanda, zer gerta daitekeen jakin nahi dut.

Asmoa disfrutatzea da, baina irabazteko asmoarekin noa. Hala ere, zer edo zer txarto badoa, ondo pasatuko dut ziur.

Julen: Sentsazioak onak dira, data hurbiltzen den heinean urduritasuna agertuko da.

Euskal Herria-Eskozia borrokaldia izango da, berezia da horregatik?

S: Berezia bai, bi herri elkartzea ez da erraza, eta haien kontra borrokatzea oso esperientzia esanguratsua izango da, hobeto entrena dezagun.

J: Bereziena izango da etxetik hurbil dela eta jende ezagun gehiago egongo dela. Horrek baldintzatuko gaitu eta presio apur bat gehiago sartu.

Sara, zu lehen aldiz igoko zara ringera, zein da zure helburua?

S: Asmoa irabaztea da beti, horretarako entrenatzen dut astero, beti errespetuz eta kirol esparruko pertsona izanda, baina bereziki esperientzia honetatik asko ikasteko asmoa daukat. Espero dut urduritasunak alde egitea eta gozatzea.

Julen, zein izan da zure esperientzia ringaren gainean orain arte?

J: Igo naizen aldi guztietan disfrutatu dut eta pozik bukatu dut. Garrantzitsuena da inoiz ez dudala lesio larririk izan.

K-1 eta Full Contact kirol oso fisikoak dira, agerikoa da, baina borroka arteak praktikatzeko psikologikoki ere prest egon beharra dago, azalduko duzue zergatik?

J: Kirol guztietan bezala, aldagai psikologikoa oso garrantzitsua da, zure buruarengan konfiantza osoa izan behar duzu.

Nola hasi zineten diziplina horietan? Argituko duzue zeintzuk diren K-1 eta Full Contact-en arteko ezberdintasunak?

S: Oso txikia nintzenean beste diziplina batean hasi nintzen, eta oso gustuko nuen astero entrenatzera joatea. Kontzentrazioa hobetzen asko lagundu ninduen.

J: K-1 eta Kick Boxinga oso antzekoak dira. Ukabilak erabiltzen dira boxeoan bezala eta, gainera, belaunekin eta berna-bizkarrarekin jo daiteke ia gorputz osoan. Full Contacten, ordea, jotzeko aukera dago bakarrik gerritik gora.

Kirola berez, bortitza da, baina nolakoak dira borrokalarien arteko harremanak eta borrokaldien giroa?

S: Kontuan izan behar dugu beste edozein kirola bezalakoa dela. Guztiok errespetuz borrokatzen dugu. Askok ikusiko dute Amurrion zer nolako giro polita sortzen den bertan.

J: Borroka baino lehen tentsioa eta urduritasuna daude, baina behin bukatu eta gero, zure arerioarekin hitz egiten duzu eta giro oso ona dago.

Kirol horietan lesioak bestelakoetan baino arruntagoak dira?

S: Lesioak bizitzaren parte dira, honetan bereziki, ubeldurak bildumatzen ditugu, baina inoiz ez dut lesio garrantzitsurik sufritu.

J: Borroka kirola da eta arriskua handiagoa da, lehiatu eta gero gorputz atalen batean mina daukazu.

Emakumezko borrokalaria izatea zaila da? Kirolaren giroa aproposa da?

S: Emakumezko gutxi daude, suposatzen dut ezaguna ez delako. Asko ziurrago sentituko lirateke praktikatuz, nire gonbidapena daukazue proba egiteko!

Sara, nolakoa da jendearen erantzuna esaten duzunean borrokalaria zarela? Estereotipo asko dago oraindik borroka arteen inguruan?

S: Gutxik dakite borrokalaria naizela, jendeak espero du emakume-gizona izatea da, lagunek flipatzen dute eta aitak zein amak imajinatu... Bi alaba dituzte: bat borrokalaria eta bestea motor gidaria...

Zer esan nahi diozue jendeari Amurrioko borrokaldira joan dadin?

S: Mundu guztia etortzea gustatuko litzaidake. Agresibitaterik ez da inondik ere sumatuko, eta oso ikusgarria izango da, benetan.     

J: Aukera egongo da zerbait ezberdina ikusteko, eta etxetik hurbil. Gainera, gogoko badute, gurekin entrenatzera etor daitezke.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide