Protesta eta adierazpen instituzionala, Murgako lan heriotza salatzeko

Erredakzioa 2017ko eka. 1a, 11:03

Margoketak egin dituzte argindar estazioko atarian.

Aiarako Udalak adierazpen instituzionala plazaratu du eta Gehiengo Sindikalak elkarretaratzea egin du Amurrion 12:00etan. Horrez gain, Iberdrolaren Laudioko egoitza margotu du ezezagun talde batek. Murgako argindar estazioko atean ere egin dituzte margoketak.

22 urteko langile bat hil zen atzo Murgako argindar estazioan elektrokutatuta. Iberdrolak azpikontratatutako Fatsur Servicios Integrales S.L. enpresan egiten zuen lan. Ez zen izan atzo Euskal Herrian hildako langile bakarra: Urretxun beste langile bat zendu zen andamiotik erorita. ACRk azpikontratatutako Fateven Construcciones SL enpresaren kontratupean zegoen behargina. 

Murgako lan-heriotzak hainbat erreakzio eragin ditu eskualdean. Laudioko Iberdrolaren egoitza gorriz margotuta esnatu da gaur, eta bulegoaren atea itxi behar izan dute horren ondorioz.



Aiarako Udalak, bere aldetik, adierazpen instituzionala plazaratu du, talde politiko guztien adostasunarekin. Udalak elkartasuna adierazi nahi izan die bi lan istripuetan hildako langileen familiei, eta gaur egin diren mobilizazioetan parte hartzeko deia luzatu du. Gertatu dena argitzeko balibide guztiak mahai gainean jartzea eskatu dio tokiko erakundeak Osalani, "behar diren neurriak hartzeko". "Egoera hau ez da gizarte moderno baten eredugarria, eta askoz gehiago larriagotzen da langileen lan-baldintzak prekariezatzen dituen lan-politika honekin".

Elkarretaratzea Amurrion
Bestalde, elkarretaratzea egin du gaur eguerdian Amurrion Gehiengo Sindikalak (ELA, LAB, ESK, STEILAS, EHNE eta HIRU). Gertatutakoaren harira ateratako irakurketan sindikatuek adierazi dute heriotza hauek “ez direla kasualitatea”.  “Beste behin azpimarratu nahi dugu prekarietatea dela lan ezbeharren oinarrian dagoen egiturazko arazoa: azpikontratazioak, aldibaterakotasunak, formakuntzarik ezak, lan erritmo biziak... guzti honek lan istripua izateko aukerak biderkatu egiten ditu”.



Hori dela eta, Osalani eta Lan Ikuskaritzari eskatu diete “gertatutakoaren inguruko ikerketa sakona” egiteko, “egon daitezkeen erantzunkizunak argitzeko”. Horretaz gain, Eusko Jaurlaritzari exijitu diote lan-osasun eta enplegu politikak “goitik behera” aldatzea,  “kalitatezko enpleguaren alde eginez eta lan osasunera baliabide gehiago bideratuaz”.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide