Laudion eta Amurrion zurrumurruen aurkako taldeak gidatzen aritu zara. Nolatan?
Cear-Euskadi erakundetik Arabako Foru Aldundiarekin batera sustatu dugu proiektua.
Egitasmoak Bartzelonan du jatorria, kulturen kontrako zurrumurru eta aurreiritziei aurre egiteko dinamika proposatu baitzuten bertan: pertsonak trebatu eta informatzea, problematikari aurre egiteko agente aktibo bilaka daitezen.
Jende asko hurbildu da saioetara. Aniztasuna izan da nagusi partaideen artean, bai adinari dagokionez eta baita sexuari edo jatorriari erreparatuta ere. Hainbat kulturetako lagunak bildu dira, ikastetxeetako Guraso Elkarteetako kideak, gazteak, udal langileak, politikariak...
"Jende asko hurbildu da saioetara. Aniztasuna izan da nagusi partaideen artean, bai adinari dagokionez eta baita sexuari edo jatorriari erreparatuta ere"
“ErreAkzio” positiboak bilatu dituzue. Egungo bizimoduarekin, zelan lor liteke hori?
Batetik zurrumurruen kontrako tailerrak egin ditugu, aurreiritzi xenofoboen inguruko oinarri teorikoa lantzeko eta komunikazio estrategiak ikasteko.
Asmoa da norbere herrian zurrumurruen kontrako agentea bihurtzea. Zentzu horretan, Laudion eta Amurrion osatutako sareek ekintza bikoitza egingo dute ekainaren 17an, “Zurrumurruen aurkako bizilagunak” lemapean. Arabako zenbait herritan ere gauzatu dute. Eremu ugaritako pertsonek hartu dute parte, izan ere, bizilagunekin oso konprometitua dagoen jendea dago oraindik ere, zorionez.
Zergatik dira garrantzitsuak era honetako ekimenak?
Zurrumurru xenofoboek gure bizilagunen duintasunaren aurka egiten dute, eta horiek eteteko ezinbestekoak dira estrategiak.
Iritzi zapaltzaileen aurrean zutitzeko ordua da, herritarrak aktibatu eta uste ustelen aurka inplikatzekoa. Horretarako ezinbestekoa da prestakuntza. Horregatik, tailer hauen bidez zurrumurruak deseraikitzeko emozio eta arrazoiei heltzen diegu. Era honetan, besteak beste, kultur aniztasuna haserretu gabe defendatzeko gomendioak zabaldu ditugu, jakin baitakigu oinarrizko giza eskubideak kaltetzen dituztela zurrumurruek.
Emozioak sortzea eta arrazoiak ematea da gakoa, beraz.
Bi elementu horiek osatzen dituzte zurrumurru xenofoboak, baita bakoitzaren bizitza ere. Efektu biderkatzailea bilatzen dugu, herritarrak izatea eremu honetako adituak eta jendartea sentsibilizatuko dutenak, kulturen arteko elkarbizitza eta kohesio soziala areagotzeko.
"Iritzi zapaltzaileen aurrean zutitzeko ordua da"
Zeintzuk dira jendartean errotuta dauden zurrumurru nagusienak?
Zurrumurru orokorren artean nagusia da etorkinek krisiaren errua dutenarena. Diru-kutxa publikoa xahutzea leporatzen diete, gizarte laguntzez abusatzea, edo elikadura banaketa zerbitzuez. Batzuk uste dute lana kentzera etorri direla, lan gutxi dagoela argudiatuta. Beste askok, delinkuentziarekin lotzen dituzte etorri-berriak. Kulturak gutxiesteko helburua dute zurrumurruek. Denetarik entzuten da: 200 euro jasotzen dutela emakume musulmanek islamiar oihala eramateagatik, Latinoamerikako emakumeek berdintasunerako bidea oztopatzen dutela etxebizitza eta zaintza eremuetan ohitura matxistak onartzeagatik... Zentzugabeak dira uste gehienak, txinatar komunitatearen kontrakoa kasu: bada jendea uste duena kaleetan ez dagoela agure txinatarik jatetxeetan jateko zerbitzatzen dituztelako.
Dudarik gabe, negatiboki eragiten dute zurrumurru guztiek, eta gainera, informazio faltsua dira; kultura gutxitu zein jatorri ezberdinetako pertsonei kontra egiteko gezurrak.
"Zurrumurru orokorren artean nagusia da etorkinek krisiaren errua dutenarena. Diru-kutxa publikoa xahutzea leporatzen diete, gizarte laguntzez abusatzea, edo elikadura banaketa zerbitzuez"
Hezkuntza alorrean, zer egin liteke egoerari buelta emateko?
Eskolaz kanpo egin daitekeen berdina, kulturen arteko elkarbizitza guztion zeregina da, horregatik dira garrantzitsuak herritarren sentsiblizazioa eta kontzientziazioa; baita gizarte heziketa ere. Tailerren bidez zurrumurruei aurre egiteko estrategiak jendarteratu ditugu Aiarako Kuadrillan.
Eta sozialki? Zer egin dezakegu herritarrok gure egunerokoan?
Lehenik eta behin informatzea, eta ez barneratzea gure bizilagunen inguruan kalean dauden zurrumurru xenofoboak. Usteak zabaldu baino lehenago informazio benetako den galdetzea da lehen pausoa, zein den informazio iturria konturatzea, berau esateagatik ea norbait minduko dugun pentsatzea, zer lortzen den horrekin jakitea...
Egungo politikek kultura gutxituei mesede ala kalte, zer egiten diete? Zein pauso falta da ematea?
Nire ustez luzea da oraindik egitekoen zerrenda edo bidea. Gobernuek inbertsio soziala murrizten jarraitzen dute, Diru Sarrera Barnetzeko Errentarekin (RGI) bezala. Krisi garaietan “bakoitzak ahal duena egin dezala” izaten da esaldi nagusia, horregatik jotzen da pertsonarik ahulenak errudun bilakatzera; gorago daudenei begiratu ordez, korrupzio kasuak eguneroko ogia direnean.